-
Jeajeaka kultur elkartearen eskutik eta Tolosako Udalaren laguntzarekin, herriari bizia emate asmoz eta kultura sustatzeko helburuarekin sortu den egitasmoa da.
-
Aurtengo Aste Santua ere berezia izango denez, ingurukoak Tolosara gerturatzeko eta bereziki, bertakoek gozatzeko egitaraua prestatu da apirilaren 7tik 11era.
Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute ToloFOLK kultura jaialdi berria alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, eta Jeajeaka kultur elkarteko ordezkariek, Manex Urruzolak eta Garikoitz Llobregatek. Jaialdiaren marka ere aurkeztu da herritarren artean ezagutzera emateko helburuarekin.
Alkateak azaldu duenez “iazko urtean eta baita aurengoan ere kulturaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen dugu, kultura gure herriaren parte delako, Tolosa izatez, herri bizia eta kulturala delako, ekintzen faktoria bat, eta horren guztiaren erakusle da aurkeztera gatozkizuen jaialdi berria”.
Iaz Tolosako Udalak, Suspertu Planaren baitan, herri dinamizaziorako eta kultur eragileen lana babesteko egitarau bereziak antolatu zituen, herriko eragileen parte hartzearekin, hala nola, udako eta udazkeneko programazioak eta Kultura Plazara egitasmoa. Aurten, kultura eta kirola babesten eta sustatzen jarraituko du Udalak egitasmo berriak martxan jarrita edota iazkoak indartuta; Kultura Plazara, esaterako, zabaldu egingo da denboran eta edukiari dagokionean, ekainetik urrira bitarteko iraupena izango du eta kultur arlo ezberdinei lotutako ekitaldi eta ikusikizunak barnebilduko ditu.
“Tolosaren biziberritze sozioekonomiko eta kulturalerako, Kultura Plazara eta ToloFOLK bezalako egitasmoak ezinbestekoak dira, Tolosa kultur arloan erreferente izaten jarraitu dezan” azpimarratu du. “Dagoeneko etorkizunean jarri behar dugu begirada, pandemia pasatzen denean gure herriak berezkoa duen izaera eta bizitasuna berreskuratu dezan eta kulturari lotutako egitasmo berri hauek guztiek jarraipena izan dezaten denboran; ToloFOLK aurten egingo da lehen aldiz, baina datozen urteetan jarraipena izateko helburuarekin”.
“Aurtengo Aste Santua ere berezia izango da guztiontzat eta beraz, jaialdiak kulturaz gozatzeko aukera eskainiko digu eta ziur naiz inguruko herrietako biztanleak ere erakarriko dituela gurera, Tolosa eta gure gastronomia eta kultura ezagutzera” azpimarratu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.
ToloFOLK, kultura herrikoiaren eta munduko musiken jaialdia
Tolosako agenda kulturala biziberritzeko, kultura herrikoari eta, oro har, kulturari oihartzuna eta indarra emateko, baita folk musikariei ikusgarritasuna emateko ere, sortu da jaialdia.
“ToloFOLK, kultura herrikoiaren eta munduko musiken jaialdia izango da, arlo honetan, Tolosa erreferente bilakatzeko asmoz”, azpimarratu dute antolatzaileek. “Tolosako, Tolosaldeko eta Gipuzkoako dantza-talde eta musika-taldeez gain, atzerriko artisten parte hartzea ere izango du; eta asmoa da jaialdiren bidez beren artean sinergiak sortu eta areagotzea” azaldu dute.
Pazko astean ospatuko da jaialdia, apirilaren 7tik 11era, herriko gune eta plaza ezberdinetan.
Egitaraua aurrerago iragarriko da, baina gaurkoan ToloFOLK marka eta jaialdia ezagutzera eman nahi izan dira herritarren artean jaialdia eta marka gizarteratzeko, tolosarron agendan, kultura hitzordu garrantzitsua izango baita ToloFolk jaialdia, bai aurten eta baita datozen urteetan ere.