Tolosako Udal Musika Bandaren Udaberriko kontzertua, larunbatean, musika eskolako ikasleekin

Tolosako Udala
2024/05/08 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Tolosako Udal Musika Bandak, Udaberriko kontzertua eskainiko du maiatzaren 11n, larunbata. Emanaldia Plaza Zaharrean izango da, 18:30ean hasita.
  • 9 kantuko egitaraua eskainiko dute, eta Udal Musika Eskolako 10 ikaslek eta gorputz erritmoa lantzen duten 7 urteko ikasleek ere parte hartuko dute.

'Egun batez bandakide' izenburupean, 2022an hasi zen Tolosako Udal Musika Banda, kontzertuetako bat musika eskolako ikasleekin batera egiten. Iazko kontzertuan, esate baterako, 150 haur eta gaztetxo aritu ziren bandarekin batera. Aurten, Tolosan eta Ibarran ospatuko den Musikaldia dela eta, ikasleak hori prestatzen aritu dira. Horregatik, aurten 10 laguneko taldea izango dute bidelagun. Horiez gain, gorputz erritmoa lantzen duen 7 urteko ikasleen taldeak ere parte hartuko du kontzertuan.

Bandarentzat 'harrobia' ezagutzeko hitzordu paregabea da. Ikasleentzat, berriz, ikasten ari direna praktikara eramateko aukera bikaina da kontzertua. Etorkizunean, akaso, bandako kide izatera heldu baitaitezke. Gainera, azken asteetako entseguetan bandako kideekin batera aritu dira, eta horrek asko laguntzen du. Etorkizuna orainarekin elkarlanean, bata bestea ezagutzen, laguntzen, eta musikaz gozatzen.

Kontzertuko gai nagusia elkarrizketa izango da. Gorputz espresioaren eta musika tresnen bitartez, bakoitzak bere barruarekin eta besteekin harremanetan jartzea izango da helburua, hau da, bide desberdinak erabiliz, bakoitzaren sentipenak besteenekin konektatzea, emozioa eta enpatia sorraraztea, eta nola ez, musikaren indarra sentitzea.

Hori horrela, 9 kantuz osatutako errepertorioa prestatu dute. Besteak beste, Takashi Hoshiden Super Mario Bros, Bruno Marsen Uptown Funk edota Leonard Cohenen Halleluyah interpretatuko dituzte. Halaber, orkestra munduan oso ezaguna den Leroy Andersonen The typewriter obraren bandarako moldaketa ere joko dute. Kontzertuko obra batzuk entzun bitartean, bertaratzen direnek zenbait olerki eta ipuin entzuteko aukera ere izango dute, Garazi Urkolak kontatuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA