Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmeen Nazioarteko XII. Jaialdia Tolosan urriaren 23an

Tolosako Udala
2021/10/15 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Gorrak diren pertsonei gune bat eskaintzea, gizartea gorren komunitatera gerturatzea, komunikazio hesiak apurtzea eta zeinu hizkuntza bultzatzea lortu nahi du jaialdiarekin Gainditzen elkarteak.

  • Egun osorako egitaraua antolatu dute urriaren 23rako.

 

 

Mugak eta oztopoak gainditzea eta sentsibilizazioa sustatzea ditu helburu Gainditzen-ek, Goierri eta Tolosaldeko pertsona gorren elkarteak. Gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera emateko lan egiten du, eta bide horretan antolatu dute Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko Jaialdiaren XII. edizioa urriaren 23an Tolosan.

Gorren komunitatea osatzen duten pertsonei errekonozimendurako espazio bat eskaintzea eta aukera berriak sustatzea da jaialdiaren helburuetako bat. Horrez gain, entzuten duten pertsonak gorren komunitatera erakartzea ere lortu nahi da, gorrek egunerokoan dituzten komunikazio arazoei irtenbidea eman eta zeinu hizkuntza sustatzeko.

Olatz Peon, Tolosako alkateak, prentsaurrean adierazi duenez, “garai zailak izan dira guztiontzat, bereziki pertsona gorren komunitatearentzat, musukoaren erabilerak areagotu egin dituelako dituzten mugak eta bizi dituzten zailtasunak. Gainditzen elkarteko kideek gogor egin dute lan urteetan zehar, eta bereziki denbora honetan, komunitatearen beharrak azaleratzeko, herritarrak sentsibilizatzeko, etab. Lan hori eskertu eta aitortu nahi du Tolosako Udalak”.

Egitarau aberatsa urriaren 23rako

Honakoa da Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko XII. Jaialdiaren egitaraua:

  • 10:15. Leidor zinearen ate irekiera.

  • 11:00. Jaialdiaren XII. edizioan parte hartzen duten 12 film laburren proiekzioa. Lehenik 7 film proiektatuko dira eta 30 minutuko atsedena egingo da ondoren. Gero, beste 5 filmak emango dira eta sari banaketa egingo da.

  • 14:30. Bazkaria Tolosako Botarri jatetxean.

  • 18:00. Hitzaldia Tolosako Kultur Etxean. Granadako Isabel de las Heras-ek emango du “cómo crear un cómic de Oreja Voladora” hitzaldia. Hitzaldira bertaratzeko gainditzent-g@hotmail.com helbidera idatzi behar da aurrez.