- Ekainaren 15 eta 16an eta 21etik 24ra ospatuko dira aurtengo San Joan jaiak.
- “San Joan eguneko soinu-banda txistulariek jartzen dute, Musika Bandarekin batera. Urteetako ibilbidearen aitortzan, Udal Txistulari Bandak jaurtiko du suziria” adierazi du Olatz Peon Ormazabalek.
- Jai parekideak jomuga, 'Tolosak, EZETZ' kanpaina jarri du abian Udalak.
- Garraio publikoaren ordutegiak, jaien inguruko informazioa edota programazio guztia www.tolosa.eus -en kontsulta daiteke.
Sanjoanen osagai garrantzitsuenetakoa, nagusiena ez bada, musika izan ohi da. Aurten inoiz baino gehiago, gainera. Tolosako Udal Txistulari Bandak jaurtiko du jaiei hasiera emango dien suziria ekainaren 21ean. Aurretik ordea, izango da Tolosako kaleetan sanjoanen usaina sumatzeko astirik, aurreko asteburuan, ekainak 15 eta 16, ekintza ugari izanen baitira, gehienbat kirol alorrekoak.
Zerkausiko terraza izan dute, eguraldi ona lagun, 2019ko San Joan jaiek aurkezpen kokaleku. Olatz Peon Ormazabal alkatearekin batera, bertan izan dira Enrique Arostegi Udal Musika Bandako kidea, Jon Garmendia Udal Txistulari Bandaren ordezkaritzan, Juan Bautista Aranzabe Helduen Eguneko antolakuntzako kidea, Nora Yugueros eta Maddalen Aguirre Kuadrilen ordezkaritzan, Maitane Arribas Gazte Topaguneko hezitzailea eta Miren Nabal eta Maialen Indakoetxea Udaberri Dantza Taldetik. Alkateak nabarmendu du bertan batu diren sanjoan jaien esentziaren ordezkaritza zabala: “herri honen izaeraren parte da. Tolosarron inplikazioa, auzolana. Oso garrantzizkoa. Jai egunetan noski, baina batez ere aurretiazko prestaketetan eta antolakuntzan dabiltzanak ugari, tartean nire alboan daudenak”. Udalarekin elkarlanean urtez urte jaiak antolatzen dituzten eragile, talde zein banakakoei eskerrak eman dizkie.
Jaiok urtez urte izaten duten berrikuntza nagusietako bat eman dute ezagutara: Udal Txistulari Bandak abiaraziko ditu aurtengo sanjoanak. “Tolosako musikarien lorbidea eta askotan sorleku ere izan da, eta Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako musikarien jarraipen gune. Urtean zehar emanaldi ugari eskaintzen dituzte guztion gozamenerako, baina bereziki indar berezia hartzen dute iñauteri zein sanjoanetan. Bada, San Joan eguneko soinu-banda txistulariek jartzen dute, Musika Bandarekin batera. Urteetako ibilbidearen aitortzan, Udal Txistulari Bandak jaurtiko du suziria” adierazi du Olatz Peon Ormazabalek.
Suziriari jarraiki, eta aurreko asteburua kontuan hartuta, 60 ekintza inguruk osatzen dute 2019ko San Joanen egitaraua, 6 egunetan banatuta. “Tradizioa eta berrikuntza paregabe uztartzen dituen jaiak dira sanjoanak -alkatearen iritziz-. Sanjoanek badituzte mugi-ezinak diren ekitaldiak: eskopetariak, musika banda, bordondantzariak, Sanjoan bezperak eta biharamunekoak, erraldoiak; kirol arlokoa da ere programazioaren zati handi bat; eta noski, musikarik gabeko festa irudikatu al daiteke inon? Ez da txaranga, dultzainero bertsolari edo txistulari bandaren emanaldirik faltako”. Dantzaldi edo kontzertuei dagokienean: Olatz Salvador, Urko, Izaki Gardenak, Bad Sound Sistem, Willis Drummond, Tximeleta edota Isidro Larrañaga akordeoilaria. Horiek, beste hainbaten artean. Baita, noski, Udal Musika Bandaren emanaldiak eta Txistularienak ere.
Haurrek beren espazio propioa izango dute egunero. Nabarmentzekoa, Zumardiandian duela lau urtetik antolatzen den jaialdia. Aurten naturan oinarritutako zientzia-esperimentu didaktikoak izango dira. Baita, Beantatuz Nazioarteko Arte Jaialdiarekin elkarlanean, mural margoketa bat ere. Noski, Haurren Hiria egitasmotik eratorritako San Joan su txikiak ere jarraipena izango du.
Eta haurren pare, helduek ere izango dute beren eguna, bigarrenez. Iazko arrakastari jarraiki, Zerkausia hartuko dute helduek bere egun handian, ekainaren 21ean.
Kuadrillek eta Udal Gazte Topaguneak antolatzen duen Gazte Erronkak ekainaren 22an hartuko dute lekukoa. 1991ko ekainean hasitako ohitura hark 29 urte beteko ditu aurtengoan. Ia hiru hamarkada. Aurten 110 kuadrillek eta 1.600 lagun baino gehiagok hartuko dute parte.
23 eta 24an hartuko du tradizioak protagonismo berezia. Bezperako suaren ondoren, udal ordezkari, erraldoi, txistulari, dantzari, kofradien... ondotik, bordondantzari eta eskopetariak ibiliko dira. Aurten bordondantzak 40 urte betetzen ditu. Eskopetarien kasuan, guztira, 16 konpainia irtengo dira, 2 emakume kapitaindunak, 1.500 pertsona ingururekin. Aurten konapinia berri bat gehitu da: Aiz-Orratz Veletakoa.
Aurtengo jaiek 134.034 euroko aurrekontua dute guztira: 43.475,30€ gaueko musika emanaldietan; 23.723,63€ eguneko musika emanaldietan; su festan 5.500€; 2.971€ dantza emanaldietan; 1.700€ herri kiroletan; 2.154€ eliza loreztatzeko; 14.431€ haur ikuskizunetan; 14.832,54€ eskopetariak; Koadrilla eguneko azpiegituretan 7.582,09€; 5.505€ megafonia instalazioetan; 3.000€ egileen eskubideak; eta 9.139,08 bestelako gastuetan.
Jai parekideak jomuga
'Tolosak, EZETZ' kanpaina jarri du abian Udalak. Bi urte dira “Sexu-erasoak herriko jaiegunetan: Udal zerbitzuen betebeharrak” protokoloa prestatu zuel Tolosako Udalak. Aurten ere, eragile guztiei zabaldu zaie, honelako ekintzaren bat jazoz gero, Udalak zer nolako gidalerroa izango duen jakin ahal izateko.
“Indarkeria matxistarik gabeko herri batel alde” gida kaleratu da ere jaiaren parte diren eragileen eta herriko sektore ezberdinen artean, honeko kasu baten aurrean zer nola jokatu jakiteko.
Bestalde, Puntu lilak eta Tolosak ezetz kartela banatu dira komertzioetan eta tabernetan. Herrian zehar dauden panel informatiboetan ere Tolosak ezetz kartelak ezarri dira, kasuren baten aurrean telefono erabilgarriak barne hartzen dituena. Horrez gain, Joka sano pegatinak banatuko dira Kuadrilla egunean eta eskopetarien artean. Gune publikoetan ere eskuragarri egongo dira.
Eskuragarri ere garraio publikoen ordutegi guztiak www.tolosa.eus -en.