Nerabeen eta LGTBIQ+ komunitateko kideen artean suizidioak prebenitzeko programa lantzen ari da Tolosako Udala

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/08 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Lehen urrats gisa herri mailako galdetegi bat zabalduko du udalak maiatzaren 9tik 23ra bitartean nerabeekin lan egiten duten eragileen artean. 

  • Lanketa honek Tolosako lehen Herritarren Batzarrak egindako 14 gomendioetako bati erantzuten dio; emaitzak kontuan hartuta, datorren ikasturtean aplikatzeko formazio plan bat garatuko da eta, geroago, gidalerro edo protokolo bat osatzea dago aurreikusita. 

 

Tolosako Udala, nerabeen eta LGTBIQ+ komunitatearen osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko asmoz, bi kolektibo horietan suizidioak prebenitzeko programa lantzen ari da. 

Lanketa honek Tolosako lehen Herritarren Batzarrean egindako 14 gomendioetako bati erantzuten dio, hain zuzen ‘Nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa; arreta programa, prestakuntza eta esku-hartzea’ deritzonari. Suizidioa prebenitzeko egitasmoak martxan jartzea eskatu zion Herritarren Batzarrak udalari, alegia, sentsibilizazio, formakuntza eta babeserako zerbitzuen egitasmoak aurrera eramatea, besteak beste.

Hala, lehen urrats gisa, herri mailako galdetegia abiatuko du Tolosako Udalak bihar, maiatzak 9, nerabeekin lan egiten duten erakunde eta profesionalei zuzenduta. Inkestaren helburua, herri mailako diagnosia egitea da, nerabeen suizidioaren inguruan dagoen, ezagutza eta sentsibilizazio maila zenbaterainokoak diren jakiteko.

Galdetegi hau, Alex Muela EHUko irakaslearen eta Jon Garcia-Ormazaren, Osakidetzako psikiatraren, laguntzaz prestatu da. Hilaren 23ra bitartean erantzun ahal izango da galdetegi hori, eta helburu du gizarte-sektore honetan arreta, prestakuntza eta esku-hartze programak nola hobetu daitezkeen ulertzea, batez ere nerabe eta LGTBIQ+ komunitatean zentratuta. Azken batean, bi kolektibo horietan suizidioak prebenitzea da azken helburua. 

Galdetegiak ezinbesteko informazioa bilduko du etorkizunera begira Tolosako Udalak eta erakunde kolaboratzaileek estrategia zehatzak garatu ditzaten, nerabeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko. Izan ere, emaitzak aztertu ondoren, 2024-2025 ikasturtean zehar aplikatzeko formazio plan bat garatuko da, eta geroago, gidalerro edo protokolo bat osatzea aurreikusita dago.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA