- Casa Julian, Casa Nikolas, Burruntzi eta Botarri erretegiak urteotan izandako “ibilbideagatik eta Tolosari eskainitako jardunagatik” omendu dituzte.
- Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak Tolosako Muñagorri harategia ere omendu du “bertako produktuaren alde egindako 100 urte baino gehiagoko lanagatik”.
- Haragi topaketari buruzko informazio guztia www.haragi.eus -en.
Tolosako Udalak, Haragi, txingarraren eta haragiaren nazioarteko topaketaren baitan, herriko 4 erretegiei omenaldia egin die gaur, apirilak 28, Topic-en: Casa Julian, Casa Nikolas, Burruntzi eta Botarri erretegiak. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak Tolosako Muñagorri harategia ere omendu du.
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-en zuzendariak, eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak hartu dute parte.
Tolosako alkateak adierazitako eran, Tolosako erretegiek 60 urteotan izandako “ibilbideagatik eta Tolosari eskainitako jardunagatik” omendu dituzte: “izpiritu ekintzailea, etengabeko hobekuntza nahia eta izaera berritzailearekin egin dute lan: parrilla etzana sortu zuten, erretze teknikak, lehen idi txuleta erre, eta parrilari eman diote garrantzia: beren sukaldaritzaren muina izan da eta tolosarron nortasunaren parte bilakatu da/dute. Eta Tolosaren enbaxadore bikainak bilakatu dira”.
Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du sektore “estrategikoa” dela udalerrian gastronomia eta erretegiena konkretuki: “ekonomikoki zein sozialki da garrantzitsua: enplegu sortzailea da, aktibitate ekonomikoa sustatzen baitu: lehen sektorean, zerbitzuenean, turistikoan...”.
Baina guztiaren gainetik erretegien sekretua haizaratu du alkateak: “lana, kalitatea, tradizioa eta tratua. Bidelagun izango gara etorkizunean ere”. Oroigarriak emanaz eta agurra dantzatuz egin diete 60 urteko ibilbideari omen eta eskertza.
Baliatu nahi izan dute ere ekitaldia erretegietan lan egin duten emakumeak omentzeko: Casa Julianeko Izaskun Ayerbe, Casa Nikolaseko Masha Otxoteko, eta Burruntzi erretegiko Rosa Gutiérrez.
Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak Tolosako Muñagorri harategia ere omendu du. Bitor Oroz sailburu-ordeak esan bezala, Muñagorri harategia “instituzio” bat baita Tolasan: “belaunaldiz belaunaldi, Tolosan 100 urte baino gehiago daramatza kalitate goreneko okela aukeratzen bezeroei ahalik eta produktu eta zerbitzu onena eskaintzeko asmoz. Produktuaren kalitateari garrantzia eman dio beti, baina batez ere asko zaindu du jatorria. Alegia, eskaintzen duen haragia bertakoa, gertuko baserrietakoa izatea. Horren adierazle nagusi da Muñagorri harategia izan zela lehenego Eusko Label harategia orain dela 22 urte. Beti egin du apustu %100an bertakoarengatik, eta berriz ere aintzindari izan da Basque Label egitasmoan txertatzen; berriz ere lehenak izan dira, belaunaldi aldaketarekin bat eginez”. Bertako produktuaren alde egindako lana eskertu dio Oroz sailburuordeak.
Topic-ek, txontxongilo-sukaldari bana banatu die omenduei.
Ekitaldia Elene Arandia abeslariak eta German Ormazabal pianojoleak musikatu dute.
Haragi, txingarraren eta haragiaren nazioarteko topaketaren informazio guztia www.haragi.eus -en.