- Zortzi ikuskizun, hiru erakusketa, eta tailer praktiko, bisita gidatu eta ekintza ugari egingo dira, maiatzera bitartean, Topic zentroan.
Gaur goizean aurkeztu da Titereszena programazioaren 2023-2024 denboraldi berria. Urriaren 7an abiatuko da, ikuskizun, bisita gidatu, erakusketa eta tailer praktiko ugarirekin.
Kataluniako Giramagic konpainiaren “Hai, la pescadora de sueños” ikuskizunak emango dio hasiera egitarauari. Ikuskizun horri beste zazpi gehituko zaizkio denboraldian zehar: Mots de tète Compagnie konpainia frantsesaren “La llamada del mar”; Gorakadaren “Kelonia eta itsasoa”; Bambalina konpainiaren “Cucu”; Corolis uruguaiarren “Trapos”; Cal Teatre-ren “Aulkien jokoa”; Aufur & Enmesures konpainia frantsesaren “Ricdin-Ricdon”, eta azkenik, maiatzean, Javier Aranda “Vida” ikuskizunarekin.
Ikuskizun horiek guztiak Topiceko antzokian ikusi ahal izango dira larunbatetan, 18:30ean, baita eskola-kanpainan ere. 2023-2024 eskola-kanpaina hau 4 urtetik gorako ikasleentzat izango da, batez ere, txotxongiloen mundua hurbilago ezagutu ahal izateko. Asteko egun batean Topic bisitatuko dute, pedagogiako arduradunekin, eta esperientzia “magiko” bat biziko dute: aldi baterako erakusketara eta museora bisita egin, txotxongiloak egiteko tailer batean parte hartu eta ikuskizun bat ikusi.
Ikuskizunen jarraituz, Titirijaik 41. edizioa egingo du aurten, azaroaren 25etik abenduaren 3ra, eta mota guztietako ikuskizunak ekarriko ditu Tolosara Nazioarteko jaialdiak.
Tailerrak, erakusketak eta bisita gidatuak
Tailerrak ere funtsezkoak dira Titereszenaren programazioan. Formatu askotan egingo dira tailer hauek: hilabete horretako ikuskizunarekin lotutakoak, tailer ibiltariak, online tailerrak, eskola-kanpainarekin lotutakoak, edota Gabonetako eta Aste Santuko tailer bereziak, besteak beste. Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Sailarekin elkarlanean ere barazkiekin txotxongiloak egiteko tailerra eskainiko da.
Aldi baterako erakusketei dagokienez, John Blundall artista txotxongilolariari buruzkoa joan den astean inauguratu zen, eta otsailaren 18ra arte egongo da zabalik. Aldi baterako beste erakusketak Errege Makina izango du ardatz eta 2024ko martxotik aurrera ikusi ahal izango da. Anbigu aretoan, zentroko beste erakusketa-gunean, orain Blundallen aldi bateko erakusketa osatzen duten kartelak eta txotxongiloak daude, urriaren 15era arte. Hortik aurrera “Ikusezinak” erakusketa izango da ikusgai, Emaus fundazioarekin lankidetzan antolatutakoa, azaroaren 19ra arte.
Bisita gidatuak dira Titereszenaren beste atal nagusietako bat. Bisita gidatuak, bisita gidatu antzeztuak eta ‘Txotxongiloak eta emakumeak’ jarduera ere egin ahal izango dira. Horiek guztiak museologia taldeak gainbegiratuko ditu. Aurten, gainera, Topiceko biltegira bisita gidatuak eskainiko dira, denbora batez egin ezin eta gero.
Txotxongiloaren Nazioarteko Egunaren eta Museoen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldi bereziak egingo dituztela jakinarazi du Topicek. Horrez gain, Gabonetan “sarrera solidarioa” lelopean egiten den programan ere parte hartuko du, Ondareari buruzko Europako Jardunaldiekin bat eginez. Aurten, atal honetan, jarduera berri bat egingo da, “Ezagutu Tolosa familian” izenburupean. Ginkana moduko ibilbide bat prestatu da, Tolosako hainbat puntutan zehar, Mariona protagonista dela.