-
Bisita gidatuak, dastaketak, erakusketak eta tailerrak izango dira, besteak beste.
-
Audiogiden eskaintza zabaldu du Udalak, Zabalguneko interesguneetako informazioa emateko asmoz: Beotibar, Oriaburu, zezen-plaza, Berazubi...

Tolosaren ondare historikoa, naturala, kulturala eta gastronomikoa lau haizeetara zabaltzeko asmoz, turismo-eskaintza indartu egingo da Aste Santuko egunetan. Eskaintza osatu dute, Tolosako Udalak ez ezik, Tolosaldea Garatzen garapen-agentziak eta turismo-alorreko eragileek.
Tolosa ezagutu nahi dutenek bi aukera izango dituzte eskura: bisita gidatuak eta audiogidak. Aurten, gainera, kapitulu gehiago izango dituzte audiogidek. Horrez gain, eskaintza osatzeko, erakusketak, tailerrak eta bisitak antolatu dituzte zenbait eragilek.
Bisita gidatuak eta audiogida berriak
Aukera izango da aditu batekin Tolosako Alde Zaharra, Andre Maria eliza eta Azoka ezagutzeko. Azokako bisita gidatuaren kasuan, aurten hasitako formatu bera izango da, hau da, bisitaren ostean, bertako produktuen dastaketa bat eskainiko da Jo Topagunean. Berrikuntza gisa, Alde Zaharreko bisitari ere gehituko zaio dastaketa apirilaren 17an, 18an eta 19an, 11:00etan. Helburua da bertako produktuak sustatzea eta ezagutzera ematea. Informazio gehiago jasotzeko eta erreserbak egiteko: https://www.tolosaldea.eus/.
Bisita norbere kabuz egin nahi dutenek eskura izango dute audiogida. Tolosako interesgune nagusiak ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du. Orain arte Alde Zaharrean barrena 17 kapituluko eskaintza zegoen; bada, Zabalgunera hedatu, eta beste sei kapitulu gehitu zaizkie, intereseko izan daitezkeen puntuen inguruko informazio osagarria emateko. Honako hauek dira: San Frantzisko eta artxiboa; Beotibar; Oriaburu eta Berazubi; zezen-plaza; Lizardi plaza; eta Eskolapioen lorategiak.
Audiogidetara sartzeko, interes-puntu bakoitzean dauden ondare-plaketan eskuragarri dauden QR kodeak eskaneatu daitezke, edo Tolosa turismoko webgunea bisitatu, edo Spotify eta Google Podcast plataformetan bilatu.
Eragileen eskaintza
Topic txotxongiloen museoak zabalik izango ditu ateak Aste Santuan. Erakusketa berezi bat izango da ikusgai, gainera: Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia, Nestor Basterretxeari (1924-2014) eta hark txotxongilo diseinatzaile gisa egindako lan ezezagunagoari buruzkoa. Bereziki azpimarratzen da Altzoko Handia obran egindako lana, Topicek Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizunaren harira ekoitzitako lana. Erakusketa maiatzaren 25era arte egongo da zabalik. Girovago e Rondella izeneko erakusketa ere ikusgai izango da, irailaren 21era bitarte.
Horrez gain, apirilaren 14tik 16ra, 6-12 urteko haurrentzako txotxongilo-ikastaro bat eskainiko du Topic museoak. Ikastaroan haur-literaturako liburu edo ipuin bat landuko dute, eta bertako pertsonaiak eraikiko dituzte. Ipuinaren kontaketa kolektibo batekin amaituko dute ikastaroa. 45 euroko kostua izango du, eta beharrezkoa izango da hiru egunetan joatea. Goizez izango dira eskolak: 09:30etik 12:30era.
Tolosaldeko bisita goxatzeko, bi eskaintza gastronomiko izango dira, txokolateari eta erleei lotuta. Batetik, irekita egongo da Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen. Hiru eratara ezagutu ahal izango da: norbere kontura, bisita gidatu bidez edo tailer batean parte hartuz. Bestetik, Balerdipeko Erleak-en eskutik, bisita gidatuak izango dira larunbatero, apirilaren 19tik aurrera. 10:00etatik 12:00etara izango dira, Bedaion, eta ondoren, dastaketa eskainiko da.
Aste Santuko eskaintza
Bisita gidatuen eskaintza berezia.
Bisita guztiak Tolosaldeko turismo-bulegotik abiatuko dira.
Erreserbetarako 943 69 74 13 (telefonoz edo whatsappez) edo tour@tolosaldea.eus
Apirilak 12.
Apirilak 17, 18 eta 19.
Apirilak 22, 23, 24 eta 25.
Apirilak 26.
TOPIC
Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia erakusketa. Maiatzaren 25era bitarte.
Girovago e Rondella erakusketa. Irailaren 21era.
Apirilak 14-16. 6-12 urteko haurrentzako txotxongilo-tailerra (09:30-12:30).
BALERDIPEKO ERLEAK
Apirilaren 19tik aurrera, larunbatero. Bisita gidatua eta dastaketa (10:00-12:00). Gutxieneko taldea: 6 pertsona. Gehieneko taldea: 16 pertsona.
Prezioa: helduak 12 euro, haurrak 10 euro.
RAFA GORROTXATEGI TXOKOLATEAREN MUSEOA
Apirilak 17 eta 19. Bisita gidatua edo tailerra, 11:00etan.
Apirilak 18, 20 eta 21. Bisita librea.
Bost egun hauetako ordutegia: 09:00-14:00. Gainontzeko egunetan, ohiko ordutegia eta eskaintza.
Informazio osagarria, ordutegiak eta bestelakoak jasotzeko: www.turismoa.tolosa.eus eta www.tolosaldea.eus