Izeiak, poinsetiak eta gorostiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/10 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Jai egunez osatutako zubia izan da pasa berri duguna, goizean goiz hotz nabarmena egiten zuen azoka egunarekin larunbatean. Baina goiz erdirako joan zen giroa epeltzen. Halako egunetan Zerkausian jarritako berogailu sistema gogoz eta atseginez hartzen duten bertako saltzaileek eta erosleek.

Nobedade modura aipatu behar da dagoeneko iritsi direla Gabonen lehen zantzuak azoka ere. Berdura plaza esaterako, orain arte exotikoa zen baina gaur egun oso ohikoa bihurtu den “Gabonetako lorez” beteta ikusi zitekeen larunbatean (5-6,50€), gorostiekin (4,50-26€) edo mota ezberdinetako izeiekin batera (15-20€), urtero moduan Aginagako biberistek (5-6,50€) edo Ataungo lorezainek ekartzen dituztenak. Tamainaren eta kalitatearen araberako salneurriak zituzten, baina zer ikusirik ez zabalera handiko saltokietan saltzen dituztenekin. Artxiboak errepasatuta, ikusi daiteke prezioak ez direla aldatu 2002ko abenduaren 7tik, orduan ere, larunbatean bezala, asteroko azoka eguna Tolosan.

Neguko barazki eskaintzak berdin mantentzen ziren larunbatean, aukera, kalitate eta itxura ederrarekin. Kalabaza, porrua, espinaka, eskarola, azenarioa, aza, brokolia, romaneskua, kalea, pak choia… eskaintzen ziren mahai askotan. Hala ere, oraindik baziren udako produktuak eskaintzen zituztenak ere, plastikopean mimoz zaindutako eta klima aldaketak bultzatuta hazitako tomateak, piperminak, piperrak, letxuak edo kalabazinak, adibidez.

Produktu mikologikoen eskaintza garaiari dagokiona izan zen. “Garaian garaikoa”. Kanpoko onddoa (30€), tronpetak, mendiko angulak, niskaloak, ziza horiak, gamuza gutxi batzuk (10 eta 18€ artean). Gauza gutxi, baina zaletuen nahia asetzeko nahikoa. Gainerakook udaberrira arte itxaron beharko dugu.

Fruten artan sagarra zen oraindik nagusi larunbatean. Mahai askotan ikusi zitekeen, eta barietate askotakoa. Aurten sagar asko geratu da bildu gabe. Izan ere, sagar askoko urtea izan da, eta horrek prezioek behera egitea ekarri dute, biltzeko egin beharreko lana ere errentagarria izateari utziz, batez ere sagardorako sagarrarena. Pena da, baina merkatuaren legea izaten da gailentzen dena.

Gaztainek, intxaurrek, urrek, mizpirek, kakiek… osatu zuten larunbatean kalitate handiko fruituen eskaintza.

Honi guztiari gazta aukera zabala eta ondo zaindutako azken burukoak gehitu behar zaizkie, eztiarekin edo horren tentagarria egiten den txokolatearekin batera. Gutxinaka, Gabonetako azokara iristen ari gara, non espero dugun Olentzerok “Gabonetako izpiritua” ekarriko duen txikienen eta handienen gozamenerako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA