Hasi dira txingarrak eta giroa pizten: bueltan da HARAGI, haragia maite dutenentzako ekitaldia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/04/28 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • HARAGI iristear da; Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketaren hirugarren edizioa. Haragia maite dutenentzako ekitaldi hau maiatzaren 19tik 22ra izango da Donostian eta Tolosan. Eusko Jaurlaritzak, Basque Culinary Center-ek eta Tolosako Udalak sustatutako topaketa da.
  • Ekitaldi gastronomiko honen hirugarren edizioaren ardatz nagusiak generoa, jatorria, kalitatea eta erretzeko teknikak izango dira. Aipamen berezia egingo zaie animalien ongizateari eta sektorearen jasangarritasunari. Hitz egiteko asko izango da, baita dastatzeko ere.

 

Dagoeneko ezagutarazi dira topaketan presente izango diren nazioarteko lehen sukaldarien eta parrilleroen izenak. Ekitaldia maiatzaren 19an hasiko da, Basque Culinary Center-en (Donostia), profesionalei zuzendutako kongresu batekin. Punta-puntako hizlariek hartuko dute parte: besteak beste Florencia Abella (argentinarra, Stockholmeko Ekstedt jatetxeko sukaldari nagusia, Michelin izar batekin), Pablo Rivero (Don Julio –Buenos Aires– parrillaren jabea; eta 13. postuan The World’s 50 Best Restaurants zerrendan), Luis Alberto Lera (Michelin izarra, Lera jatetxearen jabea), José Gordón (Bodega El Capricho jatetxearen arima, idi-haragian aditua), Guijarro anaiak (Terrabuey ganadutegiaren eta Brasería Cuéllar jatetxearen arduradunak) edota Edorta Lamo (Arrea! jatetxearen sortzailea, Repsol Gidan bi eguzki dituena). Hala ere, ez dira Espainiatik -eta mundu mailatik- etorriko diren bakarrak izango; noski, gastronomia euskaldunaren eta parrilla tolosarraren ordezkariek ere ez dute hutsik egingo. Parte hartuko duten hizlari guztien zerrenda, atxikitako dossierrean ikus daiteke.

Behin ponentziak amaituta eta ekitaldiaren ondorioak plazaratu eta elkarbanatzeko helburuz bazkari-hizketaldi bat egingo da Jon Ayala (Laia Erretegia), Txema Llamosas (Casa Garras), Jorge eta Alberto Guijarro (Brasería de Cuéllar) eta Rodrigo García Fonseca (KEA Fine Food) sukaldarien eskutik.

Sukaldariak, parrilleroak, hornitzaileak, harakinak, ikasleak, profesionalak… sektoreko inork ez luke kongresu hau galdu behar, ezta publiko profesionalari bideratutako gainontzeko ekintzak ere. Maiatzaren 19an Basque Culinary Centerren egingo den kongresura entzule gisa joateko izen-emateak maiatzaren 4an irekiko dira, 9:00etan, haragi.eus web orrialdean.

Kongresuaren ondoren, esperientziak bizitzeko txanda iritsiko da. Asteburuan eta Tolosan, mahaiaren bueltan dastaketez gozatzeko aukera izango da. Publiko herrikoiari eskainitako programazioa prestatu da, aurreko edizioetan egin izan den bezala.

Tolosa bere gastronomiagatik, parrillaren inguruan dagoen tradizioagatik eta txuletarengatik da ezaguna. Horregatik izango da han jaialdia, non nazioarteko parrilleroek haragia erretzeko beren teknikak erakutsiko dituzten, gero pintxotan dastatzeko aukera eskainiz. Parrilla inklinatuaren teknika ikasteko espazio bat ere izango da, sektoreko profesional tolosarren eskutik.

Haragia maite duen orok adi egon beharko luke. Laster argituko da HARAGI-ri buruzko informazio gehiago! Informazio hori jaso nahi duenak newsletter-ean harpidetzeko aukera du www.haragi.eus helbidean edo Instagramen @haragi_2022 profila jarraitu dezake.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA