ESNEKIren 5. edizioa Tolosan, azaroaren 6 eta 7an

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/11/04 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Bereziak sektoreko profesionalak eta herritarrak elkartuko ditu, jardunaldi tekniko, dastaketa, tailer eta familia osoarentzako jarduerekin.
  • 35 gaztandegitako 91 erreferentzia lehiatuko dira Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten V. Txapelketan.
  • Gazta eta bestelako esnekiak ezagutu eta erosteko aukera izango da azoka bereziko 28 postuetan.

ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Bereziaren bosgarren edizioa azaroaren 6an eta 7an egingo da Tolosan, Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Mantala, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE, GIFE, Euskal Esnekigileak eta Tolomendi laguntzaile dituela. 

Aurtengo edizioa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Merkataritza, Azoka eta Turismoko zinegotziak, Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak, Imanol Zubelzu Mantala Basque Gastronomy-ko arduradunak, Eneko Dorronsoro Gipuzkoako Frisoi Elkarteko (GIFE) ordezkariak eta Iker Karrera Tolomendiko ordezkariak.

Bi eguneko egitaraua izango du: ostiralean, sektoreko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikoa eta haurrentzako jarduerak egingo dira; larunbatean, berriz, Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten V. Txapelketa, eta Gazta eta Esnekien V. Azoka Berezia izango dira protagonista, dastaketa gidatuekin eta bestelako erakustaldiekin batera.

Aurkezpenean, Aitor Agirresarobek nabarmendu egin du ESNEKIk ekoizleen eta herritarren arteko harremana sendotzeko duen garrantzia: "ESNEKI ez da gazta eta esnekien lehiaketa bat soilik. Euskal Herriko ekoizleen lana aitortzeko, ekoizpenen kalitatea erakusteko eta haien produktuak herritarrengana hurbiltzeko topagunea ere bada. Horretarako aukera paregabea eskaintzen dute txapelketak eta azokak".

Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten V. Txapelketa
Azaroaren 7an, larunbatean, Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurten V. Txapelketa egingo da Beotibar pilotalekuan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako produktuak biltzen dituen lehiaketan, 35 gaztandegitako 91 produktu aurkeztuko dira aurten.

Elikagaien sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak produktuen itxura, testura, usaina eta zaporea baloratuko ditu, 10:00etatik aurrera. Epaimahaiak gaztak dastatu eta baloratu ahala, publikoaren artean banatuko dira, probatzeko, 11:00etatik aurrera. Sari-banaketa 13:00etan egingo da, Beotibar pilotalekuan bertan.

28 postu Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezian
Txapelketarekin batera, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Azoka Berezia egingo da Trianguloa plazan. 28 postu izango dira aurten, eta bisitariek askotariko gaztak eta esnekiak ezagutu, dastatu eta zuzenean ekoizleei erosteko aukera izango dute, 09:00etatik aurrera, Trianguloa plazan.

Horrez gain, aurreko edizioetan harrera ona izan duen Euskal Herriko Gazta Mahaia ere antolatuko da Beotibar pilotalekuan. Leartikerreko adituek gidatutako dastaketak 10:00etatik aurrera egingo dira, 4 txandatan, eta hainbat gazta motaren ezaugarriak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Saioetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da esneki.eus webgunean, eta txartelak 8 euro balioko ditu.

Jardunaldi teknikoa eta haurrentzako esperientziak, ostiralean
ESNEKIren egitaraua ostiralean hasiko da, 10:00etan kultur etxean egingo den jardunaldi teknikoarekin. Ekoizleei eta ekintzaileei zuzendutako saioa izango da, esnekigintzaren inguruko ezagutza partekatzeko eta sektorearen garapenari lotutako gaiak lantzeko.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako bi jarduera antolatu dira (5 eta 7 urte arteko umeentzat gomendagarria): batetik, Esnetan esperientzia hezigarria, 18:00etan, Alondegian, non behiak jezteko simulagailua jarriko den, eta, esnearen inguruko azalpenak jasoko diren; eta bestetik, Errapetik ahorainoko bidea sukaldaritza-tailerra, 18:45ean, Beotibar pilotalekuan, non esnekiak eraldatzen erakutsiko den. Lehenengo jarduera irekia izango da; bigarrenean parte hartzeko, berriz, aurrez izena eman beharko da esneki.eus webgunean.



Azaroak 6. Ostirala
10:00, Kultur etxea: ESNEKI jardunaldi teknikoa, ekoizleei eta ekintzaileei zuzendua.
18:00, Alondegia: Esnetan jarduerak haurrentzat. Jarduera irekia.
18:45, Beotibar pilotalekua: Errapetik ahorainoko bidea ikastaroa haurrentzat. 5-7 urteko haurrentzat gomendagarria. Izen-ematea derrigorrezkoa.

Azaroak 7. Larunbata
09:00, Trianguloa plaza: Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Azoka Berezia. 28 postu.
10:00, Beotibar pilotalekua: V. ESNEKI Txapelketa. 35 gaztandegi eta 91 produktu.
10:00etatik aurrera, Beotibar pilotalekua: Euskal Herriko Gazta Mahaia: dastaketa gidatuak. Lau txanda: 10:00, 10:45, 11:30 (gazteleraz) eta 12:15. Sarrera: 8 euro. Izen-ematea derrigorrezkoa.
11:00etatik aurrera, Beotibar pilotalekua: Txapelketako gazten dastaketa. Epaimahaiak baloratutako gaztak publikoaren artean banatuko dira.
11:00etatik aurrera, Alondegia: Frisoi behiak ileapaindegian erakustaldia. Sei frisoi behi, bi txandatan.
13:00, Beotibar pilotalekua: V. ESNEKI Txapelketa: sari-banaketa.
Goizean zehar, Alde Zaharreko kaleetan: Tolosako Udal Txistulari Banda ibiliko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA