Bisiguak eta sagardoak bat egiten duten puntua: Tolosa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/05/23 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Kostako giroa Tolosara hurbiltzear da, landako eremua izateari utzi gabe. Nola lortu daitekeen hori? Bisiguaren Festa eta Sagardoaren Festa asteburu bakarrera ekarrita: hain sinple, hain zoragarri.

Bisigu eta Sagardo Festa ospatuko da maiatzaren 31tik ekainaren 3ra Tolosan, eta antolatzaileen esanetan sarreren erdia jada salduta daude.

Zerkausia izango da itsasoa eta lurra bateratzeko espazioa: bisiguaren menua dastatzeko bazkari eta afarietarako jangela batetik, eta Tolosaldeako sagardoak eta pintxoak dastatzeko gune berri bat bestetik.

“Gastronomia, natura, gure ohiturak eta tradizioa batzen dituen eskaintza oso erakargarria” dela nabarmendu du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak: “Tolosa eta eskualdeko puntu estrategikoak hain zuzen, benekotasuna erdigune duen eskaintza osatuz eta barnealdea eta kosta bat izanaz”.

 

Itsasotik: bisigua

Hamargarren urtez, Txinparta Elkarteak euskal parrillero onenek prestatutako bisigua dastatzeko menua eskainiko du. Orioko Katxiña eta Xixario jatetxeetako sukaldariek 300 bisigu erreko dituzte Orio estilora, beraiek hoberen dakiten modura, ohiko menu osatuaren konpainian. Sarrerak salgai daude Tolosaldea Tour-en ekainaren 2ko bazkari eta afarirako, eta ekainaren 3ko bazkarirako.

Olatz Peon Tolosako alkateak festaren ibilbidea balioan jarri du: “Parrila eta Tolosa banaezinak dira, eta horrek, Oriorekin, duela 10 urtetik ona, ahalbidetu digu harreman oso estua, bi herriak parrila munduan erreferente izanik. Lankidetza hau posible egin dutenak Tolosako zein Orioko parrilariak dira, eta noski, Txinparta elkartea. Bidelagun izango gara etorkizuneko erronketan ere”.

Bestetik Jose Maria Etxeberriak azaldu du, Txinparta Elkartearen izenean, irekiera ekitaldian omenaldia egingo dietela Tolosako Bandako zuzendari ohi Luis Mari Garcia Artetxe eta bere anaia zenaren Joseja García Artetxeri, Tolosako musikaren alde egindako lan guztiagatik.

 

Lurretik: sagardoa

Festari, bigarren espazio batek egingo dio konpainia: Sagardoaren Txokoak. Sagardoa ere protagonista nagusia izango da festan Sagardoa Route eta Tolosa Gourmeten elkarlanari esker, eta Tolosaldeko sagardoak eta pintxoak dastatzeko aukera izango da asteburu osoan zehar Zerkausian publiko orori zabalduko zaion gune honetan.

Baten batek galdetuko du bere baitan: ez al da sagardo garaia amaitu? Ez. Orain, botilaratutako sagardoaren garaia hasten da.

Olatz Mitxelenaren arabera (Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea) sagardoa, sagardotegietako menuetatik harago doan produktu bat da, kontsumoa lantzeko forma ezberdinak eta produktuarekin jolasa sortzeko aukera eskaintzen dizkie sektoreari. Horixe frogatuko da maiatzaren 31ean Txinparta Elkartean antolatuko den maridaje-afarian. Afari honetarako sarrerak ere salgai daude Tolosaldea Tourren.

Gainera, jende askok ez dakien arren, Tolosan 38 sagardotegi ere zenbakitu izan dira historian zehar; eta orain, hauek ezagutu eta dastatzeko bisita gidatuak eskainiko dira larunbata eta igandean: “gurean, garai batean, 38 sagardotegi ere izan ziren; eta egun hainbestek jarraipena ez badute ere, bada lehen sektorean giltzarri den alorra: 12 milioi litro ekoiztu dira Euskal Herrian denboraldi honetan, eta horietatik %12 inguru da Tolosaldekoa” esan du Olatz Peon Tolosako alkateak.

Ekimen interesgarriz osatutako programa interesgarria antolatu da Tolosan festaren bueltan: Sagartu dantza emanaldia, dastaketak.. itsasoa mendiarekin elkartzeko prest datozen hamaika ekintza.

 

Antolatzaileak: Txinparta Elkartea, Sagardoa Route - Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Tolosako Udala, Tolosa Gourmet Kluba.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA