- 8.000 bisitari igaro dira Tolosa eta Larraitzeko turismo bulegoetatik uztaila eta abuztuan. Atzerriko, Estatuko eta Euskal Herriko bisitariak batez ere.
- Tolosaren kasuan urtean zehar igoera nabarmena izan da, baina bereziki adierazgarria udan: uztailean %50 igo da gurera bertaratutako bisitari kopurua, eta abuztuan %27.
- Okupazio tasa %80tik gorakoa izan da bataz beste udako hilabeteotan eskualdean: nekazalturismo eta landetxeak beteta; ostatuak %90 eta %99 artean.
- Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria: “Helburua argia da: kalitatezkoa eta jasangarria den turismoa, gure ondarea zaintzen duena eta eskualdearentzako onuraduna alor orotan”.
Tolosaldeak iaz baino bisitari gehiago jaso du 2018ko udan, 8.000 bisitari igaro dira Tolosa eta Larraitzeko turismo bulegoetatik uztaila eta abuztuan, eta tendentzia hori mantendu da ere urteko lehen sehilekoan. Atzerriko, Estatuko eta Euskal Herriko bisitari gehiago: katalanak eta madrildarrak gailentzen dira. Tolosaren kasuan urtean zehar igoera nabarmena izan da, baina bereziki adierazgarria udan: uztailean %50 igo da gurera bertaratutako bisitari kopurua, eta abuztuan, berriz, %27. Gainera, eskualdeko eskaintza arrakastatsua izan da, batez ere, Tolosa, Altzo, Alkiza eta Asteasun. Guztira 43 herrialdetako bisitariak jaso ditu eskualdeak uda honetan.
Datuok Santa Maria Elizan 1530etik 1900era Gipuzkoako Artxibategi Orokorra kokatua egon zen eta Gipuzkoako lehen armarria dagoen espazioan aurkeztu dituzte Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak; Nerea Letamendia, Tolosako Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak; Asteasuko alkatea Pili Legarra eta Alkizako alkate Jon Umerez; eta Garbiñe Alkiza Bide Bide jatetxe-alojamenduko langileak eta Xabi Gorrotxategi Casa Julian erretegiko kideak, sektorea ordezkatuz.
Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak udako denboraldiaren balantze “oso positiboa” gauzatu du: “okupazio tasa %80tik gorakoa izan da bataz beste udako hilabeteotan eskualdean. Nekazalturismo eta landetxeen kasuan, okupazio tasa urte hasieratik hona mantendu egin da, eta udako hilabeteetan beteta egon dira. Eta ostatuen eta landa ostatuen kasuan, %90 eta %99aren arteko okupazio tasa eman da uztaila eta abuztuan. Tolosan ekaina amaieran zabaldu zen Tolosako Udalak sustatutako alojamendua Euskal Herria Plazan: Bide Bide. “Eskaintza handitu da Euskal Herria Plazako alojamenduarekin, baina aldi berean, okupazio tasa igo egin da” azpimarratu du Nerea Letamendiak. “Tolosako alojamenduen kasuan, %85 eta %99-aren artean kokatu da okupazio tasa. Uztailean baino beteago egon da abuztuan, baina bi hilabeteetan oso tasa altuekin”. Egonaldia ere luzatu da iazkoarekin alderatuz: bataz beste 3 eguneko egonaldiak gauzatu dituzte eskualdean bisitariek, iazko 2,8aren aldean.
Tolosan urte hasieratik bisitari kopuruan gorakada eman da, eta tendentzia hori areagotu da nabarmen udako hilabeteetan: “bataz beste, udako hilabeteotan ia %40ko hazkundea izan dugu Tolosan -adierazi du Nerea Letamendiak- guztira 3.700 bisitari, iazko 2.600-en aldean. Atzerriko eta estatuko bisitari gehiago jaso dugu, bien artean kopuru osoaren ia %75a. Euskal Herriko bisitari ugari ere bertaratu dira: Nafar eta bizkaitarrak batez ere. Eta hor ere nabarmen igo da iaztik kopurua, ia laukoiztuz”.
Eskaintzan dago Letamendiaren iritziz igoeraren gakoetako bat. Santa Maria Elizako bisitak ia bikoiztu dira: iaz 1670 bisitari izan ziren; aurten, 2540. Zinegotziak adierazi du lanketa berezia gauzatu dutela Udaleko Turismo sailetik aurtengoan: “ikusita 2016tik 2017ra egon zen igoera, informazio puntu bat ezarri dugu Santa Maria Elizan. Nerea Iraola historialaria egon da bertan. Estatukoak izan dira bisitari gehienak eta europarrak ondoren. Ia 500 tolosarrak izan dira, eta pozgarria da oso hori”.
Topic Museoaren kasuan, ia 9.000 bisitari jaso ditu urteko lehen 8 hilabeteetan eta uztaila eta abuztuan nabaritu dute mugimendu gehiago; udako bi hilabeteetan iaz baino %12 bisitari gehiago. Bestalde, iaz Tolosako Alde Zaharreko eta azokako bisita gidatuetan parte-hartu zuten pertsonak nabarmen igo ziren, bereziki abuztuan, eta aurten mantendu egin da tendentzia hori. Udan 250 pertsonek gauzatu dituzte bisita hauek.
Ostalari, merkatari eta azokako baserritarrekin eskualdeko turismo teknikariek egindako eskuartzean sentsazio positiboa gailendu dela nabarmendu dute. Tolosan, esaterako, azoka traktore, bereziki larunbatetan, jende asko eta geroz eta atzerritar gehiago sumatu dute.
Alkizan Fagus Alkiza Hernio-Gazume Interpretazio Zentroak datu oso positiboak eskuratu ditu udan, eskuorri turistikoa tarteko. Altzon ere jende andana ibili da Altzoko Handiaren ibilbidean zehar. Eta Asteasun, Muskerraren Bideak bisitari ugari erakarri ditu, batez ere euskal herritarrak.
Turismoa, eskualdeko aktibitate ekonomiko garrantzitsua
“Helburua argia da: kalitatezkoa eta jasangarria den turismoa, gure ondarea zaintzen duena eta eskualdearentzako onuraduna ekonomikoki” du iritzi Olatz Peon Ormazabalek. Euskadik duen turismo hazkundea tarteko, eta Donostiara etortzen diren milaka eta milaka turistak Tolosaldeara etortzeko legealdi hasieratik lanean dihardutela gaineratu du “Donostiak duen erakarpena baliatuz, barneladeko turismoa bultzatuz. Estrategia horretan bat gatoz Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia zein Udalak”.
Horren adierazle da alkatearentzat eskualdean duen ondorio ekonomikoa: “turista batek Euskadin bataz beste eguneko 130 euroko gastua egiten duela aurreikusten da. Eskualdean ditugun plaza kopurua eta okupazio tasak kontutan izanik, turistek uda honetan ia 370.000€ utzi dituztela kalkulatzen dugu. Honi, egun pasa datozenen gastua gehitu beharko genioke”.
Eremu digitala erreferente
Agerraldian Olatz Peon Ormazabalek adierazi duenez, eskualde mailan zein Tolosan nabarmen sumatu da euskarri digitalen geroz eta erabilera handiagoa: “jendeak behin gure herrietako bat jomugan duenean, zein eskaintza dagoen nahi du jakin, bai alojamendu, jatetxe, ekitaldi...”
Bide horretan, Tolosaldeko web orriko erabiltzaileak eta saioak igo dira. Hizkuntza aldetik gehienak gaztelaniaz ikusten dute, gero ingelesez eta frantsesez. Erabiltzaile gehienak estatukoak dira eta gero frantsesak. Gehien begiratzen dituzten atalak agenda, Tolosa gourmet, jatetxeak eta bisita gidatuak.
Tolosaren kasuan aurtengoa da lehenengo uda turismo web orria martxan jarri zenetik, baina “oso erritmo ona” daramala adierazi dute: 4 hizkuntzetan dago informazio guztia, eta Tolosaldekoaren kasuan bezalaxe, alojamendu, jatetxe eta planen atalak dira ikusienak. Honekin bat, nabarmendu dute @tolosaturismoa sare sozialen (facebook eta instagram) errendimendu ona, “jarraitzaile kopurua gora doa eta ondorioz zabalkunde handiagoa”.
Fokoa bertan ezarria
www.tolosaldea.eus webgunearen posizionamendua hobetzeko ekintzak egin ditu Tolosaldea Garatzenek azken bi urte hauetan, eta web orria bera hobetu eta egungo tendentziei egokitzen jarraituko dutela adierazi du Olatz Peon Ormazabalek.
Altzon ere Altzoko Handiaren inguruan azken urte honetan dagoen interesak bultzatuta, bisita gidatuak, ostatua eta turismo bulegoa jarri dira martxan, eta horretan sakontzen jarraituko dute. Alkizan Fagus Alkiza Hernio-Gazume Interpretazio Zentroa egonaldi artistikoa burutuko dute irailean: 23 artista aurkeztu dira, eta bi beka emango dituzte, atzerritik asko. Irailak 21-22an jaduera zientifikoak antolatu dituzte Donostiako Aquarium-ean eta Alkizan. Eta Asteasun, berriz, Muskerraren bidearen ingurumarian jarraituko dute.
Tolosan urte hasieran, herriaren spot promozionala aurkeztu zen, baita turismo web orria eta turismoari dagozkion sare sozialak. Aurretiaz euskarri grafikoak ere berritu ziren (moleskinea eta mapa ezberdinak). Orain, www.tolosa.eus -en posizionamendua hobetzeko lanak burutuko dira, Tolosa sarean sustatzeko postalak ere kaleratu dira eta hilabete amaieran Donostiako Bus turistikoan Tolosaren publizitatea ezarriko da autobusaren atzealde osoan.
“Argia da egiten ari garen apustuak emaitza nabarmenak dakartzala. Guztiok era koordinatuan egungo garaien beharrei ari gara erantzuten” nabarmendu du Olatz Peonek.