-
Beste urte batez, Euskal Herriko zein nazioarteko artisten topaleku bilakatuko da Tolosa ToloFOLK jaialdiaren eskutik pazko astean.
-
Olatz Peon Ormazabal: “ToloFOLK jaialdia hitzordu garrantzitsua bilakatu da tolosarron agendan; jaialdiak Tolosako plaza eta eremu ezberdinak hartuko ditu beste behin, Tolosa kulturalaren aldarrian, Tolosa girotzeko eta kulturari eta kultura herrikoiari dagokion espazioa eta oihartzuna emateko helburuarekin”
-
JeaJeaka kultur elkartea: “Oso pozik gaude aurtengo ediziorako osatu dugun egitarauarekin; Euskal Herriko zein nazioarteko artistak izango ditugu: Tolosaldeatik hasi eta Mongoliaraino, tartean Kuba, Galizia, Asturias eta Kataluniako musikariekin”.
Kulturaren aldeko apustuan, ToloFOLK jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da Tolosan, pazko astean, apirilaren 20tik 24ra. Prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur aurtengo egitaraua.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, Kultura zinegotziak, Izarne Iglesiasek, eta JeaJeaka Kultur Elkarteko ordezkariek Garikoitz Llobregat, Xanti Nazabal, Zigor Sagarna eta Manex Urruzolak. Talde ezberdinetako artistek ere parte hartu dute aurkezpenean: Mixel Ducau, Caroline Phillips, Iraide Ansorena, Oscar Rill, Alberto Delisle eta Mandy Figueroa .
Hitzordu garrantzitsua tolosarron agendan
“ToloFOLK tolosarron agendan hitzordu garrantzitsua bilakatu da dagoeneko. Folk musikari ikusgarritasuna emateko, herria biziberritzeko eta herriko kultur eskaintza osagarritu eta indartzeko helburuarekin sortu zen jaialdia iaz, pandemia garaian bete betean, baina denboran irauteko helburuarekin. Tolosa kulturalaren aldarrian, iaz egindako apustua berretsiz, Tolosako plaza eta eremu ezberdinak hartuko ditu beste behin jaialdiak, Tolosa girotzeko xedearekin, kulturari eta kultura herrikoiari dagokion espazioa eta oihartzuna emateko. Iazko arrakasta ikusita ziur naiz aurtengoan ere guztiok gozatuko dugula antolatutako egitarauarekin” azpimarratu du alkateak.
Euskal Herriko zein nazioarteko maila goreneko artistak
JeaJeaka kultur elkarteko kideak gustura agertu dira aurtengo egitarauarekin: “Oso pozik gaude aurtengo ediziorako osatu dugun egitarauarekin. Euskal Herriko zein nazioarteko artistak izango ditugu: Tolosaldeatik hasi eta Mongoliaraino, tartean Kuba, Galizia, Asturias eta Kataluniako musikariekin. Eta noski, taula gainean entzun ahal izango ditugu baita ere Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hainbat talde” azaldu dute.
“Hasteko, asteazkeneko TOPICeko kontzertua oso berezia izango delakoan gaude. Abraham Cupeiro multiinstrumentista eta instrumentu-egilea da, eta denborarekin galdu diren instrumentuak berreskuratzen ditu doinu berriak sortzeko. Margarida Mariño biolontxelistarekin eta Sabela Caamaño akordeoilariarekin arituko da, luxua izango da”.
Ostegunean Caroline Phillips eta Mixel Ducau Lapurdiko bikote ezaguna Plaza Berrian arituko da. Ostiralean saio bikoitza izango da: Xabi Aburruzaga Bandek kontzertu ikusgarria eskainiko du Leidorren, eta ondoren folk kubatarra izango da entzungai Frontonen. Larunbat goizean KALEPOZA izango da Tolosako kaleetan: Asturiasko gaiteroak, Kataluniako grallerrak, Tolosaldeko txistulariak eta dultzaineroak, Udaberriko fanfarrea... sekulako festa izango da.
Arratsaldean berriz, saio bikoitza izango da Euskal Herria Plazan: Yesun Erdene Mongoliako musikari, kantu-irakasle eta bakarlaria entzungai izango da taulagainean, eta ondoren Iraide Ansorena tolosarraren Khami folk taldeak kontzertua eskainiko du.
Amaitzeko, igande arratsaldean iparraldeko folka izango da Plaza Berrian: Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar artista Zuberotarrek eta Xendarineko ahizpa kantariek agertokia partekatuko dute.
Jaialdian parte hartzeko gonbita herritarrei
Aurtengo ToloFOLK jaialdirako antolatutako egitarau luze eta zabala aurkeztu ostean, udal ordezkariek zein antolatzaileek tolosar zein bisitariak jaialdian parte hartzera gonbidatu eta animatu dituzte.
TOPICeko eta Leidorreko emanaldiak izan ezik, gainerako guztiak doakoak eta irekiak izango dira herritar guztientzat. TOPICeko emanaldirako sarrerak TOPICeko webgunean eskuratu ahal izango dira, Leidorrekoak aldiz, kutxabank-en. Emanaldien aurretik ere sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira.
Euria egingo balu, emanaldiak Berdura plazan egingo lirateke.
Egitaraua osorik:
20:30. Topic. Ahaztutako soinuak. Abraham Cupeiro, Margarida Mariño eta Sabela Caamaño (Galizia).
20:00. Plaza Berria. Bidaia. Caroline Philips eta Mixel Ducau (Lapurdi).
20:30. Leidor. Xabi Aburruzaga Band (Bizkaia).
22:30. Fronton. Habana 3 (Kuba).
11:00. Kalepoza (Tolosaldea, Katalunia eta Asturias).
19:00. Euskal Herria plaza. Yesun Erdene (Mongolia).
20:00. Euskal Herria plaza. Khami (Gipuzkoa).
19:00. Plaza Berria. Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Xendarineko ahizpak (Zuberoa, Behe Nafarroa).