- Udalak iñauterien lehen balorazio positiboa gauzatu du, ezbehar azpimarragarririk gabea, eta herritarren inplikazioa, egindako lana eta parte-hartzea nabarmendu eta eskertu du.
- Datorren martxoaren 12rako, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, deitu da balantzea egiteko bilera irekia Kultur Etxean.
Gutxiago geratzen da 2020ko iñauterietarako. Behin iñauteri ondorengo asteazkenera iritsita, balantzea egiteko unea da. Zantzu orokorretan, Udalak balorazio positiboa gauzatu du 2019ko iñauteriekiko: eguraldia oso ona izan da, tolosarren imajinazioak, umoreak eta lanek kaleak bete dituzte eta ez da gertakari larririk jazo. Horrexegatik, Udalak, tolosar guztiei egindako lana eskertu die, eta egunez egun, jarritako ilusioa eta iñauteriaren parte izateko egindako ahalegina azpimarratu. Baita, eskerrik beroena iñauteriak era egokian garatzeko, era batera edo bestera, lanean ibili diren guztiei.
Ostegun Gizenarekin abiatu ziren 6 egunez luzatu diren iñauteri egunak. Zaldunita Taldeak bota zuen suziria, 2019ko Kabi Alai Kuttuna, eta astearteko ordu txikiak bitarte ez da itzali. Bereziak izan dira txaranga ugariren hotsak, urteurren borobilak bete baitituzte gure kaleak musikatzen. Baita danborradako unea ere, aurtengoan zaldiekin. Urteroko eran, ideia berritzaile bezain gogoangarriak plazaratu dituzte tolosarrek osatutako karroza eta koreografietan. Guztira 95 karroza eta konpartsek hartu dute parte lehiaketan, eta 1.400 haurretik gorak hartu zuten parte astelenitako aisialdi taldeen desfilean.
Gertakariak
Lau pertsona izan dira atxilotuak lapurretekin lotuta: bat taberna batean lapurtzeagatik, beste bat mugikorrak eta diru-zorroak lapurtzeagatik eta bi saltoki batean lapurreta-saiakeragatik.
Bestalde, 89 salaketa jarri dira egunotan mugikor/diru-zorro lapurretekin lotuta: 50 mugikorrengatik eta 39 diru-zorroengatik, zehazki. Guztira 30 pertsona izan dira identifikatuak.
Alor sanitarioan, berriz, 48 pertsona izan dira hartatuak zauriengatik eta 15 akohol-intoxikazioagatik. Azken honetan jaitsiera nabarmena eman da azken urteotan.
Gazteei alkoholaren kontsumoak dituen arriskuetaz ohartarazteko asmoz, Udalak lanketa berezia egin du iñauteri hauetan. Hala, Gipuzkoako ikastetxetako ikasle eta guraso guztiei gutun bat helarazi zaie, non astelenitan sortzen den egoeraren inguruan berri eman eta aktuazio irizpide lagungarri batzuk eskeini zaizkien. Ai Laket-eko teknikariek eta Inmakulada ikastetxeko ikasleek kaldererotan eta astelenitan egindako eskuhartzea ere positiboki baloratu du Udalak.
Udalak, bestalde, irmoki gaitzesten du larunbatean, martxoak 2, salatutako sexu-erasoa. Elkartasuna eta babesa adierazi dio Udalek eta indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarri ditu.
Zarata gutxiago
Aurten Udalak bi neurri hartu zituen Triangulo inguruan sortzen zen zaratari aurre egiteko: Trianguloa eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean 'zarataren kontrolerako eremu berezia' sortu, bertan zuzeneko emanaldiak lehenetsiz, eta karroza/konpartsek egunean zehar egin dezaketen gehieneko zarata 90 dB-tara mugatu da, eta gauekoa, 65 dB-tara.
Bi neurri berri hauen balantzea positiboa da, nahiz eta, bidea badagoen oraindik egiteke: Trianguloko eremuan zarata asko gutxitu da, baina hainbat konpartsa txiki San Frantzisko pasealekuan zehar zabaldu dira, maila apalagoan bada ere, zarata sortuz. Beraz, Udalak, neurriak hartzen jarraituko du zarataren gaia bideratzen jarraitzeko.
Bestalde, bigarrenez, Rondilla kalea eta San Francisco pasealekutik haratago, Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Foruen etorbidean kokatu dira karrozak. Hainbat gunetan ez dira esleitutako tokian kokatu eta horrek desorekak eragin ditu ibilbidean. Karroza eta konpartsetako kideekin jorratuko da ea gaia nola bideratu.
Kale garbiketa
Kale garbiketari dagokionez, berriz, 491.000 litro ur eta 520 litro desinfektante usaindun erabili dira kaleak garbitzeko.
Hondakin bilketa berezia izan da egunotan, eta edukiontzi gehiago zein puntu berriak ezarri dira. Kalean 162 m3 hondakin jaso da 6 egunotan.
Kale garbiketan aritu diren langileen lana azpimarratu du Udalak eta baita lantaldearekiko herritarrek izan duten kolaborazioa eta begirunea ere.
Garraio publikoaren erabilpen zabala
Trena eta autobusa izan dira iñauterietako garraio erabilienak. Zerbitzuak zabalak izan dira. Autoz etorri direnek parkinak erabiltzeko aukera izan dute. Ez da arazo berezirik egon.
Aipatu ere, Tolosako Udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatu zituela egunotarako. Eskertzekoa burutu duten lana.
www.tolosa.eus -en eta Udalaren sare sozialetan iñauterien jarraipen osoa gauzatu da
Iñauterien jarraipen zabala egin du Tolosako Udalak: ekimen gehientsuenen jarraipena egin da eta Udal Musika Bandaren kontzertua, txupinazoa, Ostegun Gizeneko zezen festa eta diana zuzenean eskaini dira www.tolosa.eus -en eta Udalaren komunikazio kanal orotan. Baita 'Tolosako iñauteriak' plataforman ere. Seinale instituzional gisa eskaini da eduki oro, munduan barrena jaia zabalduz. Iñauterietan egin bezalaxe, herritar nahiz bisitariak #TolosakoIñauteriak traola erabiliz edukia elkarbanatzera gonbidatzen ditugu.
Karroza eta konpartsen lehiaketako sari banaketa larunbatean Topic-en
Larunbatean, martxoak 9, ezagutuko dugu zein diren 2019ko Tolosako Udalaren karroza eta konpartsa lehiaketako sarituak arratsaldeko 19:00etatik aurrera Topic-en egingo den ekitaldian. Aurten, estreinakoz, berdintasun sariarekin batera, 'banderola berdinzalea' emango zaio karroza berdinzaleenari.
Jendearen iradokizunak jasotzeko prest
Datorren martxoaren 12rako, asteartea, deitu du Udalak iñauterien balantzea egiteko bilera irekia. Arratsaldeko 19:00etan izango da Kultur Etxean. Horrez gain, festak@tolosa.eus helbidera ere igorri daiteke jaien inguruko iritzi eta iradokizunak.