Tolosako inauterietako lehen kartel lehiaketak badu irabazlea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/13 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 51 lanen artean Laura Sanz Fernandezena izan da irabazlea eta, horrenbestez, 2023ko inauteriei irudia jarriko diena.
  • Lehen lehiaketa honekin etapa berri bati ekin zaio eta horren harira, Tolosako Udalak bere esker ona adierazi dio, beste behin, 2021ean zendu zen Tomas Hernandezi urte guzti hauetan, bere kartelen bitartez, herriari egindako ekarpenagatik, bere lan guztiak Tolosako Inauterien ikur eta adierazle bilakatu direlako.
  • Horrez gain, Udalak jakinarazi du bihartik aurrera zabaldik egongo dela, otsailaren 2a arte, inauterietako karroza eta konpartsetan parte-hartzeagatik eskaintzen diren dirulaguntzak eskatzeko epea.

 

Eguberriak amaituta, tolosarrok hasia dugu jada Inauterietarako atzera kontaketa. Gabonetako zuhaitza jasotzearekin batera, asko hasiak dira mozorroak pentsatzen edota horiek armairutik ateratzen eta prestatzen ere.

 

Hori horrela izanik, inauterietako kartela aurkeztu du gaur Tolosako Udalak, 2023ko inauteriei irudia emango dien kartela, alegia. Aurten lehen aldiz kartela erabakitzeko lehiaketa irekia egin du Udalak, 2021 urte amaieran zendu baitzen 1969az geroztik inauterietako kartelaren diseinatzailea izan zen Tomas Hernandez artista.

Aurtengo lehiaketak, beraz, hasiera eman dio etapa berri bati, hasiera indartsua, gainera. Guztira 51 lan aurkeztu dira lehiaketara, 8 emakumerenak eta 43 gizonezkoenak, eta horien artean, epaimahai bitartez Laura Sanz Fernandezek aurkeztutako lana aukeratu da irabazle gisa. Epaimahaikide izan dira Eider Epelde diseinatzailea, Leire Martinez Tolosako Kultur Etxeko pintura irakaslea, Edorta Kortadi arte kirtikoa eta irakazlea eta Aitor Hernandez diseinatzailea eta Tomas Hernandezen semea.

Hori horrela, irabazlearen irudia 2023ko inauteriak irudikatzeko erabiltzeaz haratago. Sanzek 1.500 euroko saria jaso du. Kartela kolore ezberdinetako forma geometriko eta organikoz osatuta dago, tolosarrek erabiltzen dituzten txilabei erreferentzia eginez. “Obra abstraktua da, kartelean bizitza eta mugimendu gehiago izatea lortzen duten hainbat irudirekin batera. Islatu nahi izan dudana, sormenez, dibertimenduz eta alaitasunez betetako eztanda da. Hori da, azkenean, inauteriak niretzat irudikatzen dutena”, azaldu du egileak.

Esker ona 53 urtetan egindako lanari

Tomas Hernandez artistak 53 urte igaro ditu inauterietako kartela diseinatzen, baina, tamalez, Hernandez 2021eko eguberrietan zendu zen eta 2022koa izan zen bere inauterietako kartelaren azken diseinua.

Hala eta guztiz ere, urteen poderioz, bere lanak Tolosako inauterien adierazle eta ikur bilakatu dira. Horren adibide dira, esaterako, inauterietako lehen kartel lehiaketa honetan, Hernandezen obra omentzen aurkeztutako hainbat lan.

Hori horrela, Udalak, beste behin Hernandezen lana eta herriari egindako ekarpena eskertu nahi izan ditu. “Tolosarrok beti izango ditugu gogoan Tomasen lanak eta kartel horiek, Tolosako inauterien parte garrantzitsu bat osatuko dute betirako, modu horretara, bere lana tolosarren artean bizirik mantenduz”, adierazi dute Udaletik.

Inauterietako karroza eta konpartsen dirulaguntza

Eta inauterien antolaketan gehiago murgiltzeko, Tolosako Udalak jakinarazi du bihar zabalduko dela karroza eta konpartsetan parte-hartzeagatik Udalak eskaintzen dituen dirulaguntzen eskaera epea. Epe hori zabalik egongo da urtarrilaren 14tik otsailaren 2a bitartean eta helburu dute inauterietan herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea.

Laguntza hauek 2.5-7 metro bitarteko luzera duten karrozak eta gutxienez 2 metro zabal eta 3 metro luze dituzten konpartsei zuzenduta daude. Eskaerak egiteko interesdunek dagokion eskaera-orria bete beharko dute (karrozena edo konpartsena) eta ondorengo bideak izango dituzte eskaera horiek aurkezteko:

  • Aurrez aurre UDATEn: astelehenetik ostiralera 7:15-14:15 bitartean eta ostegunetan 7:15-19:00 bitartean.
  • Telematikoki, udal webgunean.
  • Posta bulegoetan, erregelamenduz ezartzen den moduan.
  • Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo bulego kontsularretan.
  • Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
  • Indarrean dauden xedapenetan ezarritako beste edozein tokitan.

Deialdia, bete-beharreko baldintzak eta eskaera orriak eskuragarri daude esteka honetan.  

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA