-
Olentzerok lan non egiten duen eta non bizi den ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute 3 eta 8 urte bitarteko haurrek. Beren eskutitza ere utzi ahal izango dute
-
“Olentzaroren basoa” ipuina argitaratu du aurten Zumardia elkarteak, eta bisita bakoitzaren amaieran bertaratu guztiei banatuko diete. Bisita egun kopurua, bisitaren iraupena eta ipuin kontalari kopurua ere gehitu egin du aurten elkarteak.
-
Olentzaroren Basora joan ahal izateko aurrez eman beharko da izena: Abenduaren 2tik 5era bitartean Bidaiarien Txokoan, eta abenduaren 3tik 15era Zumardia elkartearen webgunean
Beste urte batez, Olentzaroren basoak eskaintzen duen magiaz gozatu ahal izango dute tolosar haurrek eta haien gurasoek. Zumardia elkarteak antolatuta, eta Tolosako Udalaren laguntzarekin, abenduaren 16tik 23ra egingo da aurten egitasmoa, Elosegi parkean. Olentzerok non lan egiten duen eta non bizi den ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute haurrek. Beren eskutitza ere utzi ahal izango dute.
Joan den urtean martxan jarritako egitasmo honek izan zuen harrera onaren ondoren, aurten ere errepikatzea erabaki da. Joseba Ormazabal zinegotziak azaldu duenez, “Gabonak beti dira bereziak, batez ere etxeko txikientzat, eta hori dela-eta, haientzat espresuki antolatutako egitasmo bat eskaini ahal izatea pozgarria da. Guretzat, gazteria sailetik, ezinbestekoa da haur, gazte eta nerabeei zuzendutako kultur, kirol zein aisialdi eskaintza garatzea, haien beharrei eta eskariei erantzuteko. Tolosan gazteek eta haurrek zeresana badutela ikusarazteko eta, bereziki, haiei protagonismoa eta garrantzia emateko, are gehiago Gabonetan”. Helburu horren baitan kokatu du Ormazabalek Olentzaroren Basoa proiektua, eta eskerrak eman dizkie Zumardia elkartekoei: “Udaletik eskerrak eman nahi nizkizueke zuen lanagatik, proiektu honetan jarri duzuen ilusioagatik eta magiagatik eta txikienak kontuan izateagatik”.
Aurten ipuina ere bai
Olentzerok lana non egiten duen eta non bizi den ikusi eta ezagutzeko aukera izango dute haurrek. Basoan zehar Olentzeroren arropa, kriseiluak, borda... egongo dira, eta haurrek beren eskutitza uzteko aukera izango dute bordaren barneko mahai gainean. Aurten, gainera, ipuin kontalari gehiago egongo dira, sei guztira, eta ura elementuak ere bere lekua izango du. Hala, Amalurraren elementu guztiak basoan jasota egongo direla zehaztu dute Zumardiatik.
Olentzaroren Basora bisita egin ahal izateko egun kopurua ere gehitu egin dute aurten, bost beharrean zortzi izango baitira. Eta berdin bisitaren iraupenarekin ere: 45 minututik 60ra zabaldu dute. Bisitak 17:30ean hasiko dira, eta azkena 20:10ean izango da.
“Ilusio bat” ere bete nahi izan du aurten Zumardia elkarteak: Olentzaroren Basoa ipuina argitaratzea. Bisitaren amaieran banatuko dute, opari gisa. Horrez gain, basora bisita egin nahi duten kolektiboentzat egunero txanda bat ere gorde nahi du elkarteak, “Tolosako dendarientzat, Txolartekoentzat, adinekoentzat edo jubilatuentzat, euskara ikasten ari diren euskaltegiko ikasleentzat eta interesa izan dezaketen kolektiboentzat”.
Izen emateak
Olentzaroren Basoa ikusi nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena. Abenduaren 2tik 5era bitartean Bidaiarien Txokoan eman ahalko da izena, 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 3tik 15era bitartean, berriz, www.zumardia.eus webgunean. Bisitak 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat izango dira eta haur bakoitzarekin heldu bat joan ahalko da.
Elosegi parkean hobekuntza lanak segurtasuna bermatzeko
Gaurko Olentzaroren Basoa Elosegi parkean aurkeztu denez, udalak azaldu nahi izan du Elosegi parkea segurtasun berme guztiekin zabaltzeko parkeari buruzko azterketa bat egin duela. Izan ere, denbora honetan zenbait zuhaitz erori egin dira eta hainbat zuhaitzen egoerak okerrera egin du eta, beraz, batzuk moztea beharrezkoa izango da.
Olentzaroren Basoa zabaldu ahal izateko zuhaitz batzuk moztu dira jada herritarren segurtasuna bermatzeko. Bidearen inguruan dauden zuhaitzen inguruko azterketa zehatza ere eskatua du udalak, hortaz, txostenaren emaitzak jasotzean lanei jarraipena emango zaie.
Halaber, bidean zehar dauden beste zenbait elementu ere konpondu behar ditu udalak: koba, bertako harriak erori egin direlako, eremu arriskutsuak mugatzeko erorita dauden hesiak eta bidetik behera erortzeko arriskua dagoen eremuetan ere soka jarriko da, zenbait lekutan desagertu egin delako.
Gauzak horrela, lan horiekin amaitzean zehaztu ahal izango du udalak parkearen irekiera data.