Tolosako Inauteriei buruzko dokumentalerako material bilketa martxan astelehenetik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/03/25 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Dokumental historikoa sortzea da helburua Tolosako festarik herrikoi, parte hartzaile eta jendetsuenaren jatorri, historia eta eboluzioa aztertu eta jasotzeko.

  • Horretarako, Udalak tolosarrek etxean izan ditzaketen ikus-entzunezko materialaren bilketa eta digitalizazioa egingo du, material hori galdu ez dadin.


 

 

Otsailean iragarri modura, aurtengo urtea baliatu nahi du Tolosako Udalak Inauterien inguruko dokumental historikoa egiteko, herritarrek etxean izan ditzaketen materialak bilduta eta digitalizatuta, artxiborako geratuko den ikus-entzunezkoa sortu eta tolosar guztien eskura jartzeko.

 

Helburua da, beraz, Tolosako festarik herrikoi, maitatu, parte hartzaile eta jendetsuenaren jatorria, historia eta eboluzioa aztertzea eta jasotzea.

 

Horretarako, lehenik eta behin, Udalak, material bilketa egingo du eta ondoren ekingo zaio dokumentalaren produkzioari, asmoa baita, dokumentala 2022 urterako prest izatea.

 

2011. urtean Jeiki Jeiki erakusketaren harira, Udalak tankerako ekimena jarri zuen martxan. Herritarren material asko bildu zen garai hartan eta ikus-entzunezko materiala ere sortu zen. Horiek guztiak ere erabili ahal izango ditu Udalak dokumentalerako. Baina oraindik material asko dago eta horregatik bigarren deialdi honen bitartez, Udalak herritarrek etxean izan ditzaketen grabazioak jaso eta digitalizatu nahi ditu, materialik galdu ez dadin.

 

Izarne Iglesias, kultur zinegotziak azpimarratu du: “guztiok ditugu etxean urtetan grabatu eta gorde izan ditugun bideoak, horietako asko gainera, altxor txikiak dira, inauterien eboluzio eta historia azaltzen dutenak; ekimen honen bitartez, horiek jaso nahi ditugu eta digitalizatu, galdu ez daitezen, balio eta garrantzia historikoa dutelako askok”. “Horregatik, tolosarrak animatzen ditugu material bilketan parte hartzera, etxean dituzten grabazioak digitalizatzeko aukera izan dezaten” gehitu du.

 

Material bilketa San Joanak arte, Kultur Etxean, goizez eta arratsaldez

 

Dokumentala osatzeko lehen urratsa beraz, materialaren bilketa egitea izango da.

 

Ekimen honetan parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 29tik, astelehenetik, aurrera eraman ditzakete Kultur Etxera beren etxeetan dituzten inauteriei buruzko bideo eta grabazioak. Horiek lotura izan beharko dute Inauteriekin; ez da digitalizatuko Inauteriekin zerikusirik ez duen materialik.

 

Material bilketa goizez, 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 20:30era, astelehenetik hasita San Joanak arte egingo da. Aste Santuko egunetan, goizez bakarrik egingo da bilketa, 10:00etatik 13:00etara. Edozein formatutan (VHS, Bideo 8…) aurkeztutako materiala jaso eta digitalizatuko du Udalak, eta digitalizatu ostean, USB batean itzuliko zaio materiala jabeari.

 

Herritarrek udalaren esku uzten dituzten ikus-entzunezkoak dokumentalerako erabili ahal izango dira, aurrez, herritarrek baimena emanda.

 

Ekaina bitarte jasotzen den materiala aztertuko da eta dokumentalerako gidoia prestatu, udan produkzio lanekin hasteko. Asmoa da, inauteriak ikuspuntu ezberdin batetik landu eta jorratzea, eta horretarako, inauterien inguruko ikerketa lana hartuko da dokumentalaren abiapuntu gisa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA