Titirijairen 40. edizioa ospatuko da azaroaren 19tik 27ra

Tolosako Udala
2022/11/14 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Guztira 22 ikuskizun eskainiko dira, 7 familiei zuzendutakoak, 5 helduentzat, 8 ikastetxeentzat eta bi kale ikuskizun. Horrez gain, 4 erakusketa, 3 jardunaldi eta omenaldi bat ere jasoko du Titirijairen egitarauak, azken hau jaialdiaren sortzaileetako bat izan den Idoya Oteguiri zuzenduta.
  • Ekitaldiak Topic-en eta Leidorren eskainiko dira eta jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.topic.eus webgunean edo Topiceko leihatilan.

 

Datorren azaroaren 19tik 27ra bitartean, Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia ospatuko dugu Tolosan.

Aurtengoan 40 urte betetzen ditu jada Titirijai jaialdiak eta horri lotuta, ekintza egitarau anitz bezain oparoa antolatu da, ikuskizun, erakusketa zein jardunaldiez osatuta. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan egitarau hori bera aurkeztu da eta bertan izan dira Tolosako alkatea, Olatz Peon, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bozeramailea, Bingen Zupiria, Foru Aldundiko kultura zuzendaria, Mari Jose Telleria, Kutxako zuzendari nagusia, Ander Aizpurua, CIT-eko lehendakaria, Aitor Imaz eta Topic-eko zuzendarietako bat, Juanjo Herrero.  

Olatz Peon, Tolosako alkateak adierazi du aurtengoa edizio berezia dela, Titirijai jaialdiak 40 urte betetzen dituelako. “40 urte daramatzagu jada Tolosan txotxongiloez gozatzen. Txotxongiloen hiriburu izaten. Titirijai historia luzea duen jaialdia da, bere pisu eta lekua duena Tolosan. Eta hori guztia urte luzeetan hainbat pertsonek egindako lanari zor diogu, pertsona horien ilusio, ahalekin eta ametsei, hain zuzen. Guztiei eskerrak ematen dizkiet bihotzez,  beraiei esker jarraitu ahal izango baitugu aurtengoan, eta espero beste hainbat urtetan ere, txotxongiloen ametsen munduan murgiltzen eta Titirijai bezalako jaialdiaz gozatzen”.

Munduko puntu desberdinetako txotxongiloak batuko dituen 22 ikuskizun

Tititirjairen 40. edizio honek guztira 22 ikuskizun jasoko ditu, 7 familiei zuzendurikoak, 5 helduentzat, 8 ikastetxeentzat eta bi kale ikuskizun. Txotxongiloak, besteak beste, Bizkaitik, Nafarroatik, Frantziatik edota Txiletik etorritakoak izango dira.

Horrez gain, 4 erakusketa desberdin egongo dira Topic-en ikusgai eta azaroaren 23an, 24an eta 25ean hitzaldi bana eskainiko da. Guzti hori biribiltzeko, halaber, omenaldi bat ere egingo da, kasu honetan, 2009an Titirijairen sortzaileetako bat izan zen Idoya  Oteguiri zuzenduta.

Ekitaldiak Topic-en eta Leidorren eskainiko dira eta jaialdiko ikuskizun guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.topic.eus webgunean edo Topiceko leihatilan.

Egitaraua bere osotasunean ikusgai www.topic.eus webgunean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA