60 postu, larunbateko Gabonetako Azoka Berezian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/18 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Lau gunetan banatuko dira postuak: Trianguloa plazan, Alondegia plazan, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko pasealekuan.

 

Larunbat honetan, abenduak 21, San Tomas egunarekin ospatuko da urteko azken azoka berezia: Gabonetako Azoka. Goiz osoan zehar (9:00etatik 14:00etara) herriko lau gunetan kokatuko dira postuak: Trianguloa plazan, Alondegia plazan, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko pasealekuan. 

Eguberriei begirako erosketak egiteko hitzordu aproposa da. Larunbateroko ekoizleez gain, beste 60 postu hurbildu dira, eta aukera zabala izango da: elikagaien eta artisauen postuak ezagutu, abereak ikusi edota pintxoak dastatu, besteak beste.

Asteroko ekoizleak Zerkausian, Berdura plazan eta Euskal Herria plazan izango dira. Horiez gain, Trianguloa eta Alondegia plazetan elikagaiak izango dira nagusi: barazkiak, gozoak, ahatekiak, hestebeteak, gozoak, kontserbak, ardoa, likoreak, esnekiak… Plaza Zaharrean animaliak egongo dira ikusgai eta San Frantzisko pasealekuan, berriz, artisauen postuak: egur tailak, bitxiak, pilotak, egurrezko etxetresnak… 

Haurrentzako doako tailer bat ere antolatu du Tolosaldeko Atariak, Trianguloa plazan. Egunkari zaharrak erabiliz loreontzi bat sortzeko aukera izango dute etxeko txikienek eta bakoitzak landatutako landare bat eramango dute etxera. 11:30etik 13:00etara izango da tailerra eta nahiz eta derrigorrezkoa ez izan, parte hartzeko interesa dutenek ataria@ataria.eus-era idatzi edo 943 655 695 zenbakira deitzea eskertuko lukete.

Egun horretan bertan, San Tomas eguna aitzaki hartuta, 10:30etik aurrera udal ordezkariek txistorra pintxoa banatuko diete urte osoan zehar larunbatero-larunbatero azokako hiru gune nagusietan egon ohi diren ekoizleei. Udal Txistulari Banda ere arituko da kaleak girotzen, eguerditik aurrera.

Urteko ohiko azken azoka hilaren 28an egingo da, larunbatez, Berdura plazan, Zerkausian eta Euskal Herria plazan. Urteko lehena, ordea, ostiralez egingo da, urtarrilaren 4an.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA