Eguraldi ona eta hainbat berrikuntza zuhaitz azokan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/02/10 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Garai hauetan ohikoa ez bada ere, eguraldi lehorra eta eguzkitsua egin zuen larunbatean urteko lehen azoka berezian: Zuhaitz azoka. Azokaorduetan ez zuen euririk egin, eta hotz pixka bat egin bazuen ere, giroa bikaina izan zen. Bezero asko ikusi ahal izan ziren postuen errenkaden alboan, horien artean frutikulturan, basogintzan eta lorezaintzan hasi berriak ziren asko.

Zuhaitz azokan eskaini ziren produktuak askotarikoak izan ziren, seguruenik, aurreko urtetakoekin alderatuz inoizko aukera zabalena egon da aurten; ohiko ekoizle ugari egon zen larunbatean, kalitate bikaineko produktuekin, eta horien artean bat nabarmentzekotan Dorronsorena, Svaldard-eko mundu mailako hazi biltegiko adinako mailako fruta arbolekin. Horiekin batera, horren ohikoak ez diren bestelako produktuak eskaini zituzten ekoizleak ere egon ziren. Mota guztietako zitrikoak, fruta arbola ekologikoen haziak eta bertan ekoitzitakoak, espezie ezberdinetako landareak eta bertako zuhaixkak, ekoizpen altuko baso espeziak, baiak eta zuhaixka familiako fruta arbolak, landare apaingarriak…

Protagonismo gehien izan zuten fruta arbolak, ohiko moduan, sagarrondoak izan ziren. Barietate askotako zuhaitzak ikusi ahal izan ziren, horien artean, Golden, Fuji, Granny Smith edo Royal Gala, eta, batez ere, bertako sagarrondo ugari. Mahiko kontsumora bideratuta, gordinik edo erreta jateko, edo sagardoaren munduarekin lotuta, Mokotxa, Txalaka, Gezamina, Urdin Sagarra, Urtebi Haundi eta beste horrenbeste izen entzun ahal izan ziren. Bertakoentzat aberastasun sintoma da hori, sagarrak bertako nekazal kulturan izan duen garrantziaren lekuko. Dudarik gabe, oso bizirik dagoen ondasun bat, eta guztiok kontsumitzeko aukerak denboran iraun dezan ahalbidetzen duena.

Zerkausiko postuetan, astero gure armairuak betetzen dituzten ekoizleek, neguko barazki eskaintza ona erakutsi zuten. Neguak aurrera jarraitzen du, eta urtaro aldaketan ohikoak diren barazkiak, kardua edo Gabonetako barazki zehatzak, agortzen doaz. Bestalde, ordea, bertako lehen ilarrak ere ikusi ahal izan ziren larunbatean Nestor Errastiren postuan. Dudarik gabe, sorpresa bikaina izan zen, bezeroen eta kontsumitzaileen artean ilusio berezia pizten duena. Nestorrek berak azaldu zuenez, azken egunetako tenperatura epelek azken bultzada eman diote bere negutegian ekoizten dituen ilarrei, eta ezbairik gabe, larunbatean erakutsi zuen lagina, kopuru handi batean bihurtuko dena larunbat honetarako, eta batek baino gehiagok etxera eramango dituena. ¡Hori bai opari bikaina!

Larunbatean azokan ikusia ahal izan ziren azaloreen kalitatea ere nabarmentzekoa da. Romaneskuak, bruselazak, azak eta azaburuak itxura bikainean erakutsi ziren. Dudarik gabe, merkurioak gora egin izanak asko lagundu du produktu horien hobekuntzan. Espinakak, zerbak, eskarolak, borrajak, letxuak, eta kalabazak oso kalitate onean erakutsi ziren mahai askotan, eta heldutasun puntu bikainean daude.

Nabarmentzekoa da, baita ere, postuetan egon zen bertako gazta eskaintza. Gazta berriaren iritsierak, ohiko eskaintzari lotuta, puntu gorenera eraman zuen larunbateko azoka, edozein fromageritako eskaintza hobetzeko adina.

Fitxategiak: 
Fitxategi Prezioak 2020-02-08

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA