-
Aretoetan ohikotasunez ikusten ez diren hainbat generotako 30 film ikusteko aukera izango dute. Eskaintza egunero berritzen da, zerrendako film bat kendu eta berri bat erantsita.
-
Tolosako Udalaren bidez harpidetuz gero, lehen hiru hilabeteetan doan erabili ahalko da plataforma. Filmak edozein euskarritan ikusi daitezke: telebistan, ordenagailuan, tabletean eta baita sakelakoan ere.
-
Kultura, Festak eta Gazteria sailak kanala ireki du Youtuben, Tolosako kulturaren inguruan sortu diren bideo guztiak leku bakar batean bilduta eskaintzeko.
Leidor zinemak asteak daramatza zerbitzurik eskaini ezinik osasun larrialdi egoeraren ondorioz. Tolosako Udaleko Kultura departamentuak zine eskaintza berrezartzeko ahalegina egin du, eta Mubi zine plataformarekin akordioa lortu du. Hala, zinezaleek Mubi plataformara doan sartzeko aukera izango dute hiru hilabetez. Zinema independentea eta kalitatezkoa sustatzen duen plataforma da Mubi.
Aretoetan ohikotasunez ikusi ezin diren hainbat generotako 30 film ikusi ahalko dituzte. Filmen zerrenda egunero berritzen da, zerrendako film bat kendu eta berri bat eskainiz. Genero bakoitzeko ikus-entzunezko onenetarikoak ikusteko aukera eskaintzen du plataformak, eta edozein gailutan ikusi daitezke filmak: telebistan, ordenagailuan, tabletean, sakelakoan…
Tolosako Udalaren bitartez harpidetuz gero, lehen hiru hilabetean doan izango dira, baina harpidetza egiterakoan ezinbestekoa izango da kreditu txartelaren datuak ematea. Harpidetza edozein unetan eten ahalko da, baita doakoa izango den epean ere. Interesa duenak mubi.com/leidorzinea helbidean egin dezake harpidetza.
Tolosako kulturari buruzko ikus-entzunezkoak Youtuben
Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria sailak kanala ireki du Youtuben, sailaren baliabide guztiak herritarren eskura jartzeaz gain, Tolosako kulturaren inguruan sortu diren bideo guztiak leku bakar batean bilduta eskaintzeko.
Tolosari buruz hainbat egilek sortu dituzten ekoizpenak biltzen dira kanalean, eta gai ezberdinekin lotutako 20 erreprodukzio zerrenda osatu dira oraingoz: Inauteriak, San Joan jaiak, musika, literatura, artea, Ahoz Aho jaialdia, Tolosandblues, irudi historikoak, Tolosako Abesbatza Lehiaketa… Denborarekin, osatzen eta zabaltzen joango dira erreprodukzio zerrendak.
Kultura, Festak eta Gazteria sailaren helburua herriaren inguruan sortzen diren ikus-entzunezko kulturalen bilduma bat egitea da, bilduma hori antolatu eta herritarrei modu ordenatu batean eskaintzeko. Guztira 400 bideotik gora bildu eta sailkatu dira Tolosa Kultura kanalean. Lotura honetatik sar daiteke Tolosa Kultura kanalera: labur.eus/LeAJn
Bestalde, Kultura sailetik gogorarazi dute eFilm ikus-entzunezkoen streaming mailegurako plataforma ere eskura dutela liburutegi publikoetako erabiltzailek, milaka film, laburmetrai, serie eta abar ikusteko. Sailetik nabarmendu dutenez, nabarmentzekoa da eFilm katalogoaren barruan zine espainiarrak, europarrak, independenteak eta klasikoak duen garrantzia. Guztira, 20.000 film baino gehiago ikusi daitezke plataforma honen bidez. Lotura honetatik sar daiteke bertara: eliburutegia.efilm.info/eu/eliburutegia/
Balkoietan musika berriz larunbatean
Tolosako Musika Eskolak deituta, azken asteetan, larunbatez, musika emanaldi bereziak egiten ari dira balkoietan eskolako ikasleak, musika taldeetako hainbat kide eta txistulari taldekoak. ‘Ixil-ixilik’ abestia eskaini dute bi larunbatetan, ‘Galtzaundi’ abestia ere bai, eta ‘Txantxibiri’, ‘Saltzen-saltzen’, eta ‘Begiak parrez parrez’ abestiekin egindako nahasketa aurreko larunbatean.
Aste honetarako ‘El reloj’ abestia aukeratu dute, garaietara egokituz, eta, bereziki, aitona-amonei eskaintzeko, haientzat abesti ezaguna delako. Ohi bezala, larunbat honetan ere 17:00etan egingo dute saioa, norberak bere etxeko balkoian edo leihoan. Horretarako, hainbat instrumentutarako egokitu dituzte partiturak eta esteka honetan eskuratu daitezke: Etxeko Leihotik.