Tolosako Musika Bandak inauterietako kontzertua eskainiko du kide ohien parte hartzearekin

Tolosako Udala
2020/02/04 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Emanaldian parte hartu nahi duten bandako kide ohiei deia egin diete, inauterien atarian eskainiko duten kontzertuan parte hartzeko. Kontzertuan parte hartu nahi dutenek otsailaren 11n eta 13an egingo diren entseguetan parte hartu dezakete. Emanaldia otsailaren 16an izango da.

  • Tolosako Txistulari Bandarekin batera, Tolosako Musika Bandako kideek kontzertua egingo dute igandean Uzturre egoitzan.

  • Neguko kultur programazioaren barruan Códice dantza ikuskizuna ikusi ahalko da ostiralean Leidorren, 20:30etik aurrera. Larubatean, berriz, Body Rhapsody haurrentzako ikuskizuna Topic-en, 18:30ean.

 

Nabarmena da dagoeneko inauteri usaina Tolosan, eta horien atariko ekintzak ere hasi dira ugaritzen. Ekintza horien artean egongo da Tolosako Musika Bandak otsailaren 16an egingo duen inauterietako kontzertua. Ohi bezala, bandako kide ohiei bertan parte hartzeko gonbita luzatu die bandak, eta adierazi dute entseguak otsailaren 11n eta 13an izango direla, 20:15etik aurrera. Inauterietako kontzertuaren aurretik, ordea, igande honetan Uzturre egoitzan egingo dute kontzertua, Tolosako Udal Txistulariekin batera. 11:30ean hasiko da emanaldia.

Inauterietako etena egin aurretik, neguko kultur programazioaren barruan Códice dantza ikuskizunaz gozatu ahalko da ostiralean Leidorren, 20:30etik aurrera. Circle of trust (COT) & Logela-ren koprodukzio berriak bi taldeek arte eszenikoen munduan lortu duten garapena eta ontzea erakusten du. Jordi Vilasecaren gidaritzapean, eta aurreko arrakasten babesean, Códice lanarekin itzuli dira. COT breakdance konpainiak disziplina ezberdinetan aritzeko duen nahiari tiraka, dantza urbanoaz harago dagoen munduan deskubritu du bere burua. Instalazio eszeniko multimedian espezializatuta dagoen Logelak, berriz, COT-en lana biltzen duen dispositibo eszenografiko bat sortu du. Zehazki, dantzariekin, argiarekin eta espazio eszenikoarekin interaktuatzen duten bideoak sortu ditu. Jordi Vilaseca bera arduratu da ideiak ordenatzeaz eta antolatzeaz ikuskizun hau sortzeko.

Datozen egunetarako antolatuta dauden kultur jardueren artean dago baita ere Body Rhapsody haurrentzako emanaldia. Larunbatean izango da, Topic-en, 18:30etik aurrera. Hitzik gabeko emanaldia da, sei urtetik gorako haurrei zuzendutakoa, eta egileek zehaztu dutenez pertsonaia dibertigarrien desfile pintoresko bat da ikuskizuna. Pertsonaiak eszenara ateratzen diren momentu laburretan, egunerokotasunean izkutatzen diren momentu poetikoak berreskuratu nahi dituzte. Pertsonaia horiek, beraien amets eta frustrazioekin, beraien arrakasta eta porrotekin, gizakiaren tragikomediaren antzerkia kontatzen dute.

Amalur jardunaldietan hurrengoa

Amalur jardunaldiek ere aurrera jarraitzen dute, eta hurrengo zita ostiral honetarako dute zehaztuta. Patricia Almarcegui idazleak eta literatura konparatuko irakasleak egingo du hitzaldia, 19:30etik aurrera, Topic-en. Antolatzaileek adierazi dutenez, Erdialdeko Asia ia erabat ezezaguna da Mendebaldean, eta oso gutxi dira emakumeek idatzitako bidaia-liburuak. Hitzaldi honen bidez, gerturatze bat egin nahi da, Almarceguik 2007 eta 2008 bitartean egin zuen ibilbide baten bidez: Samarkanda, Bujara, Jiva, Fergana, Osh, Karakol…

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA