Oscar Terolen emanaldia, Maixabel filmaren saio berriak eta kultur jarduera gehiago Tolosan

Tolosako Udala
2021/09/28 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aste honetan hasiko dira udazkeneko kultur programazioko ikuskizunak,“Maixabel” pelikularen saio gehiago programatu ditu Udalak, eta Kultura Plazara jaialdiaren baitako azken kontzertua emango du En Eszena orkestrak, besteak beste.

  • Sarrerak Leidorren edo kutxako webgunean daude eskuragarri.

 

 

 

Aste honetan ere, Tolosako Udalak hainbat kultur ekimen antolatu ditu herrian kultur jarduera sustatzen jarraitzeko.

Udazkeneko kultur programazioaren baitako ikuskizunak

Egitarau aberatsa antolatu du Udalak udazkenerako eta aste honetan, urriaren 1ean, Oscar Terolek zabalduko du udazkeneko emanaldien zikloa “Por comentarlo” ikuskizunarekin. Saio umoretsu eta bizia da, egunez egun gaurkotasunera eta hura garatzen den herrira egokitzen dena.

Kultur Etxeko argazkigintza tailerreko erakusketa Aranburu Jauregian

Udaberrian argazkigintza tailerrean egindako lanen erakusketa zabalduko da urriaren 1etik 30era Aranburu Jauregian, erakusketa aretoaren goiko solairuan. Iñigo Royo izan da tailerreko dinamizatzailea eta 14 pertsonek hartu dute parte ikastaroan. Urrian, egin dituzten bost lan-bilduma egongo dira ikusgai: desioa, lan-koadernoak, lerro zuzena, beste birus batzuk eta esker-ona.

“Maixabel” pelikularen saio gehiago

Aurreko astean “Maixabel” filmaren lau saio egin ziren Leidorren eta sarrerak agortu ziren guztietan. Jendearen interesa eta harrera ona ikusita, eta hainbat tolosar sarrerarik gabe geratu zirenez, beste bi saio egingo dira: urriaren 5ean eta 6an, 19:00etan.

Bestalde, ohiko zine programazioa mantenduko da. “Queridos Camaradas” pelikula emango da osteguneko zine forumean, 19:00etan, eta asteburuan, “La Mujer del Espia” filma ikusi ahal izango da larunbatean, igandean eta astelehenean 19:00etan. Haurrentzat, aldiz, “Peter Rabbit 2: a la fuga” pelikula emango da Leidorren igandean 16:00etan.

Kultura Plazara jaialdiko azken kontzertua

Igandean, urriaren 3an, En Esenzia orkestrak emango du Kultura Plazara jaialdiaren aurtengo edizioaren azken kontzertua. 20:00etan izango da Tolosako zezen plazan eta sarrerak kulturaplazara.eus-en daude eskuragarri.