-
Pandemia aurreko oporraldian baino bisitari gehiago jaso ditu Tolosak eta Tolosaldeak, Aste Santuan
-
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Azken urteak ez dira samurrak izan, baina lanaren lanaz indartzen ari da berriro ere turismoa. Sektorea bizirik dago eta eskaintza hobetzen eta indartzen jarraituko dugu bisitariak gurera erakartzeko”.
Turismoaren aldeko apustuan, urtarrilean zabaldu zituen bere ateak turismo bulego berriak, Plaza Zaharrean, Tolosako erdigunean, Tolosa eta eskualdea helmuga turistiko gisa indartzeko helburuarekin.
Eta hala izan da, Aste Santuko datuen arabera. Gastronomiaz, naturaz eta kulturaz gozatzeko hainbat bisitari gerturatu baitira gurera.
2.500 bisitari inguru
Turismo bulegoa lekualdatu zenetik, bisitari kopurua nabarmen hazi da: 2.500 bisitari inguru artatu ditu, joan den urtean baino hiru aldiz gehiago, eta pandemia aurreko datuak ere hobetuz.
Profilari begiratuta, gorakadarik aipagarriena estatuko bisitariena dela ondoriozta daiteke. Neurri txikiagoan bada ere, igo egin da atzerritik iritsitako turista kopurua.
Bisitarien jatorrietan sakonduz, lehen hiruhilabetean bizkaitarrak, nafarrak eta frantziarrak izan dira nagusi. Aste Santuan, aldiz, Katalunia eta Madrildik etorri da turista gehien.
Bisita gidatuetan ere jende gehiago
Gorakadak ere eragina izan du bisita gidatuetan. Urte hasieratik hona 469 bisitarik parte hartu du bisitaren batean. Igoerarik nabarmenena, bereziki, otsailetik aurrera eman da. Hain zuzen, datuok joan den urtekoak bikoiztu egiten dituzte.
Dena dela, turistak ez dira turismo bulegoan bakarrik nabaritu. Tolosa eta Tolosaldeko nekazalturismo, landetxeen eta hotelen kasuan, Aste Santuko okupazioa %93koa izan da, 2021ean izandako %84a hobetuz, baina baita 2019ko %73aren oso gainetik.
Eskaintza indartuz eta garai berrietara egokituz
Bisitarien esperientzia hobetzeko helburuarekin lekualdatu eta egokitu zen urte hasieran turismo bulego berria. Kokapen berriari esker, ikusgarriagoa da orain bulego berria, Tolosako bizitzaren erdigunean kokatuta baitago, Zerkausitik hurbil.
Gainera, instalazioak turisten egungo beharretara egokituta daude: autokontsulta gune digitala, bakoitzak dakarren gailu elektronikoak kargatzeko puntuak, ukipen-pantailako ordenagailu bat eta informazioa hobeto komunikatzeko pantaila handia eta arreta azkarreko eta arreta pertsonalizatuko guneak.
Tolosaren kanpo proiekzioa indartzen eta turismo eskaintza garai berrietara egokitzen jarraitzeko konpromiso eta helburuarekin, azken urteetan Tolosako Udalak bisitariak erakartzeko bisita gidatuen eskaintza indartu du eta bisitak norbere kasara ezagutzeko aukerak ere zabaldu ditu: Instagram bidezko bisita gidatu birtualaren eta podcast formatuko audiogidaren bidez.
Audiogidak interes-puntu bakoitzean dauden ondare plaketan daude eskuragarri, QR kodeen bidez, sarbidea errazteko. Baita turismoko webgunean, testuaz lagunduta eta Spotify eta Google Podcast plataformetan ere.
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatearen esanetan: “Azken urteak ez dira samurrak izan, baina lanaren lanaz indartzen ari da berriro ere turismoa. Hau lortzeko sektoreak- ostalaritza, lotokiak, museoak, eskoizleak...- eta noski erakundeek egindako lan izugarria azpimarratu nahiko nituzke”. “Sektorea bizirik dago, Tolosa eta eskualdea erakargarriak dira, bistakoa da hori gurera etortzen den bisitari kopurua ikusita: Azokara, gure erretegietara, gure jatetxeetatara, Topic-era eta mendietara; Tolosak asko du eskaintzeko eta eskaintza hori hobetzen eta indartzen jarraituko dugu”.