Bisitariak Tolosara erakartzeko turismo web orri berria jaurti du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/03/22 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Tolosaren benekotasuna nahi da, are gehiago, zabaldu: helmuga berezia, singularra, eta esperientzia berdingabeak erakusten ditu euskarri berriak, era erakargarrian.

  • 5 ataletan banatuko da turismoa.tolosa.eus: ikusi, dastatu, planak, ekintzak eta informazio osagarria.

  • Euskarazko bertsioa dago ikusgai. Gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ere garatuko da.

  • Nerea Letamendia, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotzia: “Tolosak herri bezala transmititzen duen irudian eragiten du. Irudi horrek egiten du erakargarri gurea”.

Tolosaren turismo alorreko estrategia digitalaren erdigune izango den web orri berria aurkeztu du Nerea Letamendia, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak.

Turismoa.tolosa.eus helbidean, Tolosako turismo eskaintzak sarera egingo du salto, euskarri honek duen garrantzia oinarri zinegotziaren esanetan: “turismoa eta turistak, interneten daude. Presentzia handia du sarean. Bidaiariek geroz eta gehiago jotzen dute kanal honetara beren bidaiak planifikatzeko orduan”. Datuek diotenez, bidaien %70 baino gehiago interneten kontratatzen da: “hartzeaz haratago, bisita osatu, aukerak kontsultatu, egonaldian zalantzak argitu eta edukia elkarbanatzeko beta eskaintzen du sareak. Hori egingo du turismoa.tolosa.eus -ek”.

Euskarri garrantzitsua dela du iritzi Letamendiak: “Tolosak herri bezala transmititzen duen irudian eragiten du. Irudi horrek egiten du erakargarri gurea”. Web berri honekin, Tolosaren benekotasuna nahi da, are gehiago, zabaldu: “helmuga berezia, singularra, eta esperientzia berdingabeak erakusten ditu, era erakargarrian. Tolosarekiko konexio emozionala lortzea du helburu”. Urtarrilean aurkeztutako spotarekin egin bezalaxe, bertako eguneroko errealitatea da protagonista, “gure eskaintza erakargarriena horixe baita”. Gastronomia, ingurunea, landa eremua, merkataritza, historia, kale giroa, artea, sormena, kultura, kirola... Guztiak dira hizpide, bisitarientzat esperientzia izanik. Letamendiak adierazi du gure mugetatik haratago proiekzioa eta posizionamendua osatu eta sendotzeko baliagarria izango dela.

Web egitura bera, eta terminologia, sareko bilaketetan gakoak diren terminoen arabera diseinatu da. 5 ataletan banatutako orria da: ikusi, dastatu, planak, ekintzak eta informazio osagarria.

  • Ikusi atalean, arkitekturari, landa eremuari eta arteari eginten zaie lekua.

  • Dastatun, berriz, gastronomia da muinae. Gure erakargarri handienetako bat. Eta bertan ere, eskura da gure ostalaritzaren inguruko informazioa: erretegiak, jatetxeak, tabernak, sagardotegiak.

  • Planen atalean, azoka, merkataritza, kirola, edota Tolosaldea eta inguruko eskualdeen eskaintza ikus daiteke. Horrez gain, Tolosan egun oso baterako plan proposamena ere eskuragarri dago.

  • Ekintzen artean, Tolosak eskaintzen duen agenda oparoa dago ikusgai eta baita negozio bidaiak antolatzeko eskaintza ere.

  • Informazioa atalean eskura daiteke gurera iristeko garraio informazioa, lo egiteko lekuena, turismo bulegoaren kokapena edota bisita gidatu ezberdinen informazioa.

Euskarazko bertsioa dago ikusgai. Gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ere garatuko da.

Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa oinarri, euskarri ezberdinen sorreran egin da lan, hiri ekonomia osatzen duten arlo guztiak suspertzeko: “guztion tresna da eta guztiak bat, elkarlanean eta era jarraian, elikatu beharrekoa. Planaren sorreratik egin moduan, era koordinatuan, interes amankomunekin” nabarmendu du zinegotziak.

Euskarri garrantzitsua bai, baina ez bakarra

Jendea Tolosara erakarri eta bisitarien esperientzia egokia sustatzeko hainbat euskarri sortu dira azken urteotan: duela urtebete kaleratu zituen udalak moleskine formatuko liburuxka, herriko mapak edota seinaleztapen berria. Urte hasieran 'Ongi etorri Tolosara' sustapen spota. Eta orain guztiaren bateragune izango den gailu gutzietara egokitutako web orria.

Esparru digitalean aurrerapausu nabarmenak

Komunikazio kanalak eta estrategiak egungo errealitatera eta teknologietara egokitzen ari da udala. www.tolosa.eus eraberritu da, hiru ataletan banatuz, orri berean: udala, agenda eta turismoa, azkenik. Diseinu hobea, web intuitiboa, irisgarria eta nabigagarritasun errazekoa da www.tolosa.eus berria.

Sare sozialen alorrean ere aurrerapausu ugari eman dira: indartuz eta orain, atal bakoitzari berea emanaz: udalak eta agendak badituzte berenak, turismo alorrekoak gutxi barru izango dira abian.

Eta zinegotziak xehetu duenez, helburu bakarra jomuga: “herritarrengatik gertuago egotea, udalarekin duten harremana erraztea, eta era gardenean, udalaren egunerokoa, zerbitzuak eta informazio orokorra eskura izatea”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA