Topic - Tolosako NazioartekoTxotxongilo Zentroaren 2018/19 ikasturteko programazioa aurkeztu da

Tolosako Udala
2018/09/12 | Kultura, Gazteria, Jaiak

Atzo, irailak 11, aurkeztu zen Topic-eko Titereszena egitarauaren 2018-2019 denboraldia eta bertan hamabi ikuskizun, bi aldizkako erakusketa, ikastaroak eta tailerrak, antzeztutako bisita gidatuak, etab… ikusi ahal izango dira.

Topic-eko zuzendaria den Idoya Oteguik eman zituen xehetasun nagusiak eta Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Denis Itxaso, Kultura Diputatuak eta Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatearen babesa jaso zuen.

Denboraldi berrian programatu den lehendabiziko erakusketa Donostiako Zinemaldiaren baitan zabalduko da, animazio-txotxongiloekin zer ikusia duelako. Erakusketan, Coke Riobóo eta Lourdes Villagómez animazioan adituek komisariatuta, sortzaile desberdinek plastilina, txotxongilo eta objektuekin egindako animazio-filmetan erabilitako teknikak ikusi ahal izango dira.

2019ko azaroaren 10ean Topic-ek hamarkada bat beteko duenez, 2019-2020ko denboraldiaren ospakizun-egitaraua osatzeko herritarren partaidetzaren bitartez egin nahi da. Horregatik deialdia luzatzen dugu proposamenak, iritzi eta ekarpenak helarazteko urteurren polit bat ospa dezagun.

Iradokizunak cittolosa@cittolosa.com helbidera bidali eta gaian Topic-eko 10. urteurren ospakizuna jarri.