Otsailaren 28a gorriz markatua, 2019ko Tolosako iñauterien hasiera eguna

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/02/21 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Otsailaren 28tik martxoaren 5era ospatuko dira. Aurten 2019ko Kabi Alai Kuttuna den 'Zaldunita taldeak' botako du suziria. 95 karroza eta konpartsak eta 1.400 haurretik gorak koloreztatuko dituzte kaleak.
  • Zarata ekidite aldera hainbat neurri hartu ditu Udalak: 'zarataren kontrolerako eremu berezia' Trianguloan, eta bolumenaren 90dbko muga berria.
  • Sentsibilizazioa ardatz izango da beste hainbat esparrutan ere, Tolosak, EZETZ!, Zaindu!, garbiketa eta garraio publikoaren erabilera sustatzen duten kanpainekin.
  • Tomas Henandez Mendizabalen azken 52 urteetan Tolosako Iñauterietako kartelak batu ditu Udalak argitaratu berri duen liburuan. Eskuragarri dago Topic zentroko dendan.
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “kaleak hartuko ditugu tolosarrok iñauterietan ideia berritzaileekin, gaurkotasunezkoak, umoretsu bezain koloretsuak. Gure nortasunaren ikur den iñauteria egingo dugu 2019an ere. Jaia gozatzeko da, baina errespetuz, guztiekiko”.
  • Iñauteriak 24 orduz www.tolosa.eus en.

Jada entzuten da urrunean iñauterien iragarle diren kaldereroen zartagi hotsa. Larunbatean, otsailak 23, iritsiko dira Tolosara, eta gaurtik, otsailak 21, astebetera 6 eguneko jai koloretsuenari emango dio hasiera Ostegun Gizenak. 2019ko iñauteriak otsailaren 28tik martxoaren 5era ospatuko dira. Aurten 2019ko Kabi Alai Kuttuna den 'Zaldunita taldeak' botako du suziria.

Olatz Peon Ormazabal alkateak aurkeztu du iñauteriaren parte diren hainbat eragilerekin batera egitaraua bera eta jai egunei begirako hainbat datu eta neurri. Bertan izan dira karroza eta konpartsen ordezkaritzan Jon Ezkerro, Pintxana Txarangako kide Milagros Garcia de Iturrozpe, aurten 50. urteurrena betetzen duen Aurrera Kirol Elkartearen ordezkaritzan Itxaso Barrenetxea, eta danborradako kide den Rocio Frago. Nabarmendu eta eskertu du alkateak iñauteria egiten duten herritar guztien lana: “kaleak hartuko ditugu tolosarrok iñauterietan ideia berritzaileekin, gaurkotasunezkoak, umoretsu bezain koloretsuak. Gure nortasunaren ikur den iñauteria egingo dugu 2019an ere. Jaia gozatzeko da, baina errespetuz, guztiekiko. Herritar, talde zein elkarte orok jartzen du bere alea iñauterietan. Ezinbesteko alea. Eta eskertzekoak dira guztiak”.

Zeregin horretan, beste hainbaten artean, 50 urte daramatza Aurrera Kirol Elkarteak. 1969an sortua, kirolean bada erreferente, bere pilota txapelketa izanik mugarri. Baina ezbairik gabe, Ostegun Gizeneko danborradarengatik ezagutzen dute tolosar asko eta askok. “1972/73 urteetan hasi zen guztia, oso modu inprobisatuan. Gero, 1974an, hobeto antolatzen hasi ginen; hobeto bai, baina ez “serioago”. Danborrak bildu genituen handik eta hemendik, Jose Tarragonak egin zigun elkarteko ereserkia, eta Uxolak jarri zizkion hitzak. Eta geroztik, urtero egiten dugu inprobisatutako txorakeria gisa hasi zen desfile hura, Iñauterietako danborradarik ganberroena. Aurten ere egingo dugu noski” adierazi dute elkartekideek. Alkateak gogorarazi du ere Arpegik 40. urteurrena ospatzen duela, “nabaria izango da ostiral mehe gaueko jaialdian, ziur”.

Aurrera K.E.ko eta Arpegiko kideez gain, 95 karroza eta konpartsak eta 1.400 haurretik gorak koloreztatuko dituzte kaleak. Azken entseguetan murgilduta daude aisialdi taldeak eta azken ukituak ematen ari dira karroza eta konpartsak, asko Udalak ahalbidetutako Ferialeko eta Bellotako pabilioietan. Guzti hauek zaldunitan eta asteratitan aterako dira kalera; udaltzainen laguntza izango dute estrukturak ekarri eta eramateko, ordu jakin batzuetan. Badira, jada, hiru urte karroza eta konpartsak geldirik egotea erabaki zela eragileekin elkarlanean, eta aurten ere, berdin jarraituko du horrek. Horrez gain, iaz zabaldutako ibilbidea mantentzen da ere: Rondilla kalea eta San Francisco pasealekutik haratago, Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Foruen etorbidean kokatuko dira karrozak. “Helburua da herriko beste hainbat gunetara zabaltzea iñauteria” adierazi du Peon Ormazabalek. Kokapen zehatza dutenak 26 handi eta hala eskatu duten beste 13 txiki izango dira.

Danborradak iaz egin zituen pausu berritzaileekin jarraituko du aurtengoan. Aurten ere Plaza Zaharrean hasi eta amaituko da danborrada, iaz moduan abestu egingo dute danborra jotzeaz gain, “eta estreinakoz, hainbat zaldik lagunduko dute danborrada ibilbidean” azaldu du alkateak.

Zarata ekidite aldera hainbat neurri hartu ditu Udalak

“Zarata urtero errepikatzen den gaia da- adierazi du alkateak-. Aurten bi neurri hartu ditugu, urtero gauzatzen dugun sentsibilizazio kanpainaz gain. Arazo orokorra da Inauterietan zaratarena, baina bereziki nabarmena Trianguloa plazan. Kontuan harturik plaza hau herriaren eta festaren ardatz dela, eta festaren erakustokirik handiena dela, aurten, lehenengo aldiz, musika jartzeko aukerak mugatu ditugu”.

Alkateak azpimarratu duenez, eta Udalak aurreratu zuen bezala, Trianguloa eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean 'zarataren kontrolerako eremu berezia' ezarriko da. “Honek esan nahi du eremu horretan zuzeneko musika egiten duten konpartsak baino ezingo direla kokatu, eta musika eduki ahal izango dutela emanaldiak iraun bitartean”.

Bigarren neurria litzateke bolumenaren muga berria: karroza/konpartsek egunean zehar egin dezaketen gehieneko zarata 90 dB-tara mugatuko da, eta gauekoa, 65 dB-tara.

“Helburu dugu Inauterien nortasuna zaintzea eta babestea, guztiok izatea lekua jaian, baina errespetuz, jaiarekiko zein tolosar eta bisitari guztiekiko”.

Sentsibilizazioa ardatz beste hainbat esparrutan ere

Tolosak, EZETZ kanpaina jarriko du Udalak laugarrenez abian. Herritarrei, Tolosak Ezetz dioten txapak banatuko zaizkie. Eskuragarri egongo dira udal eraikin eta beste hainbat gunetan. Herriko merkatari eta ostalariei puntu morea eta Tolosak Ezetz! Kartelak helaraziko zaizkie. Gainera, ohiko eran, karroza berdinzaleena ere sarituko da. Baina berezitasun batekin: banderola morea izango da aurten. Alkateak azaldu duenez, “banderola hau urtez urte karroza berdinzaleenak eramango du eta eskuz esku igaroko da. Iazko karrozak aurtengoari emango dio lehiaketako sari banaketan.Berdintasunezko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanak indartu, emakumezkoen parte hartzea eta protagonismoa nabarmendu eta berdintasunaren eta sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinbolikoen eta kulturalen sorrera sustatzea dugu jomuga.

Gazteek erabaki arduratsuak har ditzaten Nerabeen Prebentzio Mahaia urte osoan ari da lanean. Alor honetan, Zaindu! kanpaina jarri da abian. Gipuzkoa mailan, DBHko ikasleen guraso guztiei eskutitza helarazi zaie Udalak gaiarekiko duen ardura azalduz eta aholku ezberdinak emanaz. Heziketa saio ugari egin dira gainera gazteekin, zinema saioak edo antzerkiak esaterako. Bestalde, esku-hartzea egingo da kaldereroetan eta Astelenitan: asteburu honetan gazte-lokaletan informazioa banatuko dute Ai-Laket elkarteko kideek; eta astelehenean, berriz, Ai-Laket eta Inmakulada Gizarte Integrazioko ikasleek kale eskuhartzea. Taberna eta dendei 18 urtez berako gazteei alkohola ez saltzeko deia egin zaie, euskarri ezberdinak banatuz ere.

Hondakinen prebentzioarekin jarraituko du Udalak. “Iñauterietan ere birziklatu, berrerabili eta zaborra gutxitu behar dugu. Aldi berean, herria garbi mantentzea guztion lana da”. Garbiketa zerbitzuko langileek egiten duten lana goraipatu eta errespetatzea eskatu du alkateak.

Garraio publikoaren erabilera sustatuko du Tolosako Udalak, tren eta autobus zerbitzuak areagotuz eta orduak egokituz. Gainera aparkatzeko gune ezberdinak ditugu eta iñauterietarako egokituko dira. www.tolosa.eus -eko iñauterien atalean dago informazio guztia.

2019ko iñauteriak bai, baina baita azken 50 urtetakoak ere

Iaz Udalak Tomas Henandez Mendizabal, azken 52 urteetan Tolosako Iñauterietako kartelaren egilea, omendu zuen mende erdi bat zeregin hori burutzen egoteagatik. Orduan bere kartel guztiak batzen dituen bilduma kaleratu zen, poster formatuan. Orain, kartel horiek guztiak eta Tomas Hernandez Mendizabalen inguruko idatziak liburu batean batu dira. Eskuragarri dago 15 euroren truke Topic zentroko dendan.

Iñauteriak 24 orduz www.tolosa.eus en

Ekintza guztien jarraipena egingo da eta txupinazoa, diana eta asteleheneko zezen festa zuzenean emitituko dira www.tolosa.eus -en eta udalaren komunikazio kanal orotan. Tolosako udalaren eta Tolosako Iñauteriak sare sozialek unean uneko edukia zabalduko dute, eta herritar guztiei dei egin die Udalak #TolosakoIñauteriak traola erabiliz beren iñauterietako bizipenak bana ditzaten.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA