Ardo Zuriaren Azoka Bereziaren osagarri, Itsaski Azoka izango da lehenengoz

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/03 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Ekainaren 6an izango dira bi azokak, Trianguloan

Tolosako Udalak urtero antolatzen dituen azoka bereziei beste bat gehituko zaie aurrerantzean. Izan ere, lehenengoz, Itsaski Azoka izango da larunbatean, ekainaren 6an, Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara.

Itsasoarekin, gastronomiarekin eta itsas kulturarekin zerikusia duten produktuak sustatzea, erakustea eta merkaturatzea da helburua, artisau-kontserben industriaren sustapena bermatzeko. Tolosako Udalak azokan parte hartzeko deialdia egin zien arrantza eta itsaskien sektoreko enpresei, itsasoko produktuen ekoizle eta merkaturatzaileei eta itsas eremuari lotutako artisau eta erakundeei, eta zortzi postu izango dira: Bermeoko Anchoas Royo (antxoa oliba oliotan, antxoa ozpinetan, antxoa ketua, antxoa mina eta hegaluzea oliba oliotan); Bilboko Gureik SL (Arroyabe kontserba produktuak eta pintxoak); San Vicente de la Sonsierrako Bodegas J. Ramirez (Errioxar jatorri izendapeneko ardo zuria); Portugaleteko Itxasloo Portu (arrantzale jantziak eta euskal osagarriak); Oiartzungo Kosta itsas egurrak (itsas bazterretik berreskuratutako egurrekin egindako lanparak, koadroak, esekitokiak, irudiak…); Bermeoko Urdaibai kontserbak SL (gildak eta arrain kontserbak), Galdakaoko Estibaliz Yuguero (Euskal Herriko naturan, batez ere itsasoan, inspiratutako bitxiak) eta Beizamako Urkizahar (txakolina).

«Urte osoko azoka berezien eskaintzaren artean horixe falta zitzaigun: itsaskiei eta arrainari lotutakoa. Azken urteetan, horrekin aritu gara bueltaka, eta azkenean, antolatu ahal izan dugu itsaski azoka. Itsaskiak oso ondo ezkontzen direnez ardo zuriekin, ardo zuriaren azoka bereziarekin batera egitea pentsatu genuen», esan du merkataritza, turismo eta azoketako zinegotzi Aitor Agirresarobek: «Ikusiko dugu ea zer harrera duen herritarren artean».

Elkarlanean aritu da Tolosako Udala Gure Txokoa elkarteko kideekin. Izan ere, elkarte gastronomiko hori izan da azken urteetan Ardo Zuriaren Azoka Berezia antolatzearen ardura hartu duena. Antolatzaileen hitzetan, «hainbat lekutako ardo zuri ezberdinak dastatzeko aukera izango da, urtero bezala, aurten ere: Galiziakoak, Gaztelakoak, Aragoikoak, Errioxakoak, Arabakoak, Nafarroakoak eta Gipuzkoakoak ekarriko ditugu».

11:30ean hasiko da ardo zuriaren azoka, eta 14:00etan amaituko da. 16 upategitako 19 ardo zuri dastatzeko parada izango dute bertaratzen direnek: kopa 6 euro ordainduta, nahi bezainbeste ardo probatu ahal izango dituzte.

Halaber, Tolosako Fronton, Xare eta 19-90 tabernetako eta Gure Txokoa elkarteko postu bana jarriko da, eta askotariko pintxoak salduko dituzte, 1,5 euroan.

Itsaskien eta ardo zuriaren azoka bereziez gain, ohiko azoka guneetan (Zerkausian eta Berdura plazan) ere izango da ohiko azoka, larunbatero bezala. Euskal Herria plazako merkatariek, berriz, San Frantzisko pasealekuan jarriko dituzte postuak, sanjoanetako prestakuntza dela-eta, Euskal Herria plazan lekurik egongo ez delako.

Egitaraua: ekainak 6, larunbata

09:00etatik 14:00etara: Itsaski Azoka Berezia, Trianguloan.

11:30etik 14:00etara: Ardo Zuriaren Azoka Berezia, Trianguloan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA