Tolosako perla beltza 35 sorotan erein da aurten

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/16 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Estitxu Sudupek, Tolosako babarrun ekoizleak, adierazi du iazko ekoizpena eta salmenta mantentzea dutela helburu eta aurtengo eguraldi ona dela eta kalitate goreneko 20 bat tona babarrun biltzea aurreikusten dela.
  • Bi ekoizle berri batu dira Babarrun Elkartera eta guztira, aurten, 35 ekoizlek erein dute  Tolosako Babarruna. Elkartetik, gazteei Tolosako Bababarruna ereiteko gonbidapena luzatu diete sektorearen eta elkartearen etorkizuna bermatzeko belaunaldi berriak, gazteak proiektura batzea ezinbestekoa delako.

 

Tolosako perla beltzaren ereitearen atzean dagoen lana ikusarazi eta balioan jartzeko, elikadura balio katea osatzen duten eragile ezberdinek bisita egin dute gaur Gorridi baserriko sorora, bertatik bertara Estitxu Suduperen proiektua ezagutu, urteko ekoizpen aurreikuspenak azaldu eta babarrunaren landaketak ikusteko.

Bisitan parte hartu dute Babarrun Elkarteak, Babarrun Kofradiak, Babarruna eskaintzen duten sukaldariak, Gure Kaiola elkarteko kideak, Xarles Iturbe Tolosako Udaleko Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduraduna eta Imanol Zubelzu, ELIKER proiektuaren koordinatzailea.

Estitxu Sudupek eman ditu aurtengo zein iazko ekoizpenaren inguruko datuak. Azaldu duenez, iazko ekoizpena oso ona izan zen eta pasa den urteko babarruna oso ondo saldu zen. “Aurten eguraldi ona dugu eta babarruna kalitate gorenekoa izatea espero dugu iazko ekoizpena eta salmenta mantentzeko helburuarekin” azpimarratu du.

Guztira, Gipuzkoan zehar banatuta dauden 35 ekoizle daude. Tolosako Babarruna erein duten bi ekoizle berri batu dira aurten elkartera, bata tolosarra, bestea zumaiarra. Guztira, 20-21 hektarea erein dira, 265kg hazi eta aurreikuspenen arabera 20 bat tona babarrun biltzea espero da.

Babarrun elkartean ateak zabalik ekoizle berrientzat

Babarrun Elkarteko kideak, Xabier Goikoetxeak, azpimarratu du sektorearen eta babarrunaren elkartearen etorkizuna bermatzeko belaunaldi berriak, gazteak behar direla. Horregatik, babarrun ekoizle berriei-gazteei Tolosako Babarruna ereiteko gonbidapena luzatu die eta babarrun elkartearen ateak zabalik dituztela gaineratu du.

Sukaldariek berriz, Tolosako Babarrunaren kalitatea eta berezitasuna azpimarratu dute, bertako baserriek ekoiztua, hemengoa, “ez du zerikusirik beste babarrunekin” azpimarratu dute.

Elkarlanaren garrantzia etorkizuneko elikadurari lotuta

Elkarlana da elikadura katearen etorkizunerako giltzarria eta ELIKER Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren proiektu berriaren oinarria; izaera kolaboratiboa duen proiektu honek helburu duelako indarrak batzea, sinergiak sortzea eta elikadura katea lankidetzan jartzea, sektorearen erronkei erantzuteko helburuarekin. Horregatik, bildu dira gaur Tolosako Babarrunaren bueltako eragile guztiakGorridi baserriko soroan egindako topaketan.

Etorkizuneko elikadura ardatz hartuta, ELIKERek lankidetza aukera berriak sustatuko ditu,“aukera paregabea dugulako produktu berriak sortzeko, lehiakorragoak eta iraunkorragoak izateko, negozio eta salmenta eredu berriak sortzeko” adierazi du Zubelzuk. “Sektorearekin elkarlanean egungo zein etorkizuneko behar eta erronkei erantzun nahi diegu, horretarako abiatu dugu ELIKER, sektorea etorkizunean kokatzeko eta Tolosa gastronomiaren hiriburu etaerreferentziazko gunea bilakatzeko” esan du Xarles Iturbek.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA