Sisiforen Paperak antzezlana, Udal Musika Bandaren Kontzertua eta beste hainbat kultur jarduera aste honetan Tolosan

Tolosako Udala
2021/03/24 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Sisiforen Paperak antzezlana, Udal Musika Bandaren kontzertua, Zinegoak jaialdia, Gazte Topagunearen Aste Santurako eskaintza berezia, zinea, erakusketak eta beste hainbat kultur jarduera egongo dira aste honetan Tolosan.

  • Sarrera guztiak kutxako webgunean edo Leidorreko leihatilan daude eskuragarri.

Aste honetan hainbat kultur jardueraz gozatzeko aukera dute tolosarrek.

Larunbatean, martxoak 27, Tolosako Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du 18:00etan Plaza Zaharrean. Aurrez gonbidapenak eskuratu behar dira Kultur Etxean 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

 

Sisiforen paperak, Leidorren

“Bizikidetza sustatzen” ekitaldi zikloaren baitan, Sisiforen Paperak antzezlana eskainiko da igandean, martxoak 28, 19:00etan Leidorren. Egunkaria auzian inspiratutako antzezlana da, kazetaritzari eta bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia. Pertsonaietako batek dio egunkari bat “Gerra eta Bakea bezalakoa” dela, “baina txikian”. Egunkariko erredakzioan prekarietateari eta etsipenari aurre egiten diete kazetariek eta erloju kontra dihardute zehaztasunaren eta egiatasunaren alde; bien bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzen saiatzeko. Harkaitz Cano da obraren egilea eta Fernando Bernués-ek zuzendu du Kike Diaz de Radaren laguntzaz. Antzezleak berriz, Anjel Alkain, Iñaki Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo/Aizpea Goenaga, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Iñaki Rikarte eta Dorleta Urretabizkaia dira. Zuzeneko musika Ikerne Giménez-ek egin du.

Bestalde, ostiralera arte ikusgai daude online emakumeek zuzendutako 6 laburmetrai, Zinegoak, Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren baitan. Sarbidea lortzeko galdetegi hau bete behar da: https://forms.gle/onqnXRz9ECweLV9b7

Aste honetan ere, ostegunero lez, zine foruma egongo da 18:45etan Leidorren. “El ombligo de Guie’dani” filma egongo da ikusgai jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Guie 'dani, zapoteka indigena bat, eta bere ama, etxeko langile gisa hasi ziren lanean Mexiko Hiriko klase ertaineko familia aberats batentzat. Txikia ez da egokitzen, gatazkatsua da eta gainezka egiten du. 

Zine saioei dagokienez, Udalak barkamena eskatzen du pasa den ostiralean “Raya y el último dragón” filmarekin egon ziren arazoak medio. Horren ordez “Gusanos” pelikula eman zen eta beraz, “Raya y el último dragón” filma apirilaren 1 eta 2an emango da, 16:00etan Leidorren.

 

Non dago Mikel? berriz ere eskainiko da apirilaren 1ean

Bestalde, aurreko astean ere Non Dago Mikel? filmaren proiekzioak izandako arrakasta ikusita –sarrera guztiak agortu ziren- Udalak erabaki du apirilaren 1ean 19:00etan filma berriz ere ematea Leidorren. 1985ean desagertu zen Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen du. Guardia Zibilak atxilotutako nafar gaztea ETAko militante batekin nahastu zuen. Zabalza desagertuta egon zen 20 egunetan, euskal gizarteak bertsio ofizialarekiko zuen mesfidantzaren ondorioz, protesta handiak eta gizartearen leherketa gertatu ziren, azkenean bere gorputza Bidasoa ibaiaren uretan agertu zenean. 

Aste honetako saioei dagokienez, “El profesor de persa” pelikula emango da Leidorren larunbatean eta astelehenean 18:45etan. Gilles SSko soldaduek atxilotu dute beste judu batzuekin batera, eta Alemaniako kontzentrazio-eremu batera bidali dute. Han, exekuzioa saihestea lortu du, guardiei zin egin baitie judua ez dela, persiarra baizik. Trikimailu horri esker, bizirik irautea lortu du Gillesek, baina eremuko ofizial bati (ikasteko interesa duena) ezagutzen ez duen hizkuntza bat erakutsi beharko dio. Haien arteko harremanak aurrera egin ahala, soldaduen susmoak areagotu egiten dira.

 

Bi erakusketa ikusgai Aranburu Jauregian

Erakusketei dagokienez, “Itzalpeko euskal emakumeak” erakusketa ikusgai dago oraindik apirilaren 10era bitarte Aranburu Jauregian. Protagonistak dira XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak. Erkibe elkarteak antolatu du, Udalaren eta Foru Aldundiaren babesarekin.

Bestalde, “Burgoseko prozesua” erakusketa ere ikusgai dago Aranburu Jauregian. Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa honek gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azaldu nahi du, baita Euskadiren hurbileko historian izan zuen eragina ere. Frankismoari epaiketa egitasmoak garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafikoak emango ditu argitara apirilak 30era bitartean, Tolosako Aranburu Jauregian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera antolatu du erakusketa.

Gazte Topagunearen eskaintza berezia Aste Santurako

Gazte Topaguneak astero antolatzen ditu ekintzak 12-16 urte bitarteko gazteentzat. Ostiral honetan, esaterako, dardo txapelketa antolatu du, 17:00etan Topagunean.

Aste Santuko oporrei begira, “Udaberri gaztea!” programa aurkeztu du, gaztetxoenei zuzendutako jarduera bereziz beteriko egitaraua. Apirilaren 8an, osteguna, tye die kamisetak egingo dira 16:00etatik 20:00etara Topagunean. Apirilaren 9an, berriz, Txuri Urdinera irteera antolatu da, izotz gainean patinatzeko. Parte hartzeko 8 euro ordaindu beharko dira. Apirilaren 10ean Masterchef Lehiaketa antolatu da 16:30etatik 20:30etara eta apirilaren 11n 3x3 saskibaloi txapelketa, 16:00etatik 20:00etara.

12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira guztiak, eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontura mezu bat idatziz. Izena emateko azken eguna martxoaren 26a da.