Martxoko trumoia, berrogei egun negua

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/03/09 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Nobedadeek iritsi eta iritsi jarraitzen dute. Astez-aste, eta otsailaren 8an Tolosan lehen ilarrak aurkeztu zituztenetik, produktu berriez gozatzen ari gara udaberri aurreratu honetan. Larunbatean udaberriko lehen zizen txanda izan zen. Bai, udaberriko lehen zizak. Lasaren mahaian zeuden salgai, kiloa 150€an. Ez ziren erraz saldu, prezioa ere ez zelako makala, nahiz eta produktu hau oso gogoko duten askoren nahiak bate ziren. Beste batzuek, berriz, datozen asteetarako gorde zituzten nahiak, eskaintza areagotuta prezioak behera egingo duela pentsatuta.

Aukerak eta gutiziak nahi adina egon ziren. Mahai askotan aurki daitezkeen baratxuri freskoak askoren gozagarri dira. Azokako postu ugaritan aurki daitezkeen espinakekin batera jateko zoragarriak, zapore maila gorena eskaintzen dute. Izagirre ahizpen mahaietan eskuragarri zeuden zainzuriek ere ez zuten askorik itxaron behar eskuratuak izateko. Besteak beste, Hika, AMA, edo Iriarte jatetxeetako jabeek eskuratu zituzten haien menuak egiteko. Ilar berriak ere azkar saldu ziren. Nahiz eta oraindik gutxi dauden, arrazoizko prezio batekin, azkar, ondo eta azokan oso ohikoa izaten den prezio jaitsierarik eskatu gabe saldu ziren. Izan ere, gaur egun oraindik ere han eta hemen entzuten da traturako tarterik azokan. Hala ere, durotan jarritako prezioak, egunak aurrera egin ahala horiek izaten zituzten gorabeherak eta gozokiak jaten zituen tximuen oroitzapenak horixe dira, oroitzapenak.

Aurreko lerroetan aipatzen genuen udaberri aurreratuak eragina izan du laborantza eremuetan, eta berriz iritsi den neguak ere izango du, ezbairik gabe. Bada esaera zahar bat: “Martxoko trumoiak, berrogei eguneko ekaitza”. Oraindik ikusteko dago honek nola eragingo duen gure baratzeetan eta mendietan. Dagoeneko ekoizle askori eragin die azken egunetako haizeak eta kazkabarrak, hainbat kalte eragin baitituzte baratzeetan eta frutarboletan. Espero dezagun hartu dituzten neurriek eta gaiaren inguruan duten ezagutzak ekoizpena aurrera ateratzeko balio izatea, denon onerako.

Gure inguruko ekoizleek landatuko udaberri-uda garaian landatuko dizuten landareen eskaintza ugari zen baita ere Berdura plazan. Dagoeneko landare mota ugari eskura daiteke: tomate landareak, zainzuriak, tipulak, porruak, kuiatxoak, pepinoak, letxuga mota ezberdinak, bainak, eta baita marrubiak ere. Eskaintza dagoeneko eskuragarri dago, landaketa lanak goiz egin nahi dituenarentzat edo garai seguruagoaren zain egon nahi dutenentzat.

Berdura plazan astez aste eskaintzen duten barazki freskoen eskaintza, ez da inondik inora Zerkausian aurki daitekeena baino eskasagoa. Askotan, urteen poderioz ezagutza metatzen joan direnen babesa ere badute erosleek, belaunaldiz belaunaldi Ibarrako baserrietan landu dutena, eta teknika berriak horren ondo ezagutzen dituztenak. Azken finean, izugarrizko kalitatea duten produktuak eta tratu ezin hobea eskaintzen duten saltzaileak aurki daitezke astero azokan.

Fitxategiak: 
Fitxategi Prezioak 2020-03-07

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA