Zientziaren ikuspuntutik aztertuko dute Tolosako azoka

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/01 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak ‘Zientzia azokan’ dibulgazio-ekimena jarri dute martxan, merkatuko ohiko produktuen atzean dagoen zientzia kontsumitzaile eta erosleei hurbiltzeko.
  • ‘Zientzia azokan’ erakusketa ibiltaria jarriko dute Trianguloan, eta hiru hitzaldi izango dira Topicen.

Ba al dakizu zein diren piperren etsai nagusiak? Babarruna, produktu tradizionala, bihurtu al daiteke etorkizuneko funtsezko elikagai? Zer lotura dago gazta on baten eta larreen kalitatearen artean?

Zientzia ere badago asteroko merkatuko produktu askoren artean. Ezagutza hori herritarrengana hurbiltzeko, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak Zientzia azokan dibulgazio-ekimena jarri dute martxan. Egitasmoak erakusketa ibiltari bat, hitzaldiak eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa eta tailer bat izango ditu. 

Jarduerak urriaren 5etik 19ra egingo dira Tolosako hainbat gunetan, hala nola Trianguloa plazan, Zerkausian eta TOPIC zentroan, Tolosako azaroko azoka berezi handien atarian.

Merkatuko zientzia, zazpi infografia handitan
Urriaren 5etik 19ra, Zientzia azokan erakusketa ibiltaria egongo da Trianguloa plazan. Zazpi infografiak osatzen dute erakusketa, euskaraz eta gaztelaniaz daude eginda eta formatu handikoak dira. Gure merkatuetan ohikoak diren produktuen atzean dagoen zientzia erakustea dute helburu. Batzuk astero ikusten ditugu (ogia, jogurta), eta besteak sasoikoak: gazta, babarruna, piperra, tomatea eta fruta.

Kaleko erakusketak elikagai horiekin lotutako hainbat gai zientifikoko jorratzen ditu, eta ezagutza hori herritarrengana hurbiltzea du helburu. Infografiak paneletan dauden QR kodeen bidez eta katedra.eus webgunearen bitartez ere deskargatu ahal izango dira. Eduki horietan oinarrituta, lehiaketa bat ere antolatuko da Tolosako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta. 

Gainera, Tolosako azokako Zerkausia gune historikoan larunbatero egoten diren postu batzuetako ekoizleek erakusketaren edukiak jasotzen dituzten diptikoak banatuko dizkiete merkatuan erosketak egitera datozenei.

Zientzia azokan EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren dibulgazio-proiektua da, eta laguntza jaso du Euskampus Fundaziotik eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailetik ere.
 
Piperraren, babarrunaren eta gaztaren zientziari buruzko hiru hitzaldi
Urriaren 6tik 8ra, TOPIC zentroan hiru hitzaldi izango dira, lurraldearekin lotura estua duten produktuen inguruko hainbat ikerketa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, Ibarrako piparra, Gernikako piperra, Tolosako babarruna eta Idiazabal gazta izango dituzte hizpide. Hitzaldiak agrobiologiaren, botanikaren eta gastronomia-zientzien arloko profesionalek eskainiko dituzte.

Urriaren 6an, asteartean, Mikel Ojinaga (NEIKER) ingurumen-agrobiologoak emango dio hasiera hitzaldi-zikloari. Ojinagak piperraren etsai nagusiei buruz hitz egingo du: lurreko onddoei eta birusei buruz.
Hurrengo egunean, urriaren 7an, asteazkena, Shuyana Deba (Leartiker) gastrozientzialariaren txanda izango da. Hitzaldian planteatuko du ea belaunaldiz belaunaldi gure mahaietan presente dagoen babarruna elikagai tradizionala ote den edo, aitzitik, etorkizunean funtsezko elikagai bihurtzeko ahalmena ote duen. 

Hitzaldi-zikloa urriaren 8an, ostegunean, amaituko da Arantza Aldezabal (EHU) biologoaren eskutik. Saioan, larre eta belardien zaintzaren eta kalitatezko gaztaren artean dagoen lotura azalduko du. 

Hiru hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta euskaraz izango dira. Bertaratu ezin direnek hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte Katedratik kanalean, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalean, hain zuzen.

Gazta nola egiten den ikusteko tailerra  haurrentzat
Programazioak urriaren 15ean, ostegunean, jarraituko du. Arratsaldeko 17:30ean, Idiazabalgo Aranburu Gaztandengiko Olatz Aranburu ingeniari agronomoak Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzako tailerra egingo du kultur etxean. Tailerra Tolosako Gazte Topagunearekin batera antolatuko da.

Olatz Aranburuk gazta egiteko prozesuaren lehen urratsak azalduko ditu eta gazta egiten hasiko da gaztetxoekin batera. Tailerrean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Tolosako Gazte Topagunean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA