Aldaban 12 aparkaleku berri sortzeko izapideak burutzen ari da Udala

Tolosako Udala
2018/06/19 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Aldabako lanek 36.000 euroko aurrekontua dute, BEZ barne, eta lanek hilabete t'erdi irautea dago aurreikusita. Urteko azken hiruhilekoan burutuko da obra.

  • Bedaion, auzoko jaiak igaro ostean, errepidea zabalduko da erdigunean, argiteria berritu eta edukiontziak kokatzeko gune berri bat eta 3 aparkaleku berri sortu; 150.000 euroko aurrekontua dute lanek.

Landa auzo ezberdinetan hainbat lan ari da burutzen Udala legealdi honetan: Aldabako frontoia eraberritu eta Urkizun 'Exola' bidea moldatu, autobus geltoki berri bat eraiki, eta edukiontziak eusteko babes estruktura berriak egin ostean, Aldaban eta Bedaion daude jarriak indarrak orain, landa auzoei dagokienean.

Hain zuzen, Bedaioko eraberritze lanak jada finkatuak dauden eran, Aldaban izapide fasean diraute. Lanen proiektua egina dago: 12 aparkaleku berri sortuko dira errepidearen inguruan, lerroan zein baterian. Argiteria egokituko da ere. Lanek 36.000 euroko aurrekontua dute, BEZ barne, eta hilabete t'erdi irautea dago aurreikusita. Urteko azken hiruhilekoan burutuko da obra.

Bedaioko errepidearen eraberritzea, auzoko jaien ondotik

Udalak, auzotarrekin bat, egin berri du Bedaioko eraberritze proiektua. Errepidea zabalduko da erdigunean metro bat, 4,5 metrotik 5,5 metrora, argiteria berritu, edukiontziak kokatzeko gune berri bat sortu eta bertatik libre geratzen den gunean, 3 aparkaleku berri sortzeaz gainera. 150.000 euroko aurrekontua dute lanek eta Bedaioko festak pasa ondoren dago aurreikusia hastea.

Errepidearen egokitzea, Bedaioko sarrera txukunketaren bigarren fasea litzateke, 2015-16an gauzatua.