Tolosa ezagutzeko gida birtual bat sortu du Instagramen udaleko Turismo departamentuak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/10 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Instagram Stories bidezko bisita gidatu batek herriaren eta bere espazio esanguratsuenen historia kontatzen du, beste hamaika bitxikeriarekin batera.

  • Tolosaren historia modu erakargarri batean ezagutarazteaz gain, etorkizunean ere turistentzat erreminta erabilgarri izateko helburua du

 

Covid-19ak sortutako alarma egoerak bertan behera utzi ditu Aste Santuko turismo jarduera guztiak. Hala eta guztiz ere, Tolosa Turismoak, sare sozialen bidez eta etxetik atera gabe, herria ezagutzeko aukera eskaini du.

Horretarako, gida birtual bat sortu du Instagramen (@tolosaturismoa). Alde Zaharrean barrena ordubete inguruko ibilbidea proposatzen du, eta Aste Santuko egun bakoitzean, ibilbide horren zati txiki bat ezagutarazten du.

Trianguloa Plaza da bisitaren abiapuntu, eta Zerkausia –Tolosako Azoka hartzen duen eraikina–, Santa Klara komentua; Idiakez, Aranburu edo Atodo Jauregiak, edo Gipuzkoako Artxibo Orokorra zeharkatzen ditu, besteak beste.

Aurrera egin ahala, Tolosak eremu zabalean duen ondare artistikoa ezagutu ahal izango da: hala nola, Oteiza edo Chillidaren eskulturak, Epelde edo Longaronen artelanak, edo Topic, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa. 

Beste hainbat bitxikeria ere kontatzen dira bisitan zehar: esate baterako, Berdura Plazatik Santa Maria elizako ordularia ikusten den puntu bakarra, uholdeetan uraren maila azaltzen duten markak, edo XVI. mendean Felipe II.a erregeari gutunak bidaltzeko postontzia.

 

Bisitarientzat erabilgarri

Tolosako Udaletik adierazi dutenez, bisitari nahiz tolosarrentzat euskarri erabilgarria izatea da helburua, ‘Stories’ guztiak nabarmendu moduan gordeta geratuko baitira. Zenbaitzutan, gainera, egunaren arabera, Tolosara iritsi eta turismo bulegoko ateak itxita topatzen dituzte turistek. Gida honek lagungarri izan nahi du egoera horietarako, txoko bakoitzaren informazio garrantzitsuena eskainiz. 

Hasiera batean, gidak euskaraz eta gazteleraz kontsultatu ahal izango dira, baina etorkizunean ingelesez, frantsesez eta katalanez ere izango direla aurreikusten da.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA