Otsailean hasiko da Tolosaldepedia: Tolosaldeko ezagutza elkarrekin eraikitzeko ekimena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Helburu du Tolosaldeko ezagutza guztia Wikipedian jartzea, herritar eta kanpotar guztien eskura egon dadin.

  • Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Covid-19ak eragindako itxialdian Tolosako Udalak martxan jarritako hainbat proiekturen artean sortu zen Tolosapedia egitasmoa, Tolosari buruzko ezagutzan sakondu eta herritarren arteko elkar-harremanak sustatzeko helburuarekin. Denbora honetan proiektuak hainbat aldaketa izan ditu, eskualde izaera hartu du eta formatu berrian garatuko da otsailetik aurrera urte amaiera bitarte.”

 

 

Otsailean hasiko da Tolosaldepedia proiektua, Tolosaldeko ezagutza guztia Wikipedian jartzea helburua duena, herritar eta kanpotar guztien eskura egon dadin eta herritarren arteko elkar-harremanak sustatzeko. Prentsaurrekoan aurkeztu dute egitasmoa Olatz Peon Tolosako alkateak, Xabier Cañas kultura teknikariak eta Aritz Azurmendik, Galtzaundi euskara elkarteko kideak.

Olatz Peon, Tolosako alkateak adierazi duenez, “Covid-19ak eragindako itxialdian Tolosako Udalak martxan jarritako hainbat proiekturen artean sortu zen Tolosapedia egitasmoa, Tolosari buruzko ezagutzan sakondu eta herritarren arteko elkar-harremanak sustatzeko helburuarekin. Denbora honetan proiektuak hainbat aldaketa izan ditu, eskualde izaera hartu du eta formatu berrian garatuko da otsailetik aurrera urte amaiera bitarte.”

Wikipedian gauzatuko da, euskarazko orrialdean batez ere, baina baita gaztelania eta beste hizkuntzetako Wikipedian ere, herritarren eta aukeren arabera.

“Proiektu herritarra, irekia eta kolaboratiboa da, herripedia formatuan garatuko delako eta herritarren ekarpenekin osatuz eta zabalduz joango delako”, Olatz Peon-en hitzetan. “Proiektua garatzeko hainbat ekintzailez osatutako Talde Eragilea sortu da, proiektuak dinamizatzaile bat izango du eta hezkuntza komunitateak ere parte hartuko du, ikastetxeekin elkarlanean Txikipedia garatuko baita. Emakumeengan ere arreta berezia jarriko da, gaur egun Wikipedian dagoen genero arrakala gainditzeko, eta urte amaieran, egindako lan guztiekin eta sortutako artikuluekin liburu bat argitaratuko da.”

Editatzen ikasteko lantegiak

Hilabeteko lehen ostegunetan, Wikipedian editatzen ikasteko eta Tolosaldepedia proiektuan idazteko lantegiak egingo dira otsailaren 4an, martxoaren 4an, apirilaren 15ean, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an. 17:00etatik 20:00etara bitarte izango dira Kultur Etxean eta irekiak dira. Norberak bere ordenagailua ekarri beharko du. Eskaerak egin ahala, eskualdeko beste herrietan ere egin ahal izango dira.

Lantegietan izena emateko galdetegi hau bete behar da.

Emakumeak

Jabetza Eskolaren barruan, azaroaren 4tik emakume talde bat ari da lanean Wikipedian editatzen ikasten eta Tolosaldeako emakumeen biografiak sortzen eta osatzen.

Gaur egun Wikipedian genero arrakala nabarmena dago. Editoreen %18a baino ez dira emakumeak eta horrek gaien inguruko sesgoa dakar. Adibidez, Wikipedian dauden biografien %16a baino ez dira emakumeen ingurukoak.

Arrakala hori gainditzeko, Tolosaldeko emakumeei buruzko atal berezi bat sortu dugu atentzioa hor jartzeko eta lantegietara etortzen direnak, haiek hala nahi izanez gero, horretan lanean jartzeko.

Topaketak

Zenbait gaiei lotutako topaketa-lantegiak egingo dira, beti ere Covid-19aren inguruko egoerak baimentzen duen moduan. Horietan lehenengoa martxoaren 8an izango da, Aranburu Jauregian Itzalpeko Emakumeak erakusketa izango dela probestuz. Bertan informazio iturriak topatuko ditugu gure eskualdean Errepublika garaian, gerran eta frankismoan nabarmendu ziren emakumeen inguruan.

Topaketa-lantegi hau Aranburu Jauregian bertan egingo da martxoaren 8an 17:00-20:00 bitarte, erakusketari eskainitako sala batean, gaiaz inguratuta.

Hezkuntza eta Txikipedia

Txikipedia Wikipediaren barruan integratuta dago eta 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzako entziklopedia bat da. Wikipediaren aldean, Txikipedia bisualagoa da eta adin horretarako haurrei egokitutako hizkuntza erabiltzen du, esaldi motzagoekin eta azalpen errazagoekin.Tolosaldepedia egitasmoa adin-tarte guztietara zabaltzeko asmoz, 2020ko urriaren 22an lehen aurkezpen bat egin zitzaien ikastetxeetako ordezkariei ikastetxeetako gaztetxoek Txikipedian parte hartu zezaten.

Dagoeneko 8 ikastaro eman dira Orixe ikastetxean eta Uzturpe ikastolak bere 50. urteurrena dela eta edizio topaketa berezia egingo du urtarrilaren amaieran.

Ikasleek Txikipedian editatzea ikastetxeko lan bezala egingo dute eta ikusgarri egongo da guztiontzat. Hezkuntzaren ikuspegitik, ikaste-esanguratsua deitutakoa garatu nahi da horrela, izan ere, ikasleek egiten duten lana benetakoa da eta isla izango luke.

Liburua urte amaieran

Urte amaieran, egindako lan guztiekin liburu bat argitaratuko dugu. Bertan jasoko dira landutako artikulu guztiak, egileen izenekin, eta parte hartu duten guztien artean doan banatuko da.

Lan materiala

Artikuluak osatzeko iturriak proiektuaren webgunean bertan aurki daitezke. Horretarako Atariak Tolosaldearen inguruan argitaratutako artikulu eta testu sorta eskura jarri du eta alfabetikoki sailkatu du.Horrez gain, Tolosako Liburutegiak eta Artxiboak bibliografia bat osatu dute tokiko gaien inguruan. Hori ere proiektuan kontsultatu daiteke: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Tolosaldepedia

Nondik hasi?

Hamaika modu eta gai daude Wikipedian editatzeko, historia, eraikinak, pertsonaiak, ondare kulturala, festak, ohiturak, natura, mendiak, baserriak, eta noski, norberaren herriari buruzko informazioa osatzea eta zabaltzea. Hemen pista gutxi batzuk:

  • Ba al zenekien ezer Tolosako 1813 guduaren inguruan? Ingelesezko Wikipedian azaltzen da (https://en.wikipedia.org/wiki/Battle_of_Tolosa_(1813)). Gai izango zinateke hori itzultzeko?

  • Ba al zenekien Tolosako San Joanetako alardearen inguruan edo Bordondantzaren inguruan ez dagoela ezer Wikipedian? Zuk ba al dakizu ezer horri buruz?

  • Atera al dezakezu zure auzoko argazki bat? Eskualdeko argazki asko falta dira (ondarea, elizak, eraikin historikoak, ibaiak, pertsonaiak...).

  • Zure ikastetxeak ba al du artikulurik? Begira zer egin duten Uzturpekoek: https://eu.wikipedia.org/wiki/Uzturpe_Ikastola

Jarraitu Tolosaldepediaren inguruko berri guztiak egitasmoaren Twitter kontuan:  https://twitter.com/tolosaldepedia


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA