Bertako Haragiaren Azokaren balorazio positiboa egin du Udalak

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/05/12 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Antolaketan parte hartu duten elkarte eta pertsonei esker, ekitaldiak jende ugari erakarri du denon gozamenerako, eta Udalak lehenengo balorazio positiboa egin du  

Asteburuan izandako Bertako Haragien Azokari buruzko balorazio positiboa egin du Udalak, antolatutako jardueretan izandako parte-hartzaile kopuruagatik, ekitaldiez gozatzera jende asko hurbildu baita. Giro ederra izan da.

Ostegunean eman zion hasiera «Harategitik parrilara» tailerrak, eta 25 parte-hartzaile izan ziren. Talde antolatzaileko Iñaki, Migel eta Joxe Mari harakinek jarduera oso interesgarria antolatu zuten, eta parte-hartzaileak oso gustora aritu ziren haiekin. Bestalde, larunbatean eguerdiko 13:00etarako bukatu ziren Trianguloan Txinparta eta Casino elkarteetako lagunekin batera prestatutako mokaduak; hain zuzen, pintxoetan saldu ziren prestatutako 14 arkume, 50 kilo behi, 50 kilo saiheski eta 20 kilo txuleta-txistorra. Bestalde, salmenta-postuen kopurua esperotakoa izan ez bazen ere, haragi produktuak saltzera etorri ziren ekoizleen balorazioa ere ona izan da, eta eskertu dute haien lanari eta produktuari emandako ikusgarritasuna.

Lehiaketei dagokienez, Trianguloa plazan izandako haragi gisatu lehiaketan, 7 bikotek parte hartu zuten, eta irabazleak Leire Sarasola eta Aner Otxotorena izan ziren. Horrez gain, «Zenbat pisatzen dute?» lehiaketak interesa piztu zien herritarrei. Haurrek animaliak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten, eta lehiaketan parte hartu zutenek herriko harategietako produktuak eskuratzeko aukera ederra izan zuten. Lehiaketan, 234 pertsonak parte hartu zutela azpimarratu behar da, eta Alaia Fitzpatrick Agerrik eta Amaia Ruiz de Galarretak irabazi zuten saria.

Bukatzeko, Zumarditxikiko festa gunean jende andana elkartu zen beste behin foodtruck postuen eskaintzak dastatzera eta musika-emanaldiez gozatzera. Han lanean aritu direnek ere balorazioa positiboa egin dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA