Markina Xemeingo ‘LARRUZ Ahuntz Gazta’ izan da txapelduna ESNEKIren Euskal Herriko Gaztarik Onena hautatzeko lehiaketaren II. edizioan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/11/04 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia izan da Tolosa beste behin, ESNEKI azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, HAZI-k, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker Esneki Zentroak sustatuta, indartsu bueltatu da ESNEKI topaketa bere bigarren edizioan, bere erroak sendotuz eta jendartearen arreta bereganatuz.

Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan da bi egunez. Ostiralean sektoreko profesionalak elkartu ziren Tolosako Beotibar Pilotalekuan antolatutako kongresuan. Larunbatean berriz, elkarrizketak mokadu bilakatu dira: denera, 25 ekoizlek jarri dute postua Tolosako erdigunean ospatu den azoka berezian; eta bestetik, 85 gazta eta esnekik hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketaren bigarren edizioan. Gastronomia munduko 30 lagunek osatu dute epaimahaia ebazpenerako.

Zortzi kategoriatan banatu da txapelketa hau (gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak eta jogurtak), eta horietako kategoria bakoitzean, beste bi azpi-kategoria banatu dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik. Azpi-kategoria bakoitzak izan du bere sariduna.

Ondoren, gazta kategoria bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du epaimahaiak txapeldunen artean txapelduna. Markina Xemeingo Muniozguren-en ‘LARRUZ AHUNTZ GAZTA’-k jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Pozik, hunkituta eta berarekin batera gaztaok ekoizten dituen Gorka anaiarekin gogoratuz jaso ditu trofeoa, diploma eta txapela Iban Muniozguren-ek: “salmentetan laguntzeaz gain batez ere errekonozimendua egiteko balio du; ahuntz gaztek esnekien artean bere tokia izateko balio izango du”.

50 behi Frisoi Txapelketan

Nekazaritza elikagaien industriarentzat erabakigarria da, horrekin batera, ESNEKI azokaren epizentroa osatzen duen beste lehiaketa: Euskal Herriko XIV. Frisoi Txapelketa. Hau ere larunbat goizez egin da Tolosako Ferialekuan. Hobekuntza genetikoaren eta ganaduzaleen eguneroko lanaren bidez lortu diren lorpenak sektoretik kanpo dagoen jendartera gerturatuz.

Lehiaketan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 5 ganadutegik hartu dute parte, 50 abelbururekin. Lehiaketa zortzi ataletan banatu da, eta sari nagusiaz gain, beste lau sari berezi banatu dira. Sari Nagusia, behien txapeldunen txapelduna, Karrantzako Casa Nueva izan da. Bigarren sari berezia, berriz, Planillok (Cascante) irabazi du. Errape hoberena duen behia Karrantzako Casa Nueva-koa izan da. Ganadutegi hoberenaren ohorezko garaikurra azkenik, Cascanteko Planillok irabazi du.


Esnegintzan murgilduz

Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak ere egin dira bi egunotan ESNEKIren baitan. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, aurreko edizioan arrakastatsua izan zen ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ ekimena errepikatu da, Euskal Herrian ekoitzitako gazta ugari ezagutzeko dastaketa gidatuak. Aurten ez da bestelakoa izan, eta txanda guztietako txartelak aurrez agortuta zeudela egin dira.

Tolosako Trianguloan jarri den ‘Esnetan’ espaziora, berriz, familia ugari gerturatu dira. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek.

“Arrakasta” hitza erabiliz definitu du Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko merkataritza, turismoa eta azoken saileko zinegotziak, ESNEKIren bigarren edizio hau: “Bigarrenez eragile ezberdinen artean elkarlanean antolatutako topaketa hau indartsu dagoela ikusi ahal izan dugu. Sektoreak ere erantzun du, eta Euskal Herriko gazta eta esneki ekoizleen lana balorean jartzea denez ekimen hauen helburuetako bat, emaitzarekin kontentu gaude. Azken, batean, gazta, esnekiak, baita esnea bera ere, gure elikaduraren oinarri dira, eta hala izan dadin, balioan jarri behar dugu. Eta, hori, gozatuz egin badaiteke, are hobeto”, azaldu du Agirresarobek.

II. ESNEKI TXAPELKETAKO SARIDUNAK
Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztien lehiaketa

 

ESNEKI Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena

  • LARRUZ Ahuntz Gazta (S.C. Muniozguren) - Markina-Xemein

Gazta fresko eta gaztanberak

● Esne ekoizle eta eraldatzailea: Lusuri-ren ardi gazta freskoa

Gazta laktikoak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Askibil-en Auntzai Leuna

  • Esne erosle eta eraldatzailea: Elkano-ren Sugaar

Pasta bigunak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Goine-ren Gala

  • Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en Saint Sauveur Gazta

Gazta urdinak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Kortariko Borda-ren Erreka

Behi-gazta onduak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Kortariko Borda-ren Lixardia

  • Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en Errota

Ardi-gazta onduak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Remiro gazta

Ahuntz-gazta onduak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Larruz Ahuntz Gazta

Jogurtak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: Iztueta-ren jogurt krematsua

 

XIV. FRISOI TXAPELKETAKO SARIDUNAK


Sari Nagusia: Behien Txapeldunen Txapelduna
Casa Nueva (Karrantza)
 

Sari berezia: Bigen Txapeldunen Txapelduna
Planillo (Cascante)
 

Sari berezia: Errape onena duen behia
Casa Nueva (Karrantza)
 

Ohorezko saria: Ganadutegi onena
Planillo (Cascante)

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA