Jai giroa berreskuratuko du Babarrunaren Festak, eragile ugariren elkarlanari esker

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/15 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Azken urteetan bezala, Euskal Jaia ere ospatuko da Babarrun Festarekin batera, eta euskal jantziak soinean eramateko dei egin dute antolatzaileek.
  • Gure Kaiola elkarteak antolatzen duen lehiaketa gastronomikoa larunbatean ospatuko da, igandean beharrean, festarekin bat egin asmoz.
  • Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak bere protagonisten eta herriaren arteko loturaren inguruko puzzleak aurkeztuko ditu larunbatean.

 

Bueltan da Babarrunaren Festa arrakastatsua. Hitzordu garrantzitsua da tolosarrontzat, gure herriaren ikur nagusienetako bat baita perla beltza, nortasun eta paisaiaren zati garrantzitsu. Eta, gastronomia alorrean, Tolosaren bereizgarri. 

Ekoizleen lana balioan jartzea da festaren xede nagusia, baina Euskal Jaiarekin bat eginda, ospakizunerako tartea ere izaten da. Eta uztarketa hori izan da, hain zuzen, arrakastarako giltzarri nagusienetako bat. Hori, bada, eragile askoren arteko elkarlanari esker lortu da.

Horixe nabarmendu du Xarles Iturbe Merkataritza, Feriak eta Turismoa Saileko zinegotziak: “Pertsona ugari bildu gara gaur mahai honen inguruan, talde, eragile eta pertsona askoren laguntzarekin eta konpromisoarekin osatzen baita Babarrunaren Festaren egitaraua. Batik bat azpimarratu nahiko nituzke, ezinbestekoak diren ekoizleak, elikadura kateko ardatz garrantzitsu diren azokagileak, eta tokiko produktuak gizarteratzen dituzten sukaldariak”. 

Bi lehiaketa, eta festa herrikoi bat, edonorentzat

Babarruna da larunbateko festa herrikoiaren epizentro eta protagonista nagusia, eta haren bueltakoak izango dira egitarauko hitzordu nagusiak.

Goizaldean, 06:30ean, Tolosako Babarrunaren XXVII. Ekoizleen Lehiaketak emango dio hasiera egunari, ordu horretan piztuko baitituzte suak lehiaketako babarrunak prestatzeaz arduratuko diren sukaldariek. Trianguloan izango dira lan horretan, eta leku bertan izango da babarrunari eskainitako azoka berezia, 09:00etatik 14:00etara bitarte.

Aurtengo ale onenaren ekoizlearen izen-abizenak, ordea, 12:45ean jakingo dira. Ordu horretan emango du ezagutara bere erabakia Babarrun Kofradiako Miriam Arandiak, Kaia Jatetxeko Lidia Olaizolak, Bailara jatetxeko Enrique Fleischmann sukaldariak, Iribar jatetxeko Pili Manterolak, Eli Belauntzaran kazetariak eta Azoka Lagunak komunitateko kideen artean zozketa bidez hautatu den beste pertsona batek osatutako epaimahaiak. 

Ekoizleena ez da txapelketa bakarra izango. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, lehiaketa gastronomikoaren 34. edizioa ospatuko da, Alondegian, Tolosako Babarrunik onenak nork prestatuko ebatzi nahian. Aurreko urteetan igandez ospatzen bazen ere, aurten larunbatera pasatzea erabaki dute, Babarrunaren Festarekin eta bertan parte hartzen duten gainerako eragileekin bat egiteko asmoz.

Orotara 22 bikotek hartuko dute parte lehiaketan, eta 08:00etan hasiko dira babarrunak pul-pulean kozinatzen. Ekoizleen Lehiaketako azken irabazlearen babarrunak sukaldatuko dituzte denek, Sebas Gartziarenarenak, hain zuzen. Epaimahaia AMA Jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Ricok, Arzak Jatetxeko Lander Cornagok eta Orioko San Martin erretegiko Angela Basabek osatuko dute, eta ebazpenaren berri, ekoizleen lehiaketako sari banaketaren ondoren emango dute, Trianguloan bertan.

Sukaldaritza lehiaketak irauten duen bitartean pintxo solidarioak prestatu eta salduko ditu Gure Kaiolak Alondegian bertan, 10:00etatik aurrera. Irabaziak Senegalgo KelleSensa GKEarentzat izango dira. Hain zuzen, Gartziarena bera erakunde horren sortzaile eta kolaboratzaileetako bat da, eta diru hori, martxan dituzten garapen-proiektuak finantzatzeko erabiliko da. Babarrun ekoizlearen babarruna erosteko aukera ere izango da bertan.

Babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera ere izango da, noski. Babarrunaren Kofradiak dozenaka platertxo banatuko ditu, eguerdian, Trianguloan. Eta ohikoa bihurtu den moduan, bazkal orduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrun-jateak ospatuko dira.

Euskal jantziekin janzteko deia

Egun osoan zehar, gainera, goizaldera arte, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da, kultur talde ugariren eskutik. Besteak beste, Udaberri dantza taldea, Uztaritzeko Izartxo taldea, Bentazaharreko Mutiko Alaiek, Isidro Larrañaga musika eskolako trikitilariak, Tolosaldeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak, Gozategi taldea, edota Kalean eta Jainekin Txarangek parte hartuko dute.

Euskal Jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egiten dute jaiaren antolaketan aritu den Babarrunaren Kofradiak eta parte hartuko duten eragileek.

Liburu bat, sustraietaraino

Bestalde, hurrengo asteotan argitaratuko da Babarrun Kofradiak perla beltzari buruz sortu duen liburua. Babarrunaren sustraiak eta tradizioak ezagutzeko ez ezik, hura ekoizten duten pertsonei aurpegiak jartzeko eta beren lana argitara emateko aukera eskainiko du liburuak. 

Zentzu horretan, Gure Kaiola eta Babarrun Elkartearen, edota Roberto Ruiz sukaldariaren lanaren aitortza egiten du lanak. “Ziur nago iburu honek are eta balio handiagoa emango diola babarrunari”, aitortu du Iturbek.

Joseba Urretabizkaia argazkilari tolosarraren irudiak jasotzen ditu liburuak, eta dozenaka pertsonaren testigantzak idatziz jaso ditu Álvaro Bermejo kazetariak. Emaitza, abenduaren 16an aurkeztuko dute, Tolosako Udaletxean.

Erraldoi eta buruhandien puzzle berrien aurkezpena

Larunbateko egunak sorpresa gehiago izango ditu. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak kultur-dibulgaziorako jolasak sortu ditu: konpartsa osatzen duten erraldoietako bakoitzarekin, eta beste hainbat buruhandirekin, puzzle bana sortu dute eta larunbatean aurkeztuko dute lana. Pertsonaia bakoitza, gainera, Tolosako ezaugarriren batekin lotu dute. Esate baterako, Neskatila, Babarrunarekin eta Euskal Jaiarekin lotu dute; hortik aurkezpena egun berezi honetan egitearena. 

Puzzleak bi lekutan izango dira salgai larunbatetik aurrera: Xirimiri Txokolategian, eta Leitza kaleko Edel liburudendan.

Sektorea indartzeko lanean

Larunbatekoa orainaldian biziko den jai eguna izango da. Baina antolaketan parte hartu duten eragileek etorkizunean ere jarriak dituzte beren asmo eta helburuak. Halaxe azpimarratu du Xarles Iturbek: “Lehen sektoreak gurean duen pisu eta garrantziagatik, etorkizunera begira lanean jarraitzeko beharra azpimarratu nahi dut. Helburu eta jomuga horrekin abiatu baita eta ari baita buru belarri lanean Eliker zentroa, Tolosako Udalarekin elkarlanean”. 

Udal ordezkariaren arabera, “ugariak dira eskuartean dauden erronkak eta proiektuak”, eta horiek lortzeko “lankidetzaren bidea” ezinbestekoa dela ondorioztatu du.  

Egitaraua

Babarrunaren Festa - 2022 - Azaroak 19

 

06:30, Trianguloa

XXVII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera.

08:00, Alondegia

XXXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera, Gure Kaiola elkarteak antolatuta.

09:00-14:00, Trianguloa

Azoka berezia.

10:00, Alondegia

‘Pintxo Solidarioa’ dastatzeko aukera Gure Kaiolaren eskutik.

Irabaziak “KelleSensa” GKE senegaldarrarentzat izango dira.

11:00, Trianguloa

Dantza ikuskizuna Udaberri eta Uztaritzeko Izartxo taldearen eskutik, eta ondoren kalejira.

“Bentazaharreko Mutiko Alaiek” taldearen eskutik euskal kantuak zuzenean, eta Isidro Larrañaga musika eskolako trikitilariak, kalez kale.

11:15, Trianguloa

Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa.

12:00, Trianguloa

Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera.

12:45, Trianguloa

Sari banaketak: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazleak eta

Gure Kaiolaren Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko irabazleak.

14:30

Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea.

18:00, Maria Luisa Agirre Doktorearen Plaza

Bertsolariak kalejiran: Andoni Egaña eta Amaia Agirre.

19:30, kalez kale

Kalean Txaranga.

23:00, Plaza Berria

Gozategiren kontzertua.

00:00, kalez kale

Jainekin Txaranga.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA