Fitur Nazioarteko Turismo Azoka Tolosarentzat erakusleiho beste urte batez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/01/17 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Urtero legez, datorren astetik aurrera Madrilen ospatuko den Nazioarteko Turismo Azokan parte hartuko du Tolosako Udalak, beste herri eta herrialdeetako esperientzietatik ikasi eta bereziki, Tolosa ezagutzera eman eta balioan jartzeko helburuarekin. Aurten TOPIC-ek garrantzia berezia hartuko du urteurrena dela-eta eta urtarrilaren 23an, 10:00etan, txotxongiloen zentroari buruzko bideo promozionala aurkeztuko da azokan.

  • Alkatearen esanetan, “azokan presentzia izatea garrantzitsua da, erakusleiho bat delako guretzat; ikasteko, lankidetza berriak sustatzeko eta bereziki Tolosa promozionatzeko aukera eskaintzen digu; udaletik turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu gure hiri-ekonomia indartzeko eta hortaz, ezarria dugun estrategiari jarraiki, promozio kanpaina berriak egingo ditugu bisitariak erakartzeko”

  • Ildo horretatik, bisitarientzako herriko mapa eta panel berriak sortu ditu udalak: erakargarriagoak, ulerterrazagoak eta oinarrizko informazioa jasotzen dutenak bisitarien esperientzia hobetzeko xedearekin.

 

Turismo alorreko erakunde, enpresa eta eragile ezberdinak biltzen dituen azoka da Fitur. Urtero legez, Tolosak azokan parte hartuko du, gure herria ezagutzera eman eta balioan jartzeko helburuarekin.

Fitur Nazioarteko Turismo Azoka Madrilen ospatuko da urtarrilaren 22tik aurrera; Tolosako Udal ordezkariak eta TOPIC-ekoak, baina, urtarrilaren 23an bertaratuko dira. Aurten TOPIC-ek garrantzia berezia hartuko du txotxongiloen zentroaren urteurrenagatik. Alkatearen hitzetan “azokan presentzia izatea garrantzitsua da erakusleiho bat delako Tolosarentzat; ikasteko, tendentzia berriak ikusi eta ideiak hartzeko, lankidetza berriak sustatzeko eta bereziki, Tolosa promozionatzeko aukera eskaintzen digu eta horregatik, urtero urtero parte hartzen dugu azokan”.

Azken Fitur edizioetan Haragi ezagutzera eman eta “Ongi etorri Tolosara” bideo promozionala aurkeztu dira bertako gastronomiari, inguruneari, ondareari, merkataritzari, historiari edota kulturari lotuta, gure nortasuna eta esentzia oinarri hartuta; aurten aldiz, eskaintzan jarriko da azpimarra TOPIC-en eskutik. Izan ere, urtarrilaren 23an, goizeko 10:00etan aurkeztuko da TOPIC-ari buruzko bideo promozionala.

Eta urteurrenari lotuta, tolosar guztiek datozen hilabeteetan sorpresa txiki bat ere izango dutela aurreratu dute udaletik.

Herriko mapa eta panel berriak:

Moleskine turistikoa osatze aldera, Tolosako Udalak, herriko mapa eta panel turistiko berriak sortu ditu: erakargarriagoak eta ulerterrazagoak, bisitarien esperientzia hobetzeko helburuarekin. Elementu berriek oinarrizko informazioa jasotzen dute: direktorioa, hiztegia, Topic, azoka eta gastronomiari buruzko azalpen laburrak, gure herriaren historia laburra eta turismo bulegoari buruzko informazioa. Herriko mapa berriak ere Fitur azokara eramango dituzte moleskine turistikoekin batera.

Amaitzeko, Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du: “turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu gure hiri-ekonomia indartzeko aukera bat delako; hiriburuetara eta kostara etortzen diren bisitarientzat turismo eskaintza osagarria izan behar du Tolosak, berezi eta bereizia gure nortasunari lotutakoa, eta hortaz, ezarria dugun kanpo promozio estrategiari jarraiki kanpaina eta ekintza berriak martxan jarriko ditugu bisitariak erakartzen jarraitzeko, gure izaerari eutsiz, garena indartuz”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA