-
Bisita gidatuek alde zaharra, azoka, eta hiru tenplu nagusiak ezagutzeko aukera eskainiko dute: Andre Maria eta bere gangak, Santa Klara komentua eta San Frantzisko eliza.
-
Digitalizazioa sustatzeko estrategiari eutsiz, Tolosaren historia eta bilakaera azaltzen dituen 18 kapitulu laburreko audiogida sortu da, informazio gehiagarri eta bitxikeriekin.
Tolosaren kanpo proiekzioa indartzeko eta turismo eskaintza garai berrietara egokitzeko baliatu du pandemia garaia Tolosako Udalak. Mugikortasun neurriek eragindako etenaren ondoren, bisitariak jasotzeko prest egotea eta sektoreari bultzada ematea du xede lanketak.
Izan ere, turismoa “aukera” bat da Tolosarentzat, Nerea Letamendia, Turismo, Merkataritza eta Azoken Departamenduko zinegotzi-buruaren esanetan: “Beti egin dugu turismoaren aldeko apustua, hiri ekonomiarentzat garrantzitsua baita. Eta bisitarien ikuspuntutik ere, gure herriak badu zer eskainia: gastronomia, azoka, kultura, Topic museoa, alojamendua, merkataritza, natura, ondarea…. Herri bizia da, gainera, ekintzen faktoria bat”.
Zentzu horretan, bi berritasun nagusirekin aurkeztu da aurtengo udako eskaintza.
Lau bisita gidatu
Alde batetik, bisita gidatu presentzialak indartu dira, segurtasun neurriak jarraituz. Azken urteotan egin moduan, Tolosako Alde Zaharra, larunbateroko Azoka eta tenplu nagusiak ezagutzeko bisitak eskainiko dira, abuztuaren 31ra arte.
Tenpluen kasuan, bi bisitak osatzen dute eskaintza. Batetik, arrakasta izaten ari den Andre Mari elizako gangena. Eta, bestetik, Tolosako hiru tenpluen bisita berria, bertako ondarea ezagutzeko. Andre Maria parrokia eta Santa Klara komentuaz gain, lehen aldiz, San Frantzisko elizako ateak zabalduko dira. Ezbairik gabe, aukera ona, baita tolosarrentzat ere.
Astelehenetik asteazkenera, bisitak goizeko ordutegian izango dira; ostegunetik larunbatera, berriz, goizez eta arratsaldez. Turismo Bulegoan erreserba egitea nahitaezkoa izango da, eta erreserba egitean, hizkuntza hautatu ahal izango da: euskara, gaztelera, ingelesa edo frantsesa.
Audiogida, Tolosa norbere kasara ezagutzeko
Bada bisitak bere kabuz egitea hautatzen duenik. Informazioa eskuragarri jarriz bisitari mota horien esperientzia hobetze aldera, joan den urtean Instagram bidezko bisita gidatu birtuala osatu zen. Bada, aurten, beste urrats bat eman da digitalizazioruntz Tolosaren eskaintza eta posizionamendua indartzeko: podcast formatuko audiogida sortu da.
Biak ala biak, osagarriak dira euren artean. Izan ere, bisita gidatu birtualak proposatzen duen ibilbide bera jarraitzen du audiogidak. Gaztelako atea da abiapuntua, eta beste 17 interesguneren inguruko podcast bana grabatu da, gehienez ere bi minutuko iraupenekoak: Zerkausia, Atodo, Iturritza edo Idiakez jauregiak, Euskal Pizkundearen plaza…
Audiogidak interes-puntu bakoitzean dauden ondare plaketan daude eskuragarri, QR kodeen bidez, sarbidea errazteko. Baita turismoko webgunean, testuaz lagunduta eta Spotify eta Google Podcast plataformetan ere.
Modu honetara, bisita norbere kasara egiten dutenek, herriaren eta intereseko 18 puntu horien historian eta bilakaeran sakondu ahal izango dute. Ez hori bakarrik: bitxikeria, gaur egungo egoera, eta ondare ez-materialaren aipamen ugari ere egiten dira kapituluetan.
Hortaz, nolabait leku horretan unean bertan ikusi ezin den hori imaginatzeko bidaia ere planteatzen du audiogidak, hala nola San Joanak edo Inauteriak. “Digitalizaziorako beste urrats bat da hau, bisitarien erabilera ohituretara molda gaitezen, eta ahalik eta harrera osatuena egin diezaiegun”, ondorioztatu du Nerea Letamendiak.
Lerroon bidez, beraz, egina dago Tolosa ezagutzeko, edo ezagutzan sakontzeko gonbita, bai tolosarrentzat, baita bisitarientzat ere.
Bisita gidatuen eskaintza: uda 2021
Astelehenetik asteazkenera
10:00 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)
11:30 _ Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2:00h.)
Osteguna eta ostirala
10:00 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)
11:30 _ Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2:00h.)
16:00 _ Tolosako Santa Maria Parrokiako ganga (1:00h.)
17:30 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)
Larunbata
10:00 _ Tolosako Azoka (1:00h.)
11:30 _ Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2:00h.)
16:00 _ Tolosako Santa Maria Parrokiako ganga (1:00h.)
17:30 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)
Prezio arrunta: 3€
Tarifa murriztua: 1,50€ (erretirodunak, 4 eta 16 urte bitarteko haurrak, langabeak, Nekatur edo Basquecard txartela dutenak.
Doako tarifa: irakasleak eta 4 urtetik beherako haurrak
Salmenta, erreserbak eta elkargunea:
Tolosaldea Tour Turismo Bulegoa (Andre Maria Plaza)
943 697 413 // tour@tolosaldea.eus