San Andres, gabonetako erakusleiho

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/03 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

San Andres eguna ospatu zen larunbatean, eskoziarrentzat eta kilometro 0 produktu jasangarriak eta kalitatezkoak nahi izaten dituztenentzat egun berezia. Eta hau esaten dugu San Andres eguna, iristear dauden Gabonetako azoken erakusleiho modura aurkeztu izan direlako sarritan.

Lehen ondorio nagusi gisa esan dezakegu,sagar askoko urtea izaten ari dela, eta aurreko urteekin alderatuz prezio arrazoizkoagoekin; eta mikologikoki ere urte hobea izaten ari da aurtengoa. Babarrunaren uzta ere ona izan da aurtengoa. Beste urte batzuetan jasotako kiloetara iritsi ez bagara ere, alearen kalitatea inoizko onena izan dela esan dezakegu. Baratzeek produktu bikaina eskaini dute aurten. Delikatua, zapore handikoa eta ale betekoa.

Udako denboraldia ere asko luzatu da aurten; iazko mailetara iritsi gabe, baina Ibarrako piperminaz, piper mota ezberdinez eta bertako tomateaz gozatzeko aukera izango dugu neguaren hasieran ere. Orain hamar edo hamabost urte zerbait pentsaezina zen hori. Klima aldaketagatik izango ote da?

Kalabaza mota ezberdin ugari eta kalitate onekoak ere ikusi ahal izan ziren larunbateko azokan. Biribila, luzea, horia, laranja kolore bizikoa, gozoa, azkenburukoetan erabiltzeko… Brassicaceak ere ondo saldu ziren. Postu askotan izan ziren baita ere azalorea, romaneskua, bruselaza, brokolia edo azak ere, dieta osasuntsu baterako ezinbesteko osagaiak.

Kalea edo Pak Choi-a bezalako brassicaceak ere gero eta ohikoagoak dira. Asian asko erabiltzen diren produktuak dira, eta badirudi gure artean ere geratuko direla. Gure Know how-a ugaritzen duten eta gure despentsa aberasten duten produktuak dira. Espinakak, eskarolak, letxugak edo borraja bezalako beste barazki tradizional batzuk ere bazeuden, neguari indarrez heltzeko beharrezkoak. Asko izan ziren horien aldeko apustua egin zutenak larunbatean.

Produktu mikologikoen presentzia ere garaira egokitzen ari da. Kopuruan ez da murriztu, baina udazkenaren hasieran horren ugariak ziren onddoak eta ziza horiak kopuruz behera doazen neurrian ari dira agertzen bertako niskaloa eta gamuza. Eskaintza bereziagoa baina ez okerragoa, errezeta berriak sortzera bultzatzeko egokiak eta garaiko zaporeen ordezko bikainak. Hala ere, onddora horren zaletuak direnentzat ere eskuragarri egon ziren bertan bildutako kilo ugari, eta baita kanpotik ekarritakoa ere. Horiekin batera, menduko angulak edo horren gozoak diren culeteroak eta heriotzaren tronpetak ere bazeuden.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA