- ZALETU FEST! Jaiarekin proiektua Amezketa, Ibarra eta Tolosako gazteei aurkeztuko zaie urriaren 27an, larunbata, Tolosako Kultura Etxeko Areto Nagusian, 19:00etatik 21:00etara.
- Aldundiaren laguntzarekin eta Donostia, Eibar, Ibarra eta Amezketarekin elkarlanean garatu da ekimena.
- Nuria Carbonell, Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia: “Zaletasunak ezagutzea eta ikuspegi berritzaile batetik garatzea du helburu ekimenak, aisialdiaz gozatzeko aukerak zabaldu nahi ditugu eta proiektu horretan gaztetxoek zuzenean diseinuan parte-hartzea. Hori oinarri hartuta, Gazte Topagunearen eskaintza behar horietara moldatu nahi da”.
- Proiektua ikasturte osoan zehar garatuko da, eta orain artean lehen fasea soilik diseinatu da, hurrengoak taldeko kideekin batera diseinatu nahi direlako.
'Zaletu' egitasmoa abian da Tolosan. Larunbat honetan, urriak 27, Kultur Etxean burutuko den 'Zaletu Fest' jaiarekin aurkeztuko da gaztetxoen artean. 16 eta 18 urte arteko gaztetxoei dago zuzendua eta helburu du nerabeei laguntza eskaintzea beren autonomiarako bidean, hezkuntza ez-formalaren bidez.
Aurkezpena BOX-a gunean egin dute, 'Zaletu'-ren bigarren faseko egoitzan, Nuria Carbonell, Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak, Amezketako Kultura eta Gazteria teknikaria eta Ibarrako Gaztezuloko hezitzailea.
“Zaletasunak ezagutzea eta ikuspegi berritzaile batetik garatzea” du helburu ekimenak Tolosako Gazteria zinegotziak nabarmendu duen eran: “estereotipoak gaindituz, aisialdiaz gozatzeko aukerak zabaldu nahi ditugu eta proiektu horretan gaztetxoek zuzenean diseinuan parte-hartzea. Horren bitartez, autonomiaren eta ahalduntzearen garapenean sakondu dezakegu eta horretan laguntza eskainiko dugu. Eta noski, aldi berean, talde lanaren bitartez, nerabeen arteko errespetuzko harremanak sustatzea dota hezitzaileen eta nerabeen arteko konfiantzazko harremana eraikitzea bezalako zeharkako balioak irabaziko dituzte”. Zinegotziak nabarmendu du Aldundiaren laguntzarekin eta Donostia, Eibar, Ibarra eta Amezketarekin elkarlanean garatu dutela ekimena: “ekintza batzuk herri bakoitzak bereak izango ditu eta beste hainbat amankomunean gauzatuko ditugu”.
Argi nabarmendu du Gazteria sailaren “inplikazio osoa” duela egitasmoak Tolosako Udalak herritarrekin landutako 2017-27 Plangintza Estrategikoan jarduera nagusi delako 'Haur, nerabe eta gazteen arteko elkarlanerako, sormen ekintzetarako eta belaunaldi arteko ekintzailetzarako guneak ahalbidetzea'. “Modu honetan, nerabeen parte-hartzea bultzatu eta euren behar espezifikoak ezagutuko ditugu. Bide batez, nerabeekin eta nerabeentzat erakargarria den eskaintza hori oinarri hartuta, Gazte Topagunearen eskaintza behar horietara moldatu nahi da” Nabarmendu du Carbonellek.
Zaletu egitasmoa ikastetxeetan aurkeztu da jada eta larunbateko jairako gonbidapenak banatu dira gaztetxoen artean. ZALETU FEST! jaiaren helburua da Amezketa, Ibarra eta Tolosako gazteei proiektua aurkeztea. Urriaren 27an, larunbata, izango da, Tolosako Kultura Etxeko Areto Nagusian, 19:00etatik 21:00etara.
Larunbatean izango du abiapuntua, eta ostean, ikasturte osoan zehar, helburu ezberdinak lantzeko saioak burutuko dira metodologia ezberdinak jarraituz. Hain zuzen, 'Ezagutu fasea' gauzatuko da azaroaren 9 eta 10ean. Fase honetan, egitasmoko kideen arteko elkar ezagutza bultzatzeko serigrafia tailerra proposatu da: taldeko logoa sortu eta telazko poltsetan irudikatuko da. BOXako kideen gidaritzapean burutuko dute lana beren egoitzan.
Hurrengo ekintza 'Esperimentazio gunea' izango litzateke. Azaroaren 24an burutuko da. Zo-zongo perkusio taldearekin musika eta mugimenduarekin lotutako saioa izango da. Ekintza honetan Zaletu egitasmoa garatzen ari diren 5 herrietako kideek hartuko dute parte.
Proiektua ikasturte osoan zehar garatuko da eta orain artean lehen fasea soilik diseinatu da, zinegotziak azaldu duenez, “behin lehen urratsa emanik eta taldea egonkortzea lortuta, hurrengo faseak taldeko kideekin batera diseinatu nahi direlako, nerabeen benetako parte-hartzea eta motibazioa lortzeko”.