Miserikordia Zaharreko atsedenlekua berreskuratuko dute 16 gaztek auzolandegian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/07/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Uztailaren 16etik 30era luzatuko da taldearen egonaldia Tolosan
  • 18 eta 24 urte arteko 16 gaztek hartuko dute parte, Estatuko 7 erkidegotatik gerturatuta
  • Nuria Carbonell, Kultura, Gazteria eta Jaien zinegotziak egin die harrera Udaleko Areto Nagusian

Miserikordia Zaharra zeneko lurretan Tolosako Udala hainbat eraberritze lan burutzen ari da bertako ondare naturala eta historikoa berreskuratu eta balioan jartzeko helburuz. Ibilbidea txukundu eta seinaleztatu zen 2016an eta iaz, auzolandegia burutu zen Miserikordiako bainuak leheneratzeko. Geroz eta jende gehiago bertaratzen ari da, eta lehenengoz ere bisita gidatuak egin dira. Aurten, bainuetatik gertu dagoen atsedenlekua berreskuratu nahi da eta auzolandegia gauzatuko da horretarako.

Hamabost egunez, uztailaren 16tik 30era, 18 eta 24 urte arteko 16 gaztek Tolosan egingo dute egonaldia zeregin hori tarteko. Guztira 7 erkidegotatik gerturatu dira: Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela-Leon, Valentzia, Katalunia, Extremadura eta Aragoi.

Egunero goizez 4 ordu egingo dute lan Miserikordiako atsedenlekuan, eta arratsaldetan jarduera ezberdinak: esku pilota saioa, dantza, Topic museora bisita, mitologiari buruzko gaubela, pistina... eta aldi berean, Euskal Herriko txoko ezberdinak ere bisitatuko dituzte: Bilbon paddle surf ikastaroa eta Guggenheim museora bisita; Zumaian itsazontzian Flish-ak ikustera; edota Donostiara irteera. Zuloaga Txiki aterpetxean egonen dira.

Nuria Carbonell, Kultura, Gazteria eta Jaien zinegotziak egin die harrera Udaleko Areto Nagusian. Balioan jarri du auzolandegiek eskaintzen duten aukera: “era bikoitzean da positiboa: jarduera honek parte-hartzaileengan ondore positiboa izateaz gain, gizartearengan ere eragina du, tolerantzia eta taldeko lana bezalako balioak erakusten baititu. Heziketa, formakuntza, lankidetza eta boluntariotza oinarri, eredu da” azpimarratu du.

Aurrekariak

Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Naturtzaindiarekin batera, bere jabetzakoa den 24,4 hektareako Uzturreko lur sail batean berreskuratze proiektu bat garatzen ari da. Berreskuratze proiektu hau, integrala da ingurunearen ezaugarri desberdinak; naturalak, historikoak eta kulturalak balioan jartzen dituelako.

2013. urtean proiektu honen 1. faseari ekin zitzaion bertan zeuden pinuak atera eta zuhaitz autoktonoak landatuz. 2014an landaketa lanak bukatu ziren.

2015 eta 2016. urtean zehar “baso naturala” lortzen laguntzeko aktuazioak egin ziren eta egindako lanak eta eremu honen aberastasuna jakitera emateko ibilbide didaktikoa egokitu.

Iaz, 2017an, egindako auzolandegian, Miserikordia Zaharreko bainuak berreskuratu ziren.

Aipatu ere, 2010. urtean, eremu berdinean, beste auzolandegi batean Telegrafo dorrea berreskuratzeko lanak egin zirela.

Auzolandegia

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko asmotan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA