Tolosako ikasleek landutako 9 proiektu jaso ditu gazteen eta instituzioen arteko elkar ezagutza sustatzeko ‘Non bizi naiz’ egitasmoak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/07 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Laskorain Ikastolako, Herrikideko eta Orixeko batxilergoko 323 ikasleek hartu dute parte eta unitate didaktiko bat landu eta 66 proiektu garatu ostean, ikastetxe bakoitzak mota zein alor desberdineko 3 proiektu aurkeztu zituen Batzar Aretoan.  
  • Egitasmoa Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan kokatu da eta lotura zuzena du Haur, Nerabe eta Gazteen Planean jasotako helburu eta lan ildo nagusietako batekin: herritartasun aktiboa eta gazteen parte hartzea sustatzea. 

 

Joan den apirilaren 21ean Tolosako Laskorain Ikastolako, Herrikideko eta Orixeko hainbat ikasle Batzar Aretoan elkartu ziren ‘Non bizi naiz’ egitasmoaren baitan landutako proiektuen berri emateko.

Gazteen eta instituzioen arteko elkar ezagutza sustatzeko eta euskal erakundeak gazteen artean ezagutzera emateko landutako egitasmoa da ‘Non bizi naiz’ eta helburu izan du, hain zuzen, erakundeak eta gazteak elkarlanean jartzea eta instituzioak gazteengana gerturatzea, instituzioak zer diren edota zer nola eragiten dieten ezagutarazteko.

Tolosako Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean sustatutako proiektua da, herriko ikastetxeekin batera. Tolosatzen Eskola Irekiaren elkar ezagutzaren eta “instituzioak ezagutzen” lan lerroen baitan kokatu da eta lotura zuzena izan du Tolosako Udaleko Gazteria saileko ildo estrategikoekin, garatu berri den Haur, Nerabe eta Gazteen Planean jasotako helburu eta lan ildo nagusietako bat baita herritartasun aktiboa eta gazteen parte hartzea sustatzea. 

Arlo eta mota desberdineko 9 proiektu

‘Non bizi naiz’ egitasmoa lantzeko, ikasleek unitate didaktiko bat landu dute,  lan dinamika eta ariketa ezberdinekin batera. Unitate didaktiko hori, gainera, Tolosako ikastetxeetako bi ikasle ohiek garatutakoa izan da, Izaskun Egilegor eta Andoni Mateosek, hain zuzen. Horrekin batera, ikasle zein ikasleentzako gidak ere sortu dira.

Guztira 3 saio egin dira ikastetxeetan eta 323 ikaslek hartu dute parte, 153 Laskoraingoak, 63 Herrikidekoak eta 102 Orixekoak. Guztira 66 proiektu landu dituzte; horietatik ikastetxe bakoitzak 3 proiektu lehenetsi ditu eta horiek izan dira, hain zuzen, apirilean Batzar Aretoan egindako saioan aurkeztu zirenak.

Proiektuei dagokienean, mota eta alor desberdinekoak izan dira guztiak, eta gehien errepikatu dira, besteak beste, gazteriari loturikoak (%28), aisialdia edota kirolari loturikoak (%22), kultura arlokoak (%21), ingurumena zein lurralde arlokoak (%19) edota lan munduko proposamenak (%8). Horrez gain, osasunarekin, gizartearekin edota 3. adinarekin loturiko proiektuak ere garatu dituzte ikasleek.

Orain, iraila bitartean, teknikoki eta sakonki aztertuko dira ikasleen lehenetsitako 9 proiektuak, bai Udalean baita Aldundian ere, bereziki haien bideragarritasuna ahalbidetze aldera. Bien bitartean, egitasmo honi jarraipena emate aldera eta ikasleak jarraipen horretan ere inplikatu daitezen, etengabeko laguntza zein aholkularitza eskainiko dieten erreferentziazko pertsonak izendatu dituzte Udalak zein Aldundiak, ikasleak horiekin harremanetan jarri eta proiektuaren egoeraren berri jakiteaz haratago, proiektuen definizioari eta justifikazioari forma ematen jarraitu ahal izateko.  

Ondorengoan dira ikasleek aurkeztutako proiektuak:

Laskorain Ikastola

  • Abeltzaintza: inguruko baserritarrekin hitz egin eta abeltzaintza sustatzeko laguntza eskatu, gazteei animaliekin kontaktuan egoteko aukera eskainiz.
  • Ingurumena: Tolosako Oria ibaia garbi mantentzeko helburuz, teknologia berriaren sustapena, auzolana eta boluntariotza sustatzea, lanpostu berriak ere sortuz.
  • Sukaldaritza: Gazteei sukaldatzen irakasteko tailerrak egin eta bertako jakiak kalean bizi diren pertsonei banatzeko proposamena.

Herrikide

  • Aisia: gazteei zuzenduriko dantzatokia sortzea.
  • Lan mundua: gazteek lan mundua gertuagotik ezagutzeko ikastaroak antolatzea udan.
  • Harremanak: Gazteentzako lokal bat sortzea gazteei beren garapen emozional eta sozialean laguntzeko eta gazteen arteko harremanak sustatzeko.

Orixe:

  • Kirola: Euskal mendietan bide berriak eraiki eta seinaleztatzea, ondoren karrerak egin ahal izateko.
  • Etorkizuna: gazteei heldu bilakatzeko ezjakintasunaren aurrean laguntzeko tailerrak antolatzea.
  • Ikus-entzunezkoak: Pobreziari buruzko dokumentalak proiektatzea, herritarren kontzientzia pizteko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA