- 9 pelikula programatu dira, 2022ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian 7 sari jaso zituztenak
Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidorrera itzuliko da martxoaren 6, 7 eta 8an. Mendi Tourraren 13. edizioa da Tolosan, saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute berriz ere.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Tolosako programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 15. edizioko 9 film eskainiko dira, Mendi Filmeko 7 sari jaso zituztenak, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Tolosako aurtengo programazioak.
Sari Nagusia jaso zuen “An Accidental Life” hasteko. Henna Taylor zuzendariaren lana, eta protagonista nagusi indartsu bat: Quinn Brett, Yosemiten eskalatzen ari zela istripu larria jasan eta harrez geroztik paraplegia duen emakumea.
Nabarmendu, baita ere, bina sari jasotako “Egoland” eta “Agur Artzai”. Stop-motion teknika erabiliz eginiko animazio laburmetraia da lehena, alpinismoa eta iruzurra umore puntu batekin uztartzen dituena, Ikusleen saria eta Epaimahaiaren aipamen berezia jaso zituen Mendi Filmen. Julen Zubiete zuzendari bizkaitarrarena da “Agur Artzai”, Jose Ereñoren erretratu goxo bat, Gorbeiako artzain erretiratua; Euskarazko film onena eta Gazte epaimahaiaren saria jaso zituen.
Tofol Castanyer korrikalari ezagunari buruzko pelikula, “El corredor infinit”, mendian lasterka ibiltzen den orok ikusi beharreko lana da. Kirol eta Abentura film onenaren saria jaso zuen Mendi Filmen.
Eta “This is Beth” da beste film saridunetako bat, Beth Roden eskalatzaile estatubatuarrari buruzko lan bikaina. Bere garaian, Tommy Caldwell senar zuela, sekulako balentriak lortutako atleta, egun, berrogehi urteak bete berritan, berriro oso maila onean ari dena, behin atzea mamu asko utzita: anorexia, presioa, obsesioa, buru-borrokak… Epaimahaikideen saria jaso zuen Bilbon.
Michael Dillon zuzendari australiarraren “Everest Sea to Summit” ere harribitxi zinematografiko bat da, mendiko zinemaren historiako filmik sarituenetako bat, 1992an ekoitzia. Duela bi hilabete pasatxo egin zen Mendi Filmen Michael Dillonek International Alliance for Mountain Film elkartearen 2022ko Sari Nagusia jaso zuen saio berean programatu zen pelikula, eta ikusleak liluratu zituen.
Tolosako Udalak, Kirol eta Kultura departamentuen bidez, babestu du, beste behin Leidorren egingo den Mendi Tourra, eta orain arteko edizio guztietan bezala, bidaide fidela du babesletza horretan, TolosaGasa. EITB taldea batu da aurten Mendi Tourraren babesle sokadan.
MENDI TOUR TOLOSA 2023 EGITARAUA
- Saioak 19:30ean hasiko dira.
- Sarrerak Leidorko leihatilan nahiz on-line eskuratu daitezke.
- Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta.
- Zeinu hizkuntza interpretazioa eskainiko da pelikulen aurkezpenetan.
Martxoak 6 astelehena
EITB Euskarazko Film Onena + Gazte Saria Film labur onenari
AGUR ARTZAI
Azkenetan den bizimodu bat erretratu nahian, Julen, Gorbeian geratzen diren azken artzainetako batengana hurbilduko da, Joserengana. Elkarrekin konpartituko duten denboran iraganerako ateak irekita geratuko dira atzean utzitakoari erreparatzeko.
*Iraupena 27’ / Jatorrizko bertsioa: euskara / Azpit: ES
Epaimaiakideen Aipamen Berezia + Ikusleen Saria
EGOLAND
The Great Troll mendiaren gailurrera iristear daude Marek Molek eta Bruno Grassi, artean inork eskalatu gabeko mendia. Baina, ekaitz erauntsi betean, indarrak ahituta, eta elur baldintza eskasekin, gailurrera iritsi ezinik geratuko dira, bertatik bertara eduki arren. Eztabaida piztuko da bien artean: egia kontatu ala ez. Stop-motion animazioa.
*Iraupena 19’ / Jatorrizko bertsioa: hitzik gabea
Sail Ofiziala
A BAFFIN VACATION
Erik Boomer eta Sarah McNair-Landry 45 eguneko espedizio batean murgilduko dira Baffin irlako paraje urrun eta galduetan barrena. Eskalatzeko horma ikusgarriak eta ur-lasterretako kayakean nabigatzeko ibai esploratu-gabeak aurkitzea dute helburu.
*Iraupena 12’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
Kirol eta Abentura Film Onena
TÒFOL CASTANYER, EL CORREDOR INFINIT
Tòfol Castanyer, korrikalari mugagabea, mendietako erregea. Haren nortasun handian barrena eginiko ibilbidea da hau. Mendiko lasterkarien aitzindaria, benetako heroi bat, ezezaguna, atleta isila, baina kirol-profesional onenen eta ospetsuenen maila berekoa.
*Iraupena 48’ / Jatorrizko bertsioa: katalana / Azpit: EU-ES
Martxoak 7 asteartea
Sail Ofiziala
ADRENALINE SUCKS
Matthias Giraud eskiatzaile eta BASE jauzilari ezagunak abentura kirolei buruz duen ikuspegia esplikatuko du, eta argituko du zergatik ez duen bere burua “adrenalinaren menpeko” jotzen.
*Iraupena 12’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
Sail Ofiziala
FREE RIDER
Sam Anthamatten (eskia) eta Victor de Le Rue (snowboarda) Alaskako bazter basatienean muga berrien bila. Helburua: horma bertikalak konkistatzea konpromiso handiko bideetan, zein baino zein muturrekoagoa.
*Iraupena 33’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa/frantsesa / Azpit: EU-ES
(1992) Zuz: Michael Dillon IAMF Grand Prix 2022
EVEREST SEA TO SUMMIT
Mendiko zinemaren historian izan den filmarik sarituenetakoa. Tim Macartney-Snape alpinista australiarra Everest gailurrera oxigenorik gabe igo zen 1984an. Haren lagun Michael Dillon zinegilea, ordea, ez zuen balentria hark harritu. Hala esan zion: “Mendiaren garaiera itsas-mailatik neurtzen da, beraz behar bezala igo duzula esan ahal izateko handik abiatu beharko zenuke”. Macartney-Snape izan zen lortzen lehena, 1990ean.
*Iraupena 59’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
Martxoak 8 asteazkena
Epaimahaiaren Saria
THIS IS BETH
Beth Rodden eskalatzailearen ibilbide arrakastatsuak, errealitate gogorra du ezkutuan: gorputz-itxurarekin eta barne-hizketaldi krudelekin borroka betean bizi izan da. Dinamika suntsitzaile hori eraldatzen asmatu eta, eskaladari eta bere buruari zor dion maitasuna berraurkitu du, ordea.
*Iraupena 18’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
Sari Nagusia
AN ACCIDENTAL LIFE
Quinn Brett-ek eskalada istripu larria jasan zuen El Capitanen, Yosemiten, 2017ko urriaren 11n. Gertatutakoaren berri konta dezake, mirariz eutsi baitzion bizirik, baina gerriz behera elbarri geratu zen eta horri aurre egiten ikasi behar izan du geroztik.
*Iraupena 86’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
Mendi Tour 2023
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia abenduan egin ohi da, 10 egunez. 2022ko edizioan mendi gaiei lotutako 59 filmek parte hartu zuten, horietatik 16 nazioarteko estreinaldiak. Mendi zinemagintzaren industrian erreferente handia da Mendi Film.
Segidako urtean Euskal Herrian abiatu eta Espainia osoko hiri eta herrietara zabaltzen den mostra ibiltaria da Mendi Tourra, urtarrilean hasi eta azarora bitartean 50-60 hitzordu eta 150 saio inguru eskainiz. Abenduan Bilbon bizitzen den festaren eragina urte osora zabaltzen da beraz, mendiko zinema zaleei pelikula txalotuenak ‘etxera’ eramanez.