- Tolosa&Cok antolatutako moda-desfilea izango da ostiralean, eta larunbatean, berriz, Lore eta Landare Azoka Berezia, Jakoba Errekondoren hitzaldi eta kontsultategia, eta landareen zozketa herriko saltokietan
Modaz, loreez eta landareez gozatzeko aukera izango da asteburu honetan Tolosan. Lore eta Landare Azoka Berezia aitzakiatzat hartuta, hainbat ekitaldi izango dira. Tolosako Udalak Gaztelako Atean urtero jarri ohi duen egitura efimeroak iragarriko du aurten ere azoka berezia. Azken urteetan bezala, Gureak Zerbitzuak arduratuko da egitura diseinatzeaz eta jartzeaz. «Gaztelako Atea Erdi Aroko hiri harresituaren aztarna da, eta hiriak zituen bost ateetako bat, Gaztelako erreinutik zetorren edozeri sarbidea ematekoa». Hala bada, arkuaren azpian lore eta landare lehor eta preserbatuekin egindako begi erraldoi bat zintzilikatuko dute. Zelataria izena jarri diote proiektuari.
Egituran, besteak beste, Gaztelatik inportatzen ziren zenbait produkturi egingo diete keinu: gari- eta olo-galbuak, mahatsondo aihenak, artilea… «Denboraren iraganaren metafora bizia izan nahi du, orduko eta gaurko Tolosaren aldaketa gizaldiz gizaldi ikusi duen atearen begirada».
Tolosa&Co-k antolatuta, Tolosa&Co Fashion Show moda desfilea izango da ostiralean Trianguloa plazan, 18:30ean hasita. Herriko hainbat saltokik udaberri-uda denboraldia aurkeztuko dute. «Helburua da tokiko merkataritza eta sormena uztartzea ikuskizun bakar batean», adierazi dute elkarteko kideek: «Edizio hau bereziki bizia eta askotarikoa dator, maila goreneko parte-hartzearekin. Desfilea Nerea Alias aurkezleak gidatuko du, eta giroa berotzeaz Alai tolosarra arduratuko da».
Adin ezberdineko 49 herritar arituko dira modelo-lanetan. Tolosako 28 dendatako jantziak eta osagarriak jantziko dituzte. «Guztira, 84 look ikusi ahal izango dira». Atsedenaldian, Izaro Urrestarazu eta Sua Enparantza dantzarien emanaldi bereziaz gozatu ahal izango da, Suaro proiektua aurkeztuko baitute.
Ileapaindegi eta makillajeaz Tolosako Inmakuladako ile-apainketa eta estetikako oinarrizko lanbide heziketako ikasleak arduratuko dira. Euria egiten badu, ekimena Zerkausian izango da. Gogoko zerbitzuari esker, pasarelan ikusitako jantzi eta osagarri guztiak online erosteko aukera izango dela gogorarazi dute antolatzaileek.
Larunbatean, berriz, Lore eta Landareen Azoka Berezia izango da, Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara.
Lore eta landareak ez ezik, kosmetika eta medikuntza naturaleko produktuak, sendabelarrak eta artisautzako produktuak ere salduko dituzten zazpi postu izango dira aurtengo azoka berezian: Guillen (loreak eta landareak); Ortuberri (baratze eta lore-landareak); Ines Flores (fruituak eta haziak); Murueta (loreak eta landareak); Carolina Peños (olioak, ukenduak eta xaboiak); Alba de la Flor (lore naturalez egindako bitxiak) eta Iñigo Azpiazu (loreak eta landareak). Zuzeneko salmenta sustatzea du helburu azokak, ekoizleei euren produktuak eta lanak erakusteko eta saltzeko gune bat emanda.
Azoka gunean bertan, Argia aldizkariak postua jarriko du goizean goizetik. Besteak beste, Bizi Baratzea proiektuko liburuak, aldizkariak, agendak eta egutegiak izango dituzte salgai. Gainera, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak Ilargia eta landareak hitzaldia emango du 11:00etatik 12:00etara, eta horren ostean, 14:00ak arte, zuzeneko kontsultategia jarriko du, bertaratzen direnei baratzeari, fruitu-arbolei, lore-baratzeari eta basoari buruz dituzten zalantzak argitzeko.
Horrez gain, ohiko azoka guneetan (Zerkausian eta Berdura plazan) ere izango dira landareak eta loreak salgai, larunbatero bezala.
Ekimen berria, azoka berezia indartzeko
Lore eta landare azoka indartzeko helburuarekin, eta Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean, Tolosako Udalak ekimen berria jarri du aurten abian. Batetik, askotariko loreak eta landareak erosi ditu herriko bost lore dendetan: Arregi floristas, Arretxe, Casa Arregi, Kaiz eta Las flores de Elena dendetan, hain zuzen. Lore eta landare horiek guztiak Tolosa&Co-ko bazkide diren 40 saltokitako erakusleihoetan astebetez ikusgai egon eta gero, larunbatean bertan zozketa egingo dute aste osoan denda horietan salgaiak erosi dituzten erosleen artean, eta irabazleek loreak eta landareak etxera eramateko aukera izango dute.
Ekimenean parte hartu duten saltokiak hauek dira: Zuregan; Kopala belar denda; Dentieder; Saberri; Kimetz neskak; Kimetz mutilak; Andia; Arri Studio; Muñazabal burdindegia; Arteka; Dandaka; Richard argazkilariak; Goya; Zuzeu; Garazi; Aranguren gizonak; Aranguren emakumeak; Vasconia; Federopticos; Shuyana; Edurne Bengoetxea; Anddare; Koxka; Xarma; Amets jostailudenda; Luma; CDI; Multiopticas; BáB; Ponpox; Saizar aroztegia; Mugar; Mujika; Azpiroz farmazia; Avalon; Arkupe; La Ratita presumida; Imanol Barriola harategia; Mikel Altzariak eta Babel.

EGITARAUA
Ostirala, maiatzak 29
18:30ean: Tolosa&Co Fashion Show modaren festa, Trianguloan (euria egingo balu, Zerkausian): herriko saltokien udaberri-uda denboraldiaren aurkezpena.
Larunbata, maiatzak 30
09:00etatik 14:00etara: Lore eta Landare Azoka Berezia, Trianguloan.
11:00etatik 12:00etara: Jakoba Errekondoren hitzaldia: Ilargia eta landareak
12:00etatik 14:00etara: Jakoba Errekondoren zuzeneko kontsultategia: baratzea, fruitu-arbolak, lore-baratzea eta basoa.
Egun osoan: lore eta landareen zozketa, herriko saltokietan.