Bizkaigaine-ren ELUR MALUTA pasta bigunak irabazi du Euskal Herriko gaztarik onena hautatzeko ESNEKI txapelketaren V. edizioa

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/11/09 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • 35 gaztandegitako 91 produktu aurkeztu dira Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Txapelketara.
  • 26 postuk osatu dute Trianguloa plazako azoka berezia, eta publiko guztientzako jarduerak ere izan dira bi egunetan. 

Euskal Herriko gazta eta esnekien topaleku bihurtu da Tolosa asteburu honetan, ESNEKI Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Bereziaren bosgarren edizioari esker. Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Mantala, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE, GIFE, Euskal Esnekigileak eta Tolomendi laguntzaile dituela, ekimenak euskal esnekigintzaren kalitatea eta aniztasuna jarri ditu erdigunean, bertako ekoizleen lana eta lehen sektorearen garrantzia nabarmenduz. 

Euskal Herriko esne, gazta eta jogurten V. txapelketa

ESNEKIren hitzordu nagusietako bat izan da Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Txapelketa. Aurten, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 35 gaztandegitako 91 produktu aurkeztu dira, zortzi kategoriatan banatuta: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ardi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, jogurtak eta behi-esne pasteurizatua. 

Kategoria bakoitzeko irabazleen artean hautatu da txapeldunen txapelduna, hau da, Euskal Herriko Gazta Onenaren izendapena jaso duen produktua. Aurten, Bizkaiko Errigoiti herriko Bizkaigane gaztandegiaren ELUR MALUTA pasta biguna izan da garaile.

Publikoak ere izan du lehiaketako gaztak dastatzeko aukera, Beotibar pilotalekuan, epaimahaiak produktuak baloratu ahala.

26 postuko azoka eta publiko guztientzako jarduerak

Txapelketarekin batera, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Azoka Berezia ospatu da Trianguloa plazan. Aurten, 26 postu izan dira, eta bisitariek Euskal Herriko askotariko gaztak eta esnekiak ezagutu, dastatu eta zuzenean ekoizleei erosteko aukera izan dute.

Aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Gazta Mahaia dastaketa gidatuak ere egin dira Beotibar pilotalekuan, Leartiker Esneki Zentroaren eskutik. Lau saiotan, parte-hartzaileek euskal gazten aniztasuna eta ezaugarriak gertutik ezagutzeko aukera izan dute.

Egitarauak familiei eta haurrei zuzendutako jarduerak ere izan ditu. Ostiralean, Esnetan jardueraren bidez, behiak jezteko simulagailua probatu ahal izan dute parte-hartzaileek, eta Errapetik ahorainoko bidea sukaldaritza-tailerrean esnea eraldatzen eta esnekiak prestatzen ikasi dute.

Larunbatean, Frisoi Txapelketa egin ezin izan denez, Frisoi behiak ileapaindegian erakustaldia egin da Alondegi plazan, eta bisitariek animalien prestaketa eta zaintza lanak gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Horrez gain, Mamitzen jarduera egin da Alondegian. Haurrentzako tailer ireki honetan, esnea dastatzeko eta gazta freskoa egiten ikasteko aukera izan dute.

Lehen sektorearen balioa eta etorkizuneko erronkak

ESNEKIren bosgarren edizioak alderdi profesionalari ere eskaini dio tartea. Ostiralean, Leartikerreko Esneki Zentroak antolatutako jardunaldi teknikoan, sektoreko profesionalek eta eragileek jasangarritasunaz, artisau-gazten balioaz eta prestakuntzaren erronkez hausnartu dute.

Horrez gain, astean zehar Tolosako ikastetxeetan egindako saio pedagogikoetan, Lehen Hezkuntzako ikasleek esne-ekoizleen lana eta esnearen jatorria gertutik ezagutzeko aukera izan dute.

Aitor Agirresarobek, Tolosako Udaleko zinegotziak, ESNEKIren edizio honen balorazio positiboa egin du, eta ekimenak lehen sektorea herritarrengana hurbiltzeko duen garrantzia nabarmendu du. "ESNEKI erreferentziazko hitzordu bihurtzen ari da urtez urte. Azoka eta txapelketaren bidez, gure ekoizleen lana ezagutarazteaz gain, Euskal Herriko gazta eta esnekien kalitatea eta aniztasuna balioan jartzen ditugu. Bereziki pozgarria da herritarrek ekimenari ematen dioten erantzuna, baita belaunaldi berriek sektorea gertutik ezagutzeko aukera izatea ere. Horrelako ekimenek erakusten dute lehen sektoreak gure herrian duen garrantzia, eta etorkizunean ere bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu", adierazi du.

 

V. ESNEKI TXAPELKETAKO SARIDUNAK
Euskal Herrian ekoitzitako gazta eta esneki mota guztien lehiaketa

ESNEKI Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena: Bizkaigaine-ren ELUR MALUTA pasta biguna (Erregoiti, Bizkaia)

Maila bakoitzeko irabazleak:

Gazta freskoak

  1. Askibil Ahuntz Gazta - Txuria 
  2. Soloitza - Gazta Freskoa
  3. Lusuri - Lusuri

Pasta bigunak

  1. Bizkaigane - Elur Maluta
  2. Oihan Txiki - Orexa Otzara
  3. Oihan Txiki - Orexa Gorria    

Gazta urdinak

  1. Soloitza - Eskutxi
  2. Las Tres Sierras - Templario
  3. Kortariko Borda - Erreka

Ardi-gazta onduak

  1. Aizpea - Aizpea
  2. Ricardo Remiro - Remiro Gazta
  3. Gomiztegi - Arantzazu

Behi-gazta onduak

  1. Pirineki - Apitxi Gasna
  2. Urraki Esnekiak
  3. Kortariko Borda - Lixardia

Ahuntz-gazta onduak

  1. Egotza - Egotza
  2. Otxokain - Otxokain
  3. Granja El Moro - Queso cocido

Jogurtak

  1. Sabekoetxea - Behieko Jogurta
  2. Pirineki - Etxeko Jogurta
  3. Mahala - Jogurt Naturala

Behi-esne pasteurizatua

  1. Pirineki - Etxeko Esnea
  2. Iztueta  - Iztueta Esnea
  3. Bordaxar - Bordaxar Esnea

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA