Tolosa ezagutzeko udako bisita gidatuen eskaintza, uztailaren 18tik irailaren 1a bitarte

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/07/13 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Tolosako Azoka, Alde Zaharra eta Andre Maria eliza eta gangak ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira eta erreserbak www.tolosaldea.eus webgunean edota Turismo Bulegoan bertan egin ahal izango dira.
  • Bisita gidatuen ordutegiarekin bat ez datozenek ere eskura izango dituzte Tolosa nahieran ezagutzeko audiogidak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Tolosa bizi handiko herria da, anitza eta aukera asko eskaintzen dituena, bai herritarrentzat eta baita, noski, herria ezagutzera kanpotik datozen pertsonentzat ere.

Horri lotuta, udan, herrian antolatzen diren kultur, kirol zein bestelako ekintzez gain, Tolosa ezagutzeko udako bisita gidatuen eskaintza osatu dute Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek, elkarlanean.

Hain zuzen, hiru dira antolatutako bisitak eta horiek gastronomia, historia, kultura eta ondarea batzen dituzte, besteak beste. Tolosako Azoka, Alde Zaharra eta Andre Maria eliza eta gangak ezagutzeko bisitak dira antolatutakoak eta uztailaren 18tik irailaren 1a bitarte eskainiko dira.

Tolosako Azoka

Bisita honek Tolosako ikur nagusienetako bat du oinarri: larunbateroko azoka. Bisitariak Zerkausian murgilduko dira bertako produktuak ezagutzeko eta Berdura Plazara ere gerturatuko dira landareen usain eta koloreez gozatzeko.

Azokak historian zehar izan duen garrantzia eta herriaren garapenean izan duen eragina ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, baita Tolosaldeko produktu askoren jatorria ezagutzekoa ere, hala nola babarrunarena, piparrarena… 

Tolosako Azoka larunbatetan ospatzen denez, bisitaldia ere larunbatero eskainiko da, 11:30ean.

Tolosako Alde Zaharra

Bisita gidatu honetan Tolosako Alde Zaharrean dauden eraikin eta monumentu berezienak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek: Andre Maria parrokia, Aranburu Jauregia eta errota, udaletxea, Zerkausia edo Gaztelako atea, besteak beste.

Herriko kultura eta historia ezagutzeko aukera paregabea da ere bada bisita hau. Asteartetik ostiralera egin ahal izango da, goizeko 11:00etan; larunbatetan, 10:00etan egingo da.

Andre Maria eliza eta gangak

Andre Maria parrokia euskal estilo gotikoko eraikina da, 1.630m2koa. Pilare multzoa altuera bereko hiru nabek osatzen dute eta bakoitzak gurutze-ganga faltsu bat du. Gainera, Gipuzkoako bigarren elizarik handiena da.

Ibilbidean zehar, bisitariek elizaren eraikuntza prozesua eta estiloen nahasketa ezagutuko dituzte, elizaren historian barrena eginez. Jatorrizko gangetara ere igoko dira eta berriki zaharberritu diren Eugenio Azkue pintore gipuzkoarraren horma-irudiak ere ikusi ahal izango dituzte.

Bisitaldi hau asteartetik ostiralera eskainiko da, goizeko 12:30ean eta larunbatetan, aldiz, 13:00etan.

Prezioak eta erreserbak

Bisiten prezioa 3€koa izango da. 1.5€-koa, berriz, erretirodunentzat, 4-16 urte bitarteko haurrentzat, langabeentzat edota Nekatur edo Basquecard txartela dutenentzat. Irakasleek eta 4 urtetik beherako haurrek ez dute ordaindu beharko.

Erreserba guztiak www.tolosaldea.eus webgunean edota Turismo Bulegoan bertan egin ahal izango dira (Plaza Zaharra, 10).

Audiogidak, 4 hizkuntzatan

Antolatutako bisiten ordutegiekin bat egin ezin duten bisitariek audiogidak ere izango dituzte eskura, bisita nahieran egin ahal izan dezaten. Audiogidak, gainera, lau hizkuntzatan daude eskuragarri: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.

Turismoko webgunean daude audiogida guztiak eskuragarri, baita Spotify plataforman ere. Horrez gain, Alde Zaharreko eraikinetako paneletan dauden QR kodeak eskaneatuta ere iritsi daiteke audiogidetara.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA