Tolosako 6 emakume gaztek Alemaniara bidaiatuko dute, 'Erasmus+' programaren baitan, feminismoaz jarduteko beste lau herrialdetako emakumeekin batera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/10/03 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Emakume Gazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira topaketa bat antolatu da Alemaniako Wiesbaden hirian urriaren 6tik 14ra. 16-17 urte bitarteko 40 emakumek hartuko dute parte, tartean Tolosako 6 neskak + bi emakumezko hezitzailek.
  • Guztira beste 4 herrialderekin batera egongo dira Tolosako ordezkariak: Jerusalem (Palestina), Wroclaw (Polonia), Niñufer (Turkia) eta Wisbaden (Alemania).
  • Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia: “Kultura ezberdinak ezagutzea, beste hainbat herrialdeetako gazteekin elkarlanean proiektuak garatzea eta bidaiatzea onuragarri da gazteen garapen pertsonal zein profesionalean. Formazioa da progamaren oinarrizko osagaia, ezagutzak eta abenturak elkarbanatzeko aukera izango dute”.

“Kultura ezberdinak ezagutzea, beste hainbat herrialdeetako gazteekin elkarlanean proiektuak garatzea eta bidaiatzea onuragarri da gazteen garapen pertsonal zein profesionalean”. Hala nabarmendu du Nuria Carbonell, Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak estreinakoz Tolosan garatuko den 'Mugitu Europan- Erasmus+' programapeko ekimenaren aurkezpenean: Emakume Gazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira topaketa bat antolatu da Alemaniako Wiesbaden hirian urriaren 6tik 14ra. Bertan, 16-17 urte bitarteko 40 emakumek hartuko dute parte, tartean Tolosako 6 neskak + bi emakumezko hezitzailek: Garazi Oiartzabal, Malen Zeberio, Ane Antxustegietxarte, Maialen Nuñez, Nora Cecile eta Miren Goikoetxea.

Guztira beste 4 herrialderekin batera egongo dira Tolosako ordezkariak: Jerusalem (Palestina), Wroclaw (Polonia), Niñufer (Turkia) eta Wisbaden (Alemania). Egonaldia urriaren 6tik 14ra luzatuko da.

Zinegotziak oso aberasgarritzat jo du Gazteria alorretik sustatu den ekimen hau: “urteetan zehar landutako gaitasunak balidatzeko, nazioartean mugitzeko, hizkuntza aniztasunean sakontzeko edota berdintasuna eta inklusioa bezalako balioak lantzeko egokia da oso. Zalantzarik gabe, gazteengan parte-hartze ohitura errotzeko aukera eskaintzen du, herritartasun aktiboa izatea, adostasuna eta elkarlana oinarri duten politika publikoak bultzatzeko. Eta esperientzia paregabea, ziur naiz. Udalean garrantzia handia eman diogu ekimen honi, gure gazteei Europara bidaiatzeko aukera, beste herrialde eta kulturak ezagutzea, lagunak egin eta bizipen ahaztezinak izateko aukera ematen baitu”.

Formazioa da, Nuria Carbonellen iritziz, progamaren oinarrizko osagaia. “ezagutzak eta abenturak elkarbanatzeko aukera izango da. Egonaldian tailerrak, bisitak eta beste hainbat jarduera burutuko dituzte”. Hain zuzen, Tolosako ikastetxeekin elkarlanean burutu dute Tolosako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek aukeraketa, emakumeok herri ekimenetan, mugimendu feministetan, atzerriko programetan edota elkartrukeetan duten esperientzia aintzakotzat hartuz.

Europar programa honek gazteria alorrean eskaintzen dituen aukerez jabetuta, Tolosako Udalak emakume gazteen trukerako proiektua aurkeztu zuen. Gipuzkoan hiru izan ziren aukeratuak, tartean Tolosakoa. Horrela, Europar Batasunaren diru laguntza jaso du Udalak prozesu osoan zehar, azpiegitura eta Foru Aldundiko lantaldearen aholkularitza eta bide-laguntzaz gain.

Programa Europar Batasunaren diru-laguntzaren bitartez finantzatu da eta Tolosako Udalak bere gain hartu du 6 tolosarrekin Alemaniara bidaiatuko duten hezitzaileen kontratazioa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA